Loinazko San Martin plaza azpian burutzen da asteartero. Udal Estatutuari esker egin ahal izan zen astearteko lehen azoka “ofiziala” 1926ko otsailaren 2an. Asteartero, belaunaldiz belaunaldi, azokak Beasainen ekonomia, elikadura-ohiturak eta herri-harremanak elikatu ditu, eta gaur egun ere, bestelako erritmo eta testuinguruan bada ere, bere funtsak bizirik eusten du.
Mende batez gure herriaren taupadarekin batera ibilitako jardun baten aitorpen sakona da mendeurrena ospatzeko Juantxo Unanua Artolainek idatzitako “Astearteko azokak mendea bete du” liburuxka, non azokaren historiaren kontakizuna biltzen den ofizialdu aurretik eta ondoren. Mendeurrena ospatzeko argazki erakusketa ere antolatu zen.