Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Kultura

Irakurle taldeak martxan euskara eta euskal literatura sustatzeko

2026/09/07

Helduen zein haur eta familien taldeetan dinamizatzaile berriak egongo dira ikasturte honetan: Yurre Ugarte eta Nadin Hussein

Ekimen publiko honen helburu nagusia herritarren artean irakurzaletasuna, kultura eta euskal bibliografiaren ezagutza bultzatzea da

Beasaingo Udalak, udal liburutegiaren bidez, irakurle taldeen ikasturte berriari hasiera emango dio hilabete honetan bertan. Urteroko ekimen honen bidez, Udalak berretsi egiten du kultura, literatura, euskara eta, ondorioz, euskal literaturaren inguruko irakurzaletasuna bultzatzeko zein sustatzeko daukan apustu sendoa. Aurtengo ikasturteak, gainera, berrikuntza nabarmena dakar: helduen zein haurren taldeek dinamizatzaile berriak izango dituzte gidari.

Yurre Ugarte idazlea izango da helduen irakurle taldearen gidaria

Irailetik aurrera, helduen irakurle taldeak etapa berri bati ekingo dio Yurre Ugarte idazle eta gidoigilearen eskutik. Ugarte (Tolosa, 1965) ibilbide oparoko sortzailea da; 1991tik ikus-entzunezkoen alorrean aritua da (ETB, Tele5, TV3 nahiz Telemadrid kateetan) eta literaturan genero ugari landu ditu, hala nola Gasolindegian narrazio-bilduma, Joana Maiz eleberri grafikoa eta berriki argitaratutako Harakinen alaba eleberria. Sormen eta irakurketa tailerrak gidatzen esperientzia handia du.

Helduen taldea hilean behin biltzeko prestatu da, ostegunetan, 17:30etik 19:00etara. Saioak giro atsegin eta parte-hartzailean egingo dira, hautatutako liburuaren inguruko iritziak eta ikuspegiak partekatzeko. Saioen egutegia hau izango da: Irailak 24, urriak 22, azaroak 26, abenduak 17, urtarrilak 28, otsailak 25, martxoak 18, apirilak 22 (maiatzeko data zehazteke dago). Jarduera guztiz doakoa da eta literaturaz gozatu nahiz beste irakurle batzuekin solasean aritu nahi duen edonorentzat zabalik dago.

Haur eta familien irakurketa klubak, Nadin Husseinen eskutik

Irailean ere martxan jarriko dira haur eta familien irakurketa klubak, Nadin Hussein dinamizatzaile berriarekin. Guztira lau talde osatuko dira, adin tarteen arabera antolatuta. 

3-5 urte eta 6-8 urte (Familia giroan): Proposamena gurasoak eta haurrak elkarrekin liburutegira etortzea da, euskal haur literatura abiapuntu hartuta. Saio hauen helburu nagusiak irakurketa ohiturak sustatzea, kalitatezko euskal bibliografia ezagutaraztea eta guraso zein haurren arteko irakurketa giro goxoa sortzea dira. Saioak euskaraz izango dira eta helduen parte-hartze aktiboa eskatzen da.

8-12 urte (Gaztetxoak bakarrik): Talde honetan komikien eta sorkuntzaren inguruko dinamika dibertigarriak landuko dira, besteak beste, antzerki txikiak, abentura jolasak eta aplikazio digital berezien erabilera.

Tokia eta izen-ematea 

Beasaingo Udal Liburutegiak jakinarazi du ikasturte berri honetako harrera bikaina izaten ari dela. Dagoeneko talde gehienak beteta daude, baina 8-12 urte arteko gaztetxoen komiki taldean oraindik badago izena emateko tokia. 

Izena emateko edo informazio gehiago eskuratzeko, herritarrak Beasaingo Udal Liburutegira bertaratu daitezke edo ohiko bideetatik jar daitezke harremanetan.