Herriko bost ikastetxeek, Udalak, Osakidetzak, Minbiziaren Aurkako Elkarteak eta tokiko ekoizleek elkarlanean garatutako hiru urteko zikloa eta uzta oparoa utzi ditu proiektuak
Itxiera ekitaldian, LH6ko ikasleek bertako produktuen eta baserritarren lana balioan jartzeko ekoitzitako bideoak eta sormen-lanak ezagutarazi dira
Ekimenak eskolako hormak zeharkatu eta herriko familiak azokara erakartzea du helburu, ikasleek egindako bideoak gurasoen artean azokako produktuen balioa zabaltzeko aitzakia izanik
Beasaingo Udalak, herriko ikastetxeekin, Osakidetzarekin, Minbiziaren Aurkako Elkartearekin eta tokiko ekoizleekin batera, amaiera bikaina eman dio 2025/2026 ikasturteko “Azoka eta Elikadura Osasuntsua” programari. Hiru urteko ibilbide emankorra borobildu duen ekitaldi honetan, herriko gazteek ikasturte osoan zehar egindako lana eta sormena izan dira protagonista nagusi. Aurten, gainera, programak ahalegin berezia egin du herriko familiak eta gurasoak azokara erakartzeko, ikasleek etxeetan elikadura ohitura osasuntsuen eta bertako produktuen kontsumoaren garrantziaz jabetzeko. . Ekimenaren helburu nagusia gaztetatik elikadura ohitura osasungarriak zabaltzea eta Beasaingo azokaren balio sozial, ekonomiko eta nortasunari loturikoa indartzea izan da, aurten Eskolako Agenda 2030eko 12. Garapen Jasangarriko Helburuarekin (ekoizpen eta kontsumo arduratsua) lerrokatuta.
Elkarlanaren fruitua
Ekitaldiari hasiera emateko hitzaurrea Leire Artola Beasaingo alkateak egin du. Bere hitzetan, ekimen hau "elkarlanaren eredurik onena da", non osasuna, hezkuntza eta tokiko ekonomia eskutik joan diren. Proiektuak Udalaren, ikastetxeen (Andramendi Ikastola, Alkartasuna Lizeoa, La Salle, Murumendi Eskola eta Beasaingo Institutua), Orekan zentroko Amaia Ayerbe dietistaren, Osakidetzako adituen eta Minbiziaren Aurkako Elkartearen inplikazio aktiboa izan du.
Alkateak hiru urteko uzta oparoa ekarri du gogora, eta azpimarratu du nola 2023an 7. GJHaren (energia) haritik abiatutako kezkak —bertako erosketek suposatzen duten energia aurreztea— bi urtez erosketa deskontu-bonuak diseinatzera eta azokan erabiltzeko oihalezko poltsak sortzera eraman dituen ikasleak.
Osasuna eta prebentzioa ardatz gela barruan
Bideoak ikusi aurretik, Osakidetzako (Eluska Gonzalez eta Elena Calvillo erizainak) eta Minbiziaren Aurkako Elkarteko psikologoak (Laura Mongelos) hartu dute hitza, elikadurak eta elikagai freskoek gure osasunean eta gaixotasunen prebentzioan duten eragin erabakigarria azaltzeko tailer baten bidez. Ikasturteko lehen hiruhilekoan LH 6. mailako ikasleek egindako tailer teoriko eta praktikoak gogoratu dituzte, non emozioak, jolasak eta gosari osasuntsuen prestaketa landu ziren erizaintza, pediatria eta psikologia profesionalen laguntzarekin.
Ikasleen begirada: Ekoizleen bizitza pantailara
Ekitaldiaren une hunkigarriena ikasleek beraiek ekoitzitako ikus-entzunezkoen proiekzioa izan da. Neguan zehar herriko hainbat baserri eta baratze (Artzabaltza, Oñatibi Txiki, Mendiaren baratzea eta Gipuzkoako Erlezain Elkartea) bisitatu ostean, ikasleek ekoizleen eguneroko lana erregistratu dute iragarki eta bideo formatuan. Ikastetxe bakoitzak gai ezberdin bat jorratu du eskaletan ikusi ahal izan denez:
- Azokako bideo orokorra (Andramendi Ikastola)
- Sagarrak eta loreak (La Salle)
- Barazkiak (Andramendi Ikastola)
- Eztia (Murumendi)
- Ogia (Alkartasuna Lizeoa)
- TORI banaketa sistema (Beasain Institutua)
Lan hauek Beasaingo Udalak bere web orrian zintzilikatuko ditu azokaren atalean eta ezagutzera emango ditu bai sare sozialen bidez eta baita kaleko informazio pantailen bidez.
Azokaren etorkizuna eta familien protagonismoa
Udalak eskerrak eman dizkie ikasleei erakutsitako sormenagatik, baina bereziki Beasaingo azokak duen etorkizun berritzaile eta modernoan jarri nahi izan du fokua. Ikasleek egindako bideoak ez dira ikastetxean geratzeko lan hutsak; gurasoek azokan zer egiten den, zer saltzen den eta zein produktu paregabe dauden ezagutzeko leiho bat dira. Bideoen aurkezpena aitzakiatzat hartuta, familiak azokara hurbiltzea, ekoizleenganako konfiantza sendotzea eta elikadura osasungarriaren kultura sukalde guztietara zabaltzea izan da xedea.
Azoka ez da iraganeko kontu bat, etorkizuneko irtenbidea baizik. "Zero kilometroko" jasangarritasunaren premia, osasun krisien aurreko elikadura naturala, eta digitalizazioaren aurrean azokan bizi den giza-harremana eta herri-izaera dira azokaren ekarpen nagusiak. Amaitzeko, gazteak eta familiak etorkizuneko kontsumitzaile eta herriaren babesle gisa kokatu ditu Udalak, azokan erostea Beasain bizirik mantentzearen aldeko hautu kontzientea dela gogoraraziz.



