Kalean eta parkeetan euskaraz jolasteko joera indartu nahi du Udalak
Asteazkenero jolas dinamiko gidatuak antolatuko dira Iturralde parkean
Beasaingo Udalak eta Hezten elkarteak elkarlanean berriz martxan jarriko dute “Parketarrak” egitasmoa, kalean eta parkeetan euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin.
Egitasmoaren helburu nagusia da haurrek eta haien familiekin batera euskaraz jolasteko ohitura eta aukerak handitzea espazio publikoetan, aisialdia hizkuntza-ohitura osasuntsuak eraikitzeko baliatuz. Horretarako, maiatzeko asteazkenetan (maiatzak 7, 14, 21 eta 28), jolas saio dinamikoak antolatuko dira Iturralde parkean. Euria eginez gero, saioak Loinazko San Martin plazako estalitako gunean egingo dira.
Jarduerak adin-tarteen arabera egokituta egongo dira:
- ZABU ZIBU (16:45–17:45): 3-5 urte bitarteko haurrak dituzten familientzat. Saio hauetan helduen parte-hartzea funtsezkoa da, haurrak gurasoekin edo helduren batekin jolastera gonbidatzen baitira.
- TXIRRINTXON (17:45–18:45): 6-9 urte bitarteko haurrentzat zuzendutako jolas dinamikoak izango dira.
Hezten elkarteko jolas dinamizatzaileek gidatuko dituzte saioak, giro atsegin eta parte-hartzailea sortuz, eta euskararen erabilera naturala sustatuz.
Beasaingo Udalak herritarrak animatu nahi ditu parte hartzera eta egitasmo honetan euskararen erabilera indartzeko pauso bat gehiago ematera.
Euskaraz jolastea helburu
Parketarrak ekimena udaberrian eta udazkenean egiten da. Iaz, udaberrian 163 haurrek parte hartu zuten 17 helduekin batera, eta udazkenean 116 haur eta 20 heldu izan ziren.
Udalaren helburu eta eskumenen artean dago udalerrian euskararen ezagutza sustatzea eta erabilera dinamizatzea. Esparru honetan herritarren euskalduntzea sustatzen jarraitzeko ekimenak antolatzen jarraitzen du. Hizkuntzaren aldeko konpromiso horren baitan, asteazkenean hasi eta astean behin, beasaindar txikienen aisialdian euskararen erabileran eta ezagutzan eragiteko jarduera abiaraziko da berriz.