Beasain, Ordizia eta Lazkaoko Udalak 2010az geroztik urtero elkarrekin antolatzen duten kanpainari esker handituz doa euskaraz aurkezten diren aitorpenen ehunekoa

2023ko Errenta aitorpena egiteko garaia iritsi zaigu. Hori dela eta, herritarrek aitorpena euskaraz egin dezaten animatzeko Errenta aitorpena euskaraz, Ogasunarekin euskaraz! kanpaina antolatu dugu Beasaingo, Lazkaoko eta Ordiziako Udalok elkarlanean.

Aurtengo kanpainaren aurkezpenean, Adur Ezenarro, Ordiziako alkatea, Mariola Pascual, Beasaingo Udaleko Herritarrak arloko burua eta Kepa Zubiarrain, Lazkaoko alkatea izan dira xehetasunak ematen Ordiziako udaletxean.

Ezenarrok azaldu duenez, 2010az geroztik elkarrekin antolatzen den kanpaina da eta, azken urteotan bezala, kanpainaren helburua da euskaraz egiten diren errenta aitorpen kopurua handitzea eta horretarako herritarrei jarraibideak eskaintzea. 

Izan ere, 2024aren hasieran Gipuzkoan 92.173 herritarrek euskara aukeratuta daukate Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuarekin harremanetan (2020an 80.519 herritarrek) eta,  2024ko errenta kanpainari begira, departamentuaren helburua da 100.000 pertsona fisikok aukera hori egitera iristea. Beraz, euskara edozein unetan aukera daiteke Ogasunarekin harremanak izateko eta errenta aitorpena aurkeztean ere bai. 

Kanpainaren xehetasunak

Mariola Pascual Beasaingo Udaleko Herritarrak arloko buruak, kanpainaren xehetasunak aurkeztu ditu. Errenta aitorpena aurkezteko hiru bide daude eta guztietan erabil daiteke euskara:

Autolikidazio proposamena. Jasotako proposamena onartzerakoan, telefonoz nahiz internet bidez, euskaraz egin nahi duzula esan eta, aurrerantzean, Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu.

Mekanizatua:

  • Hitzordua hartzerakoan, Ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula adierazi.
  • Ogasunarekin bulegoko aurrez aurreko harremanak nahiz telefono edo Internet bidezkoak euskaraz izan ditzakezu, horrela eskatuz gero.
  • Ogasunak sinatzeko ematen dizun orria ere euskaraz jaso dezakezu.

Internetez,  Zergabidea atariaren bitartez:

  • Errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi Internetetik eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara aukeratu.
  • Aholkularitza edo finantza erakunde batean egiten baduzu, euskaraz egiteko eska daiteke.

Euskararen aukera goruntz 

Kepa Zubiarrain, Lazkaoko alkateak, errenta aitorpena eta Ogasunarekin harremana euskaraz izateko herritarren kopuruak izan duen gorakada nabarmendu ditu. Aipagarria da azken 13 urteotan, 2009tik 2022ra,  Ordizian, Beasainen eta Lazkaon euskaraz egin diren errenta aitorpenen ehunekoa handituz doala:

Ordizian %8,29tik %23,82ra igo da euskaraz aurkeztu diren aitorpenen ehunekoa, Beasainen %8,37tik %22,18ra eta Lazkaon %15,52tik  %32,19ra. 

Eta hori horrela izaten jarraitu dezan, hiru udal ordezkariek errenta aitorpena euskaraz egitera gonbidatu nahi izan dituzte goierritarrak. orain arte, inertziaz edo ohitura faltagatik gazteleraz egin bada ere, era oso errazean euskaraz egin daiteke. Pauso erraz bat emanez sekulako bultzada eman daitekelako euskarari. 

Datak

Errenta aitorpena egiteko datei dagokienez, hauexek dira aurtengoak:

  • Aitorpenak aurkezteko epea apirilaren 16tik uztailaren 1era  luzatuko da. 
  • Errenta aitorpena internetez egin nahi dutenek apirilaren 11tik uztailaren 1era arteko epea izango dute horretarako. 
  • Autolikidazio proposamenak onartzeko epea apirilaren 8tik uztailaren 1era izango da.
  • Errenta mekanizaturako hitzordua eskatzeko epea apirilaren 12an hasi eta ekainaren 7an amaituko da.

  pdf Eskuorria (1007 KB)  

errenta aitorpena euskaraz 2024 2