Lizar Begoña Madariagak “Mundu zitalaren kontra” liburua aurkeztu du Igartzan eta aldi berean, Igartza Literatur Sorkuntzako Bekaren 27garren edizioan idazle gazteei parte hartzeko deia zabaldu zaie. Diru-saria 6.000 euro izatetik 10.000 euro izatera pasa da

Idazle gazteen XXV. Igartza Literatur-sorkuntzako bekaren lan irabazleak argia ikusi du. 2022an “Itzalkinak eguzkitan” izenarekin saritua izan zen proiektua, garatu, landu eta ondu ostean, “Mundu zitalaren kontra” titulupean aurkeztu du Lizar Begoña Madariagak; goizean Donostiako Elkar argitaletxearen egoitzan eta arratsaldean Beasaingo Igartzako jauregian.  

Idazle gazteei zuzendutako Igartza Literatur Sorkuntzako Beka Sariari esker ondutako lehenengo eleberria da egile sopelarrarentzat. Kontakizunean Benidormen kokatu ditu bi belaunaldi ezberdinetako bi emakume; bertakoa bata eta bizkaitarra bestea. Bien egunerokotasuna isladatzen da eleberrian.  Kontakizunaren inspirazioa edo jatorria, Martin Parr argazkilariak Benidormi buruzko argazki segida bat izan zela esan du eta liburuaren azala Ainara Alkortak ere horretan inspiratuta egin du.

Liburuaren aurkezpenean idazle sarituaz gain, Beasaingo alkatea Leire Artola, Elkar argitaletxeko arduraduna Xabier Mendiguren eta CAF enpresako euskara arduraduna Bianditz Iraola izan dira.

Aurkezpenean, Artola alkateak, bekaren garrantzia eta balioa azpimarratu du. “Beasaingo Udalak kultur proiektu anitz aurrera eramaten baditu ere, beka altxor bat da. Beasain euskal mapan kokatu du eta euskal literatur sorkuntzaren erreferentea da”. Alez ale uzta oparoa dela gaineratu zuen helburu argi eta zehatz batekin; “sormena eta euskara batuz, gure hizkuntza hilezkor izaten laguntzea”.

XXVII. ediziora aurkezteko deia

Beasaingo Udalak, Beasaingo CAF (Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles) enpresaren babesarekin eta ELKAR argitaletxearen laguntzarekin, euskal kultura zabaldu eta idazle gazteen lanari laguntza emateko asmoz sortutako beka da hau. Idazle gazteentzako aurtengo Igartza Literatura Sorkuntzarako Bekak irekita dauka proiektuak jasotzeko epea. Oinarriak Udalbatza osoaren oniritzia jaso eta argitaratu ostean, idazle gazteek ekainaren 30era arte dute euren proiektuak aurkezteko epea. 

XXVII. edizioan parte hartzeko baldintza nagusiak hauek dira: 35 urte bete gabe izatea, aurretik lan argitaraturik izatekotan helduentzako bi liburu baino gehiago ez izatea, aurreko edizioetako Igartza Beka sariaren titularra ez izatea, narratibako lanak izatea -eleberria  edo ipuin-bildumak- eta lanak jatorrizkoak eta euskaraz sortuak izatea.

Diru-saria hazi da

Edizio honetarako epaimahaia Irati Jimenez Uriartek, Garazi Kamio Anduagak eta Olatz Mitxelena Larretak osatuko dute. Proiektuak aurkezteko udaletxeko sarrera erregistro ofizialean Igunean edo on line erregistro elektronikoa erabiliz www.beasain.eus helbidean egin beharko da. Jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien artean irabazlea zein den epaimahaiak erabakiko du 2024ko irailean. Edizio honetan bekaren saria 6.000 eurotik 10.000 eurora hazi da. Urteetan sariaren kopurua bere horretan mantendu da, baina aurten beka-sari hau antolatzen eta babesten duten hiru aldeek adostasunez, kopurua haztea erabaki dute. 

Igartza literatura bekak bi hitzordu nagusi izaten ditu urtean; bata liburu irabazleak argia ikusten duenean eta bestea bekaren irabazlea jakinarazten denean. Izan ere bekaren irabazlea jakitean honek ia urtebeteko epea izaten du proiektua garatu eta ontzeko. Une honetan lantze eta ontze bidean dago Irati Irizar Alvarezen "Ilargi kutsadura" proiektua, XXVI. edizioko irabazlea.  

igartza liter beka liburu 2024 3

igartza liter beka liburu 2024 3