Loinatz jaiak aurten maiatzaren 10etik 19ra izango dira eta iragarriko dituen kartel irabazlearen egilea Izaro Erauskin Altuna ataundarra izan da eta haurrenean Andramendi ikastolako Izei Apaolaza Aranguren

Andramendi ikastolako haurrek eta Bareak elkarteak piztuko dute jaien hasierako suziria eta gauean Mariren jaitsiera edonon jarraitu ahal izango da zuzeneko emanaldian udalaren youtubeko kanaletik

Bulego taldearen kotzertua maiatzaren 11an izango da eta alkateak jaiak, arduraz, errespetuz eta gizalegez gozatzeko deia egin du

Aurtengo Loinatz jaien kartela eta egitarauaren xehetasunak eman dituzte udal ordezkari, teknikari eta zenbait partaidek. Aurkezpenean Leire Artola alkatea, Mariola Pascual kultur zinegotzia eta Amaia Gomez de Segura kultur teknikariarekin batera, kartel lehiaketako irabazleak eta Muxutruk herriko musika taldeko ordezkariak bildu dira. Egitarauaren ardatza betiko ekitaldiek osatzen badute ere berrikuntzetan egin dute azpimarra. 

Alkateak beste behin, herritarrak eta elkarteek osatzen duten jaietako batzordearen lana eskertu du. Partehartzea eta lankidetza oinarri hartuta, jairik ez legokeela beraien ahalegin eta borondaterik gabe garbi utziz. “Gure nortasunaren ikur diren tradizioak eta ohiturak berrituko dira beste urte batez beti ere berrikuntzekin nahastuta. Horretan ahalegin berezia egin nahi izan du Udalak ekitaldiei ikusgarritasuna emateko helburuarekin” gaineratu du. 

Ildo beretik, jaiez gozatzeko moduari dagokionez, normaltasunez igaro daitezen, gizalegez, banatzen gaituenari baino batzen gaituenari garrantzi gehiago emanez eta denok batera elkarrekin Beasain bizigarriago baten alde egiteko eskaera luzatu du. Arduraz eta errespetuz, jokaera oldarkorrak alde batera utzi eta eraso sexistak salatu eta baztertu daitezela eskatu du. Eta egun hauetan, kontsumo arduratsuaren alde egin du baita ere.  

Mariren jaitsiera mundura

Mariola Pascual, kultur zinegotziak, aurtengo jaiak eta egitarauaren azala iragartzeko kartel irabazlea eta egilea zein izan diren azaldu du. Ataungo Izaro Erauskin izan da egilea. Azalean Mari agertzen da eta honen soineko azpian agertzen dira jaietako irudi esanguratsuak. Haurren mailan Andramendi ikastolaren izenean Izei Apaolaza Arangurenek egindakoa izan da aukeratua eta egitarauan txertatu da. Aipatu, egitaraua etxe guztietara banatzen hasi dela eta norbaitek jaso ez balu Igunean eskuratu ahal izango duela. Horretaz gain, udalaren web atarian ere zintzilikatua egongo da. 

Egitarauan nabarmentzekoak aipatzen hasi aurretik, jaiei hasiera ematen dien ekitaldi ikusgarriena sare sozialen bidez zuzenean emitituko dela aurreratu du Mariola Pascualek. Mariren jaitsierak sortzen duen ikusmina dela eta, udalaren youtube kanaletik emateko aukera aztertu eta ontzat eman da. Plaza lepo egoten da, ekitaldiak sekulako parte hartzea du eta mundura zabaltzea interesekoa dela ondorioztatu da. 

Edonon, pantaila bat eta internetarako konexioa dagoen tokian, zuzenean ikusi ahal izango da. Beasainen bertan, etxeetan eta tabernetan eta Beasaindik kanpo dauden beasaindarrek ere ikusi ahal izango dute. Baita ondoren ere, grabatua geratuko baita. Udalerriko pantaila digitaletan ere ikusiko da. 

