Zuhaitz eguneko landaketan parte hartu dute herriko lau ikastetxeetako ikasleak udal ordezkariekin batera

Ingurumena babestu eta zaintzeko helburuak duen garrantzia zabaltzeko konpromisoarekin lotuta dagoen ekitaldia errepikatu dute udal ordezkariek herriko ikasleekin. Murumendi Eskola, La Salle, Andramendi ikastola eta Alkartasuna Lizeoko ikasleekin burutu dute zuhaitz landaketa Leire Artola alkateak eta Adur Ugartemendia alkateordeak. Udalak Beasaingo gazteengan eragin nahi du ingurumenarekiko sentsibilizazio eta errespetuan sakontzeko. Era berean, ekimen honekin Garapen Jasangarriko helburu hauek betetzen dira; hiri eta komunitate jasangarriak sustatzea eta klimaren aldeko ekintza eta lehorreko ekosistemetako bizitzan eragitea. 

Hori horrela, aurten ere Sagastiguti parkea aukeratu da zuhaitz landaketa egiteko. Guztira, ikasle adina zuhaitz landatu dituzte Beasaingo herri-gunetik gertu dagoen aisialdirako gune berde honetan, orotara 23 urki. Ikasle gehienak lehen hezkuntzakoak izan dira.  

Udal zerbitzuetako arduradun eta langileek lagunduta, ikasleek banan banan kokatu dituzte aldez aurretik egindako zuloetan zuhaitzak. Zuhaitz egunaren baitan burututako ekimenarekin gaztetxoak natura babestu eta zaintzeak duen garrantziaz kontzientziatu nahi dira. Ingurune berde eta zainduak sortu eta mantentzea du helburu Udalak eta horretan eragin du gaurko zuhaitz landaketak.   

Ekimena hasi aurretik, alkateak ingurugiroa eta honen babesa egungo eta etorkizuneko erronka direla adierazi du. Izan ere, Klima Aldaketaren ondorioek bereziki eragingo die datozen belaunaldiei eta ezinbestekoa suertatzen da gaurtik pauso irmoak ematen hastea. Legealdi planaren ardatz nagusietako bat izanda, Udalak lanean jarraitzen du berebiziko garrantzia duen gai honi lotutako ekimenak aurrera eramanaz. Besteak beste, datozen urteetako proiektu eta esku-hartzeak egituratuko dituen Energia eta Klima Aldaketaren Aurkako plana. Horretaz gain, aurtengoan, ibaien garbiketa eta landare espezie inbaditzaileen erauzketa proiekturari jarraipena emango zaio.

zuhaitz landaketa 2024 2

zuhaitz landaketa 2024 3

zuhaitz landaketa 2024 5

zuhaitz landaketa 2024 6

zuhaitz landaketa 2024 7

zuhaitz landaketa 2024 8

zuhaitz landaketa 2024 1