Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Biblioteka

Yurre Ugarte izango da Beasaingo Udal Liburutegiko irakurle taldearen dinamizatzaile berria

Irailetik aurrera, Beasaingo Udal Liburutegiko helduen irakurle taldeak etapa berri bati ekingo dio Yurre Ugarte idazle eta gidoigilea dinamizatzaile izango dela. Literaturaz gozatzeko, iritziak partekatzeko eta irakurketaren inguruan solasteko gune irekia da irakurle taldea, eta interesa duen edonor dago bertan parte hartzera gonbidatuta.

Yurre Ugarte (Tolosa, 1965) euskal literaturaren eta ikus-entzunezkoen alorreko sortzaile ezaguna da. 1991. urtetik gidoigile lanetan dihardu, eta ETB, Tele5, TV3 nahiz Telemadrid kateetako telesail eta ikus-entzunezko proiektuetan aritu da sortzaile, gidoilari eta editore gisa. Horrez gain, film laburrak idatzi eta zuzendu ditu.

Literaturan ere ibilbide oparoa egin du. Antzerki-testuak, ipuin-liburuak, haur eta gazte literatura, komikiak eta eleberri grafikoak argitaratu ditu, besteak beste Gasolindegian narrazio-bilduma eta Joana Maiz eleberri grafikoa. Aurten, gainera, helduentzako lehen eleberria kaleratu du, Harakinen alaba, kritika eta irakurleen harrera ona jasoz.

Bere ibilbide profesionalean zehar sormen eta irakurketa tailerrak ere gidatu izan ditu, eta irakurleen parte-hartzea, elkarrizketa eta literaturaren inguruko hausnarketa sustatzen dituen dinamizatzaile gisa nabarmendu da. Esperientzia hori izango du oinarri Beasaingo irakurle taldearen saioetan ere.

Irakurle taldea hilean behin, ostegunetan, 17:30etik 19:00etara biltzen da, giro atsegin eta parte-hartzailean. Saioetan aukeratutako liburuaren inguruko iritziak, ikuspegiak eta esperientziak partekatzen dira, irakurketari beste dimentsio bat emanez. Jarduera doakoa da, eta literaturaz gozatu eta beste irakurle batzuekin solasean aritu nahi duen edonorentzat zabalik dago.

Izena emateko, bete Beasaingo Udalaren webguneko Liburutegia ataleko formularioa edo jo zuzenean Beasaingo Udal Liburutegira informazio gehiago jasotzera: https://tally.so/r/n9oOA1

Yurre Ugarteren lana eta literaturaren inguruko ikuspegia sakonago ezagutu nahi dutenek BERRIA egunkarian argitaratutako elkarrizketa irakur dezakete: «Transformazioa interesatzen zait, ez perfekzioa». Bertan, bere lehen eleberria den Harakinen alaba lanaz, sormen-prozesuaz eta idazketarekiko duen ikuspegiaz mintzo da. Elkarrizketa hemen irakur daiteke: «Transformazioa interesatzen zait, ez perfekzioa».