Zaratarik gabeko ordua

Haurrek emango diote jaiei hasiera danbatekoarekin, aurten Andramendi ikastolakoek Bareak elkartearen laguntza izango dute elkartearen 20garren urteurrena betetzen dela eta. Maiatzaren 10ean 18:00etan izango da. Nabarmentzekoen artean “Zaratarik gabeko ordua” ekimena ere izango da. Aniztasun funtzionala duten pertsonen alde, mozorroen egunean ezik, barraketako musika etengo da egunero ordu betez 18:00etatik 19:00etara. Haurrentzako puzgarrien egunetan ere berdin. 

Bulego taldea Bideluze plazan

Musikari dagokionez, Bulego talde azkoitiarrak bere azken lana aurkeztuko du maiatzaren 11an gauerdian eskainiko duen doako kontzertuan. Honen aurretik Pho Bo herriko taldea izango da eta egun bat lehenago Beasaingo Muxutruk erromeri taldea. Muxutruk taldeko ordezkariak aurkezpenean azaldu dutenez, bost urte betetzen dira lehenengoz Beasainen jo zutenetik eta sorpresa bat prestatuta dute kontzerturako. Datozen egunetan jakinaraziko dute euren sare sozialetan. Bigarren ostiralean Puro relajo taldearen kontzertua izango da Bideluze plazan. Gainerakoan jaietako musika eskaintza talde hauekin osatuko da: Rockalean, Itzal erromeri taldea, Café irlandés, DJak, Oihan Vega, Dj Aitana Grandes eta UT! taldea. Hauez gain, txistulariak, gaiteroak, Loinatz udal musika eskolako banda eta trikitilariak ez dira faltako. 

Danborrada egunean haurren danborradaren irteera izango da lehena. 18:45ean helduen danborradarekin bat egingo du Loinazko San Martin plazan eta zenbait pieza joko dituzte elkarrekin. Tartean, Peio Irizarrek anaiari eskainitako “Martintxo” izango da. Ondoren 19:00etan plazatik irtengo da helduen danborrada bere ibilbidea osatzeko. 

Ohiko ekitaldiak, tradizioarekin lotura dutenak, eta kirol jarduerek bere lekua dute egitarauan; sokadantza (agintari, haur eta helduena), asteleheneko prozesioak, pilota txapelketa herrikoiak, koadrilen arteko futbitoko finala, arrantza lehiaketa, xake jokaldiak, haurrentzako jolasak, astearteko azoka berezia, bertso-saioak, elkarteen arteko sukaldaritza lehiaketa, dantza topaketa, herri kirol jaialdia, Xaibor-en ikuskizuna eta beste hainbat. Beasain Jaietan aldizkariak bere hitzorduari ez dio hutsik egingo eta salgai jarriko du 2024ko alea. 

Prebentzioa eta oharrak

Herritarren eta bisitarien ongizatea bermatzeko helburuarekin aurtengo jaietan ere prebentzio kanpainak errepikatuko dira. Alkoholaren kontsumo arduragabea, indarkeria sexista eta lapurretak saihesteko gomendioak zabalduko dira.

Drogen inguruko Testing programa eta indarkeria sexistari buruzko informazio mahaiak egongo dira ordutegi ezberdinetan. BotilTZAR edo BotilTXAR egitasmoa ere mozorro egunean burutuko dute.

Aholku eta mezuei arretaz jarraitzeko gomendioa egin dute udal ordezkariek jaiak zoritxarrik gabe ahalik eta gehien disfrutatu ahal izateko. Alkateak Udalaren ahalegina aipatu du nabarmenduz kale garbiketa zerbitzua indartuko dela eta udaltzaingoak ematen duen zerbitzua ere asteburuetan 24 orduz eskainiko da. Etxerako bidean doazenentzako zaintza lana egingo dute. Hartara, jaiak ongi burutu daitezen lanean ari direnentzako errespetua eskatu da. 

Banderak eta zapiak jaiak girotzeko

Bestalde, jai giroa pizteko eta aldarrikatzeko, herritarrei ere dei egiten zaie etxeetako balkoietan Beasaingo bandera zintzilikatzeko. Banderak 6 eurotan eta lepoko zapiak 3 eurotan honako saltokietan egongo dira salgai: Alzuaran, Anitz, Argi Optika, Arkupe Kafetegia, Arnedoko Txokoa, Bambora Edertasun Naturala, Blues, Cortes, Farmabi Parafarmazia, Foto Alzuri, Natxo belardenda, Dietetika, J.M. Imaz, Jauregi Optika, Kaxola, Kuluska, Kux-Kux, Labores Otea, Mercería Marijose, Migdäla, Mirari Mertzeria, Mujika Txirrinduak, Ogiberri, Otxoa D`Alaiza The Backstage, Ouka, Pergola, Plazape Taberna, Tres Sesenta Ileapaindegia, Truk, Txomin Zubeldia eta Xalo. 

IMG 2306

Udaberriari dagokion lehen produktuak negu hondarrekoekin tartekatuko dira salmenta postuetan 

Tailerraren garaian, Hazi ta Heziko artisau lanak izango dira ikasgaia

Bertako eta garaian garaiko produktuak eskuratzeko hileko lehen larunbateko azoka maiatzaren 4an izango da. Negu sasoiko elikagaien eskaintzari udaberriko lehen barazkiak gehituko zaizkio. Honela,  azalorea, brokolia eta porruaz gain, udaberri hastapen honetako baba, ilarra, kalabazina, udaberriko aza eta letxugak egongo dira salgai.

Barazkiez gain, beste produktu batzuk saltzen dituzten postuak izango dira Loinazko San Martin plazaren azpian: eztia, ogia, loreak eta landareak, tartak eta gailetak eta haziak.  Beraz, poltsa bete produktuz etxera joateko moduko azoka izango da. Tailerraren orduan, Hazi ta Heziko Jenny artisauak gozo-eltzeak (piñatak) egiten erakutsiko du. 

Jennyk Beasaingo Oriamendi kalean duen establezimenduan oihalezko poltsak, motxilak, zapiak, oihalak…  saltzen ditu eta horretaz gain, ikastaro desberdinak eskaintzen ditu. Kalitate handiko produktu ekologikoak eta haien  diseinuak egiten dituzte. Erabilitako materialak funtsezkoak dira produktuak ingurumenarekiko errespetuzkoak izan daitezen, horregatik produktuak fabrikatzeko kotoizko ehun organikoak, lihoa, banbua ... erabiltzea lehenesten dute

Oraingoan bertako produktuen azokan ere tailerra eskainiko die gerturatzen direnei 11:30ean hasita.

Bonuek jarraitzen dute

Bestalde, Udalak azoka sustatzeko atera dituen bonuak azoka honetan ere salgai jarriko ditu. 20 euroko bonuak dira eta erosleak 10 euro ordaindu behar ditu. Erosle bakoitzak gehienez ere bi bonu eros ditzake.

Egitaraua

Larunbat honetako azokako egitaraua, hau izango da:

  • 10:00 Bertako produktuen azokaren hasiera.  
  • 11:30 Gozo-eltzeak egiten ikasteko tailerra Hazi ta Hezi establezimenduko Jennyren eskutik.
  • 12:00 Loinatz Musika Eskolako trikitilariek eta pandero joleek azoka girotuko dute.   
  • 13:30 Azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa azokan erosketak egindakoen artean.  
  • 14:00 Bertako produktuen azokaren amaiera.

Bertakoa eta garaian garaikoa bultzatzea

Bertako ekoizleen eta baserritarren lana balioan jarri eta  kontsumitzaileek azoka eta bertako produktuak ezagutu eta horiek kontsumitzeak dituen onurak ezagutzera eman eta sustatzea da udalaren helburua. Era berean, bezero gazteak erakartzea eta harremanak sustatzeko topagune izatea ere bada asmoetako bat, azokak berarekin dituen onurek iraupena izan dezaten belaunaldi berrien artean.  

 

Beasaingo Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Fundiciones del Estanda enpresaren arteko hitzarmenari esker,  Udalak trantsizio energetikoaren bidean aurrerapausoa emango du

Ekimen aintzindari honen eskutik, kiroldegiko gasaren gastua erdira jaitsiko da, urteko CO2 isuriak 40.000kg-tan gutxituko dira eta udal inbertsioa 6 urtetan amortizatuko da 

Bide segurtasuna hobetzeko helburuaren barruan, bero-sare hoditeria instalatzeko lanak Antzizargo biribilgune berriaren eraikuntzarekin koordinatuko dira 

Beasaingo Udalak legealdi honetarako ezarrita dituen helburu nagusien artean aurkitzen da energia jasangarrien aldeko apostua egitea. Ingurumenaren zaintza eta klima aldaketari aurre egiteaz gain, energia kostuak gutxitu eta udal eraikinen energia beharrak autokontsumoaren bidez asetzeko helburua bete nahi du. Hori horrela, esku artean zuen ekimen garrantzitsuenetako bat gauzatzeko lehen urratsa eman du. 

