Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Mugikortasuna eta trafikoa

Beasaingo auto elektriko partekatuen zerbitzuak harrera bikaina lortu du

2026/10/15

Udalak eta Guppy enpresak abiatutako car sharing zerbitzuak 230 alokairu eta 28.500 kilometro baino gehiago egitea lortu du iaztik gaurdaino; Adur Ugartemendia alkateordeak emaitza onak eta egitasmoaren arrakasta aurkeztu ditu Donostian egindako Gipuzkoako Energia Jardunaldietan

Beasaingo Udalak udalerrian mugikortasuna jasangarriagoa eta irisgarriagoa egiteko abian jarritako ibilgailu elektriko partekatuen zerbitzuak (car sharing) emaitza bikainak lortu ditu. Gaur, urriak 15, Donostiako Naturklima Auditoriumean egindako Gipuzkoako Energia Jardunaldien baitan, Adur Ugartemendia Beasaingo alkateorde eta Lurraldea saileko buruak “Auto elektriko partekatuak Beasainen” izenburuko hitzaldian aurkeztu ditu zerbitzuaren datuak eta garapen positiboa. 

Zerbitzua 2025eko apirilean jarri zen martxan Gernika pasealekuko aparkalekuan, herri barruko eta herriarteko mugikortasunean atzemandako gabeziei zein intermodalitate azterketei erantzuna emateko asmoz. Proba pilotu gisa bi ibilgailurekin (Tesla Model 3) hasi zen egitasmoa, eta lizitazio bidez hiru urterako berritzearekin batera, flota lau ibilgailuraino handitu da gaur eguneraino (tartean Renault Zoe berria gehituta).

Emaitza nagusiak eta erabiltzaileen profila

Ugartemendiak aurkeztutako datuen arabera, zerbitzuak bilakaera handia eta etengabeko hazkundea izan ditu:

  • 230 alokairu eta 28.500 km: Guztira 230 alokairu erregistratu dira, eta ibilgailuek 28.500 kilometrotik gora egin dituzte kutsadurarik gabeko bidaietan.
  • Erabiltzaile fideltasuna: Zerbitzua 54 erabiltzaile desberdinek erabili dute jada, eta horietatik %60 bezero errepikatuak dira.
  • Erabilera nagusiak: Alokairuen %76 zerbitzu zirkularra (Round Trip, Beasainen hasi eta bertan amaitu) izan dira (175 alokairu). Batez besteko distantzia 89 kilometrokoa izan da ibilbide bakoitzeko, eta alokairu bakoitzaren iraupena 7 ordukoa.
  • Konexio estrategikoak: One Way erako alokairuei dagokienez (puntu batean hartu eta bestean utzi), Beasain lotura-nodotzat erabili da nagusiki Donostiarekin eta Loiuko aireportuarekin, bai eta Madril zein Kantabria alderako joan-etorri puntualetarako ere.

Garraio publikoaren osagarri ekonomiko eta jasangarria

Mugikortasuna deskarbonizatzeko helburuarekin, Beasaingo Udalak garraio publikoaren osagarri malgua jarri du herritarren eta udal-langileen eskura. Guppy aplikazioaren bidez kudeatzen den zerbitzu honek ibilgailua jabetzan izatearen kostu finkoak saihesten ditu (aseguruak, mantentze-lanak, zergak).

Gainera, azken lizitazioari esker, %50 merkeagoa den ibilgailu modelo berria txertatu da, herritar zein erabiltzaile berrientzat zerbitzua oso erakargarri eginez. Aipatzeko modukoa da, halaber, Beasaingo Udalaren sustapenari esker zerbitzu hau euskaraz kontratatu eta erabili daitekeen lehen car sharing aplikazio mugikorra bilakatu dela. 

Ibilgailu guztiak Gernika pasealekuko aparkaleku estrategikoan daude kokatuta, tren eta autobus geltokietatik gertu, eta karga-puntuetan %100ean iturri berriztagarrietatik datorren argi-indarra erabiltzen dute.

naturklimaAdur Ugartemendiaren hitzaldia Energia jardunaldietan