Osasun fisikoaz gain, osasun mentala zaintzeko jarduera garrantzitsua da eta pertsona inaktiboak aktibo bihurtzea du helburu
Kirol Orientazio Zerbitzuarekin batera garatzen da ibilaldi osasuntsuen ekimena eta osasunaren aditu profesionalek zuzendua dago
“Ondo ibili, ondo izan” egitasmoaren ikasturte berria abian jarriko dute irailaren 25ean. Hala adierazi dute jendaurrean ekimena antolatzen duten ordezkariak egindako aurkezpen-ekitaldian. Nagusilan, Asmube, Aita Menni, Urbiberri gizarte elkartea, Osasun zentroa eta Udalak, 2012. urtean hasitako egitasmo honek 30 lagun inguru elkartu ohi ditu astero, %75a emakumezkoak.
Urtez urte sendotzen ari den ekimen honek Beasaingo Udalaren helburu nagusietako bat betetzen du: herritarren ongizate integrala sustatzea, bai arlo fisikoan, bai emozionalean. Aurkezpen-ekitaldian azpimarratu bezala, Beasaingo Udalak herritarren ongizatea ardatz duen politika garatzen jarraitzen du, jarduera fisikoa, emozioak eta gizarte-harremanak uztartzen dituzten egitasmoen bidez. “Ondo ibili, ondo izan” horren adibide garbia da: osasuna, aktibitatea eta komunitatea lotzen ditu.
Leire Artola Beasaingo alkatearen hitzetan, "Beasaingo Udaletik argi daukagu herritarren ongizatea dela gure lehentasun nagusia. Horregatik, halako ekimenekin ez dugu soilik jarduera fisikoa bultzatzen, baizik eta ongizate emozionala eta komunitatearen kohesioa ere lantzen ditugu. ‘Ondo ibili, ondo izan’ bezalako egitasmoak gure herria aktiboago eta hurbilago egiten dute.”
Egitasmoa ibilaldien bidez garatzen da, eta jarduera fisikoaren onurez gain, herritarren arteko harremanak eta sozializazioa indartzeko aukera eskaintzen du. Horri esker, bakardadeari aurre egiteko eta ongizate emozionala lantzeko tresna eraginkorra da. Horrela, udalerriko komunitate kohesionatuagoa eta aktiboagoa sustatzen du.
Herritarrak bizitza aktiboago batera bideratu
“Ondo ibili, ondo izan” egitasmoa Beasaingo Kirol Orientazio Zerbitzuarekin (KOZ) batera garatzen da, biak osagarriak baitira. KOZen bidez, herritarrak bizitza aktiboago batera bideratzen dira, jarduera fisikoa egiteko gomendio eta orientazioak eskainiz. Zerbitzu honek bereziki laguntzen die jarduera fisikorik egiten ez dutenei, baita lesio edo patologiaren bat dutenei ere. Handik bertatik ere bideratzen da “Ondo ibili, ondo izan” egitasmora.
Kirol Orientazio zerbitzua 2018tik dago indarrean. Iaz 27 erabiltzaile izan zituen, 18 emakumