Etxebizitza eskuratzea erraztea eta ondorioz, emantzipazioa sustatzea da laguntza hauen xedea

Establezimendu bat erosteko, alokatzeko edo eskualdatzeko aurtengo laguntzak emateko oinarriak ere onartu ditu Udalak

Beasain-Ormaiztegi bidegorria LED teknologiarekin argiztatzeko lanak kontratatu zituen gobernu batzordeak

Beasaingo Udalak etxebizitzaren alorrean 18-35 urte bitarteko gazteei eta mugikortasun urria dutenei etxebizitza alokatzeko erraztasunak ematea helburu izanik, etxebizitzen alokairurako dirulaguntzak emateko oinarriak onartu ditu. Herritar sektore ezberdinen egoera eta beharrak kontutan hartuta, horiei erantzun eraginkorra emateko erabakia hartu eta laguntza hauek banatzeko prozedura abian jarriko du honela. Erabakia, azken osoko bilkuran onartu zen EHBildu taldearen abstentzioarekin eta gainerako alderdien aldeko botuarekin. 

Kolektibo hauetan arreta jarriz, beraien testuinguru eta baliabide ekonomikoak kontuan hartuta, etxebizitza eskuratzea erraztea eta ondorioz, emantzipazioa sustatzea da laguntza hauen xedea. Dirulaguntza hauek bateragarriak izango dira Eusko Jaurlaritzak berriki onartu dituen Emantzipa programako laguntzekin . 

Izan ere, egungo gazteen arazo handienetako bat emantzipatzeko ezintasuna da. Lan-baldintzak, diru-sarrerak eta etxebizitzaren prezio altuak asko zailtzen dute bizitza autonomoa hastea. Mugikortasun urria dutenek ere etxebizitzaz aldatzeko edo euren egoerari egokitutakoa lortzeko bidea erraztea ere bada asmoa.

Diru laguntza hauek banatzeko ekimenarekin helburu hirukoitza lortu nahi da; gazteen emantzipazio bidean laguntzea, mugikortasun urriko pertsonek oztopo arkitektonikorik gabeko etxebizitzak izatea eta etxebizitza hutsen merkaturako sarbidea sustazea. 

Tokiko merkataritza biziberritzeko laguntzak 

Aurtengo ekitaldirako osoko bilkuran onartutako dirulaguntza lerroen artean, merkataritzari zuzendutakoak ere aurkitzen dira. Merkataritza sektorea biziberritzeko dirulaguntzak onartu ziren EHBilduren abstentzioarekin eta gainerako alderdien aldeko botuarekin. 

Hutsik dauden lokalak martxan jarri eta negozioen jarraipena bultzatzeko laguntzak dira. Establezimendu bat erosteko, alokatzeko edo eskualdatzeko orduan jarduera irekitzeak dakartzan gastuak gutxitzen lagundu nahi da eta bide batez, udalerriko establezimenduak irekita mantentzea.

Funtsean, bi dirulaguntza lerro jarriko dira martxan: oraindik martxan dagoen eta eskualdatu nahi den negozioa alokatzeko edo erosteko laguntzak. Eta bestetik, hutsik dauden lokalak alokatzeko edo erosteko dirulaguntzak. Informazio gehiagorako Udalera jo daiteke (Igunea).

Bidegorria argiztatzea

Beasain – Ormaiztegi bidegorrian led kaleargiak hornitu eta muntatzeko lanen kontratazioari onespena eman dio gobernu batzordeak. Asko dira egunerokotasunean bidegorri hau erabiltzen duten herritarrak goizean goiz edota eguneko azken orduetan lanerako joan-etorria bizikletaz egiteko. Baita ibilbide hau aisia garaian erabiltzen dutenak, korrika egin edo patinatzeko besteak beste. Esku-hartze honekin, bizikleta eta oinezko mugikortasuna sustatzeko baldintza hoberenak eskaini nahi dira, ibilbidea atsegina eta segurua izan dadin. 

Guztira 46 argi-puntu jarriko dira, zehaztu den bidegorriaren zatia behar bezala argiztatzeko. Lan hauek eskaripeko semaforo bat txertatzeko ere baliatuko dira, Ittola poligono parean, bertatik edo bertaruntz zeharkatu nahi duten oinezkoek segurtasun baldintza egokietan egin dezaten. Lizitazio prezioa 174.989,28 eurokoa da, BEZ barne.

Osoko bilkurako beste gaiak

Otsaileko osoko bilkuran onartutako gaien artean honako hauek aurkitzen dira: dirulaguntzak emateko onartutako oinarrien artean, aho batez onartu ziren udalerrian emakume eta gizonen arteko aukera berdintasuna sustatzen duten elkarteentzakoak; Kultura, kirola edo genero berdintasunera edo kontziliazio erantzunkidera zuzendutako ekintza edo jardueretarakoak; bertako produktuak merkaturatzeko eta kontsumoa sustatzekoak; XXVII. Igartza literatura bekara zuzendutakoa (%66ko igoera diru-sarian), eta gizarte izaerako laguntzena.  San Inazio eta Esteban Lasa kaleak berrurbanizatzeko proiektuko obrak esleitzeko proposamena onartu zen, PSE eta Podemos taldeen abstentzioarekin eta gainerako taldeen aldeko botuarekin. Construcciones Otegui-Gaztañaga S.L. enpresari esleitu zaizkio 2.548.960,64 euroan, BEZ barne.

Beasain etxebizitza gune tensionatua izendatzearen inguruko mozioa aurkeztu zuten EHBildu eta EAJ-PNVek. Bigarrena izan zen onartua.