Proiektuak Beasaingo Fundiciones del Estanda S.A. enpresako fundiziorako labeek sortzen duten bero-hondarraz baliatuz, Antzizar kiroldegian erabiltzen den ura berotzea du xede. Forjek eta fundizioek bero-kantitate handiak erabiltzen dituzte metalak urtu eta piezak ekoizteko. Bero hau ezin bada enpresaren barne prozesuetarako berrerabili, proportzio handi bat alferrik galtzen da eguratsera askatzean. “District Heating” edo “hiri-berokuntza” deituriko sistema baliatuz, egun galtzen den bero hori labeetako hozte-dorrean jaso eta kiroldegiruntz bideratuko da hoditeria berezi baten bitartez.

Aldundiarekin elkarlanean garatutako proiektu honi esker, Fundiciones del Estanda S.A. enpresan galtzen den bero-energia, Antzizar Kiroldegiko energia beharrarekin lotuko da, hortik hiru aldeen arteko lankidetza hitzarmena sinatzearen beharra.

Eta hori da azken osoko bilkuran aho batez onartu dena. Honela, kiroldegiko ura hodien bidez Estandako hozte-dorreetara bideratuko da han berotu eta berriro kirol instalakuntzetara ekartzeko.   

Bide segurtasuna hobetu

Eremu berean, Antzizargo bidegurutzea biribilgune bihurtzeko proiektua egiteko asmoa zegoen. Behin Estanda lantegiko bero-hondarra aprobetxatzeko proiektua martxan jartzeko adostasuna lortuta, bi lanak aldi berean koordinatu ahal izateko batera egiteko aprobetxatuko da. 

Kiroldegia eta Estanda lantegiaren artean aurkitzen den bidegurutzea trafikoaren ikuspegitik puntu beltza izan da betidanik. Bide segurtasunari dagokionez hobekuntza nabaria izango da, trafikoa hobetu eta ibilgailuek Beasainera sartzerakoan dakarten abiadura moteltzea eragingo bait du. Ura berotzeko hodiak leku batetik bestera ezartzeko lanak eta biribilguneko obrak batera egingo dira ondorioz.

Energia kontsumo kostuen gutxitzea

Ur-bero sare berriari esker, kiroldegiaren egungo gas kontsumoa %54an jaistea aurreikusten da; urteko 43.000 Kg CO2 baino gehiago atmosferara ez isurtzea lortuz. Honek, klima aldaketari aurre egiteko udal helburuarekin bat egiten du bete betean.

Egungo kiroldegiko energia kostuen arabera, Udalaren ekarpena 6 urtetan amortizatuko da. 6 urteak pasa ondoren, urtero 60.000 euro aurreztuko dira energia gastuan, eta horri esker azpiegiturak berrituko dira.

Gauzatu beharreko proiektuak bere osotasunean, honako aurrekontu hauek ditu: Estanda barnean egin beharreko lanak 242.000 euro; Antzizar kiroldegiko beroa sortzeko makina-gela aldatzeko proiektua 560.000 euro. Biribilgunea eraikitzeko eta hoditeria sistema Beasainen txertatzeko proiektua 260.000 euro. Hau da, guztira 1.062.000 euroko inbertsioa izango da eta Beasaingo Udalak 385.500 euro finantzatuko ditu (kostu ososaren %36,2). 

Osoko bilkurako beste hainbat gai

Jendaurrean azken aldiz egon ondoren eta aurkeztutako alegazioak ebatzita, behin betiko onartua izan da TAO ordenantza berria. Bozketan, udal gobernua (EAJ -9-) alde agertu da, EHBildu -6- eta Elkarrekin Podemos -1- abstenitu eta PSE -2- aurka. Ondorioz, datorren urteko urtarrilaren 1etik aurrera indarrean izango da ordenantza berria.

