Udalak Gau Beltza edo Arimen Gaua ospatuko du urriaren 31n musika, antzerkia, tailer eta ekitaldi bereziekin euskal ohitura zaharrak eta nortasun propioa berreskuratu asmoz
Beasaingo Udalak Gau Beltza edo Arimen Gaua ospatzeko egitaraua antolatu du urriaren 31rako, euskal ohiturak eta tradizio zaharrak berreskuratzeko eta egun honi nortasun propioa eta bertakoa emateko helburuarekin.
Euskal Herrian aspaldiko partez ospatzen zen Arimen Gaua, hildakoen omenez eta udazkenaren iritsierarekin lotutako ohitura pagano zaharra. Antzina, kalabazak edo arbiak hustu, aurpegia landu eta kandela txiki bat barruan pizten zen, bide bazterretan jarriz hildakoen arimak gidatzeko eta aldi berean bizilagunak beldurtzeko. Belaunaldi zaharrenek oraindik gogoratzen dute Santu Guztien Egunaren bezperan, haurrek nola uste zuten kaleetan arimekin topo egin zezaketela.
Tradizio hori gaur egun berreskuratzeko eta euskal ikuspegitik ospatzeko asmoz, Igartzako Monumentu Multzoan eta Udalaren aldetik hainbat jarduera antolatu dira egun berezi horretarako.
Gau Beltzarekin lotutako jarduerak
Igartzako Monumentu Multzoan arratsaldez Gau Beltzean murgiltzeko eta girotzeko tailerrak eta ekimenak antolatu dira. Honela, urriaren 31an 17:00etan hasiko da Kalabaza tailerra Igartzako errotan. Txikienek kalabazatxoak margotuko dituzte, eta gazte zein helduek kalabaza handiak landu eta barruan kandelak piztuko dituzte.
Aldi berean, haurrek aurpegi margoketa txokoa izango dute, mamuen itxuraz margotzeko. “Beldurren txokoa” ere egongo da, parte-hartzaile bakoitzak bere beldurrik handiena idatzi eta gero erretzeko aukera izango du, beldurrei agur esanez. Tailerraren jarraian Ostadar Dantza Taldeak, Igartzako jauregian, sorpresaz beteriko dantzaldia eskainiko du. Eta amaitzeko, txokolatada errotan, energia berreskuratzeko.
Dantzaldia, herritar guztiei zabalik dago. Tailerrean parte hartu ez duen edonork euro baten truke txokolatea dastatzeko aukera izango du. Antolakuntzatik mozorrotu eta trapu zaharrak jantzita etortzea gonbidatzen da.
Musika eta antzerkia
Urriaren 31ko iluntzean, Beasaingo kaleak giroz eta kulturaz beteko dira. 18:30ean Kantujira taldearen irteerarekin hasiko da ospakizuna, herriko kaleetan zehar abestuz eta giro alaia sortuz. Ondoren, 20:30ean, Usurbe Antzokian antzerki emanaldia izango da: Urrup taldeak “Biztanlerik gabeko etxeko biztanleak” antzezlana eskainiko du. Lanaren egilea Jardiel Poncela da, eta Rosa Rojo da zuzendaria. Emanaldirako sarrerak 6 euroan eskuratu daitezke.
Gaua borobiltzeko, 22:30ean, Balantza taldeak jarriko du dantzarako doinua Bideluze plazan egingo den erromerian, herritar guztientzako giro atsegin eta parte-hartzailean.
Beasaingo Udalak animatu nahi ditu herritarrak euskal jatorrizko Gau Beltza ospatzera, bertako tradizio eta sinbologia zaharrak berpiztuz herri-giroan bizitzeko. Eguna euskal nortasunetik eta kulturaren balioetatik ospatzeko gonbita da: beldurra umorez, argia ilunpetik eta bizitza oroimenetik.



