Landa-eremuaren kudeaketa modernizatzeko eta mugak adosteko proiektuaren laugarren fasea abiatu du Udalak, udalerri osoko plangintza amaierara hurbiltzeko azken aurreko urratsa emanez
Beasaingo Udalak beste urrats nagusi bat eman du udalerriko landa-lurzoruaren kudeaketa osorik digitalizatzeko helburuan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz eta Geograma enpresaren bidez garatzen ari den egitasmo honen laugarren fasea jarri da martxan, 12, 13, 14 eta 17 poligonoetako lursailak digitalizatu eta zehatz-mehatz mugatzeko.
2023an abiatutako egitasmo handi honek mugarri garrantzitsua lortu du honezkero, eta Beasain gero eta gertuago dago bere mendi eta landa-lurren mugaketa behin betiko eta modu digitalizatuan amaitzeko. Halaber, Udalak bilerara deitu ditu azken fase honetan eragindako lur-jabeak, prozesuaren xehetasunak helarazteko eta ezinbestekoa den elkarlana eskatzeko.
Udaletxeko batzar aretoan gaur, goizez eta arratsaldez, burutu diren bilera informatiboetan, 82 lur-jabe bildu dira Udal ordezkariek eta Geograma enpresako teknikariek prozesuaren inguruan eman dituzten azalpenak entzuteko. Bertan eman zaio lur-jabe bakoitzari bere jabetzakoak diren lurrei buruzko informazioa eta prozesuan parte hartzeko jarraipideak koaderno batean.
Laugarren fasea: lau poligonoetako mugak zehazten
Beasaingo udalerriak duen landa-lurren hedadura zabala dela eta, lana urrats ezberdinetan banatu da hasieratik:
- 1. fasea (2023): 8. poligonoko landa-partzelak mugatu ziren.
- 2. fasea (2023-2024): 3, 4, 5 eta 6. poligonoetako lursailak digitalizatu ziren.
- 3. fasea (2024-2025): 1, 2, 9, 10 eta 11. poligonoetako neurketak eta mugaketak egin ziren.
- 4. fasea (Gaur egun): 12, 13, 14 eta 17. poligonoetan landuko dira eremuak.
Gaur hasitako fasearen ondotik, azken fasea geratuko da udalerriko landa-lurren digitalizazio osoa amaitzeko, bosgarrena. Hemen, 7, 15 eta 16. poligonoak aurkitzen dira.
Egitasmo honi esker, muga eta mugarri bakoitzari GPS koordenatu zehatzak ematen zaizkio eta katastroan egon daitezkeen datuen inguruko akatsak zuzentzen dira, etorkizunerako informazio publiko eta pribatu gardena bermatuz.
Lur-jabeen lankidetza, proiektuaren arrakastaren gakoa
Prozesu topografikoa zuzena eta eraginkorra izan dadin, titularren eta mugakideen parte-hartzea ezinbestekoa da. Lur-jabeek pauso batzuk eman behar dituzte teknikariek neurketa egokiak egin ditzaten:
- Mugakideekin elkartu eta eremu arteko mugak zein mugarriak adostu.
- Lursailak eta mugarri inguruak garbitu eta ikusgarri utzi.
Lanak amaitzean, jabe bakoitzari bere partzelaren plano eguneratua emango zaio, mugarrien koordenatu zehatzekin. Partaidetza hau borondatezkoa da eta ez dio inolako kostu ekonomikorik eragingo lur-jabeari.
Etortzerik izan ez duten lurjabeentzako deia
Udalak fase honetako jabe guztiengana iritsi nahi izan badu ere (135 guztira), ezin izan du hori lortu. Hori dela eta, bilerara joan ezin izan dutenei edo deialdia jaso ez dutenei Udaleko Lurraldea sailarekin harremanetan jartzeko eskaera egin zaie, informazio guztia jaso eta prozesuan atzean geratu ez daitezen. Alabaina, badira bileretara etorri eta informazioaren koadernoa eraman ez dutenak. Horiei udalera etortzeko deia luzatzen zaie dokumentazioa jasotzera.
Abantaila ugari: segurtasun juridikoa eta mendien babesa
Askotan, belaunaldi arteko igarotzean edo oinordetza prozesuetan, landa-jabetzak ahaztu edo muga zehatzak nahastu egiten dira. Horren ondorioz, lursailak utzita geratzen dira eta mendiaren zainketa kaltetzen da.
Digitalki mugatzeko egitasmo honek abantaila nagusi hauek dakartza:
- Udalarentzat: Segurtasun juridikoa handitzen du, jabetza-gatazkak prebenitzen ditu, administrazio-izapideak azkartzen ditu eta ingurumenaren kudeaketa nahiz laguntza publikoen bideratzea errazten du.
- Lur-jabeentzat: Haien jabetzen inguruko ziurtasuna ematen du, eta nabarmen errazten ditu salerosketak, herentzien banaketak nahiz nekazaritzako dirulaguntzak eskatzeko izapideak.



