Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Bestelakoak

Antzerki tailer inklusiboak antolatu dituzte herritar guztientzat Udalak eta Dar-Dar-ek

2026/10/23

Adin, gaitasun eta bizi-esperientzia desberdinetako pertsonak sorkuntza-prozesu partekatu batean elkartuko dira Urbieta eraikinean, ongizate emozionala eta komunitate-loturak sustatzeko asmoz 

Beasaingo Udalak eta Dar-Dar gizarte ekimenezko kooperatibak antzerki tailer inklusiboen proiektua jarri dute martxan, herritarren arteko harremanak bultzatzeko eta nahi ez den bakardadeari zein buru-osasuneko arazoei aurre egiteko helburuarekin. Ekimena adin, gaitasun, esperientzia eta bizipen desberdinak dituzten pertsonei bideratuta dago, eta saioak Beasaingo Urbieta Eraikinean burutzen dira ostiralero, 15:00etatik 17:00etara. Parte-hartzea doakoa da, eta izena emateko epea urriaren 28ra arte irekita jarraitzen du.

Sorkuntza partekatua eta inklusioa ardatz

Proiektu berri honek antzerkia eta arte-sorkuntza erabiltzen ditu tresna nagusi gisa, pertsonen arteko komunikazioa, sormena, autokonfiantza, enpatia eta talde-lana sendotzeko. Inklusioa ez da soilik deklarazio bat: elkarrekin sortuz, adierazteko modu ezberdinak errespetatuz eta talde-dinamiketan parte hartuz gauzatzen den praktika baizik.

Tailerra herritar guztiei baldintzarik gabe irekita dago, ez baitu adin-tarte zehatzik ezta aurretiazko esperientziarik edo sarbide-irizpiderik eskatzen. Gainera, laguntza personalik edo irisgarritasun-baliabide zehatzik behar duten pertsonek beren egoera jakinaraz dezakete antolatzaileekin parte hartzeko aukerak aztertzeko.

Pertsonen arteko loturak eta ongizate emozionala

Beasaingo Udala eta Dar-Dar kooperatiba garatzen ari diren prebentzio-proiektu zabalago baten baitan kokatzen da esperientzia pilotu hau. Bere berezitasun nagusia pertsona anitzen arteko elkarrizketa eta komunitate-loturak sustatzea da, elkar ezagutzeko eta talde baten parte sentitzeko gune segurua eskainiz.

Saioak Maider Bartolome Gurrutxagak gidatuko ditu. Bartolomek Arte Dramatikoko goi-mailako diplomatura du, eta urte askotako esperientzia metatu du Dar-Dar Produkzioak taldean aktore, talde-dinamizatzaile eta antzerki-irakasle gisa.

Hasiera batean tailerrak urtea amaitu bitartean egingo dira ostiralero. Halere, taldearen bilakaera positiboa bada eta partaideek jarraitzeko interesa agertzen badute, ekimenak datorren urtean ere jarraipena izateko aukera handiak dauzka. Era berean, eskaera oso handia balitz, bigarren talde bat osatzeko aukera aztertuko litzateke.

Datu nagusiak

  • Noiz: Ostiralero, 15:00etatik 17:00etara (Urtea amaitu bitartean).
  • Non: Beasaingo Urbieta Eraikina, 1. solairuko gela balioanitzean.
  • Prezioa: Doan.
  • Nori zuzendua: Herritar guztiei irekia (adin, gaitasun edo bizipen mugarik gabe).
  • Izena emateko epea: Urriaren 28ra arte zabalik.
  • Izena emateko edo informazioa eskatzeko: Deitu edo idatzi 657 79 96 22 telefono zenbakira.
  • Dinamizatzailea: Maider Bartolome Gurrutxaga (Dar-Dar Produkzioak).
  • Antolatzaileak eta laguntzaileak: Beasaingo Udala, Dar-Dar gizarte ekimenezko kooperatiba, Adinberri eta Gipuzkoako Foru Aldundia.

Antzerki inklusiboa panel elektronikoetarako