Apirileko osoko bilkurako gainerako gaien artean dirulaguntzak emateko hainbat oinarri aurkitzen ziren. Aho batez onartu ziren, mendekotasuna edo desgaitasuna duten pertsonek estimulazio/errehabilitazio programak egiteko laguntzak, Coworking gunea erabiltzeagatik emateko laguntzak eta kultur sorkuntza dinamizatzeko laguntzak. Lankidetza programetarako aurtengo aurrekontuetako diru-sarrera arrunten %1aren banaketa eta garatze bidean dauden herrialdeei zuzendutako larrialdietarako edo ekintza gizatiarrentzako laguntzen oinarrietan alde bozkatu zuten EAJ -9-, PSE -2- eta Elkarrekin Podemos -1- eta EHBildu -5- abstenitu egin zen. 

2030 arteko Beasaingo klima eta energia jasangarrirako ekintza plana aho batez onartu zen. 

Estatu Batuetatik euskal diasporako 16-25 urte arteko gazteak etxean hartuko dituzten familiak behar dira

Hiru asteko egonaldia izango da, ekainaren 22tik uztailaren 14ra. Astebitartean lotarako eta asteburuetan familiekin egotea dira betekizunak  

Ekimen honen inguruko informazio osoa apirilaren 29an, 19:00etan Igartzako jauregian egingo den bileran emango da

Estatu Batuetako euskal diasporako gazteak hiru asteko egonaldia egitera etorriko dira aurten ere Goierrira udan. 16 eta 25 urteko gazteak izango dira, eta goierri zein Beasaingo familietan egingo dute lo. Aurten 53k eman dute izena, eta orain, etxean gazte hauek hartuko dituzten familiak behar dira.

Euskal diasporarekin zubiak eratu

Aukera berriez jositako edizio honen helburuak argiak dira: familien eta euskal jatorria duten gazteen arteko loturak sortu, sendotu eta bizitza guztirako zubiak eratu. Horregatik, Beasaingo eta Goierriko hainbat udalerritako familiei deialdia zabaldu nahi zaie euskal estatubatuar gazte bat etxean hiru astetarako hartzeko. Euskal Diasporako gazteekin harremanak sortzeko aukera paregabea da etxekoenztat, ahaztuko ez duten esperientzia bizitzeko.

Gazteak hiru astetan egongo dira familien etxeetan lotan; astelehenetik ostiralera, goizetan euskara eskolak izango dituzte Maizpiden, eta arratsaldetan, etxeko gazteekin tailerrak antolatuko ditugu. Asteburuak libre geratuko dira familia bakoitzak bere planak gaztearekin egiteko. Ia gazte denek dute euskal arbasoren bat; horregatik, askorentzat lehen aldia izanik, ilusio handiarekin etortzen dira, euskara ikasteko eta kulturan murgiltzeko gogoz. Gainera, etxeko gazteek ere ingelesa praktikatzeko aukera izango dute. Ekainaren 22an hasi eta uztailaren 14ra arte luzatuko da aurtengo hiru asteko edizioa.

Aipatu beharra dago deialdia ez dela soilik gazteak etxean dituzten familiei luzatzen; orotariko familiak bilatzen dira, esperientzia bizi nahi duten guztiak gonbidatzen dira. Bestetik, ez da soilik Goierriko familientzako deialdia, ondoko herrietara ere zabaltzen da proposamena.

Informazio bilera

Horregatik, informazioa helarazteko aurkezpen bat antolatu da datorren astelehena, apirilak 29, arratsaldeko 19:00etan Beasaingo Igartzako jauregian. Jakin, aurreko urteko familiak hurbilduko direla beraien esperientzia kontatzeko eta sor litezken zalantzak argitzeko.

Goierriko Udalen, Gipuzkoako eta Bizkaiko Diputazioen, Nafarroako Gobernuaren, NABOren (North American Basque Organizations), Eusko Jaurlaritzaren, Goiekiren eta Maizpideren babesarekin, Batzen elkartea da proiektuaren sortzailea. Beasain eta Goierri euskal diasporan txertatu behar dira.

Izena emateko webgunea: https://www.ateakireki.eus/

Kontaktua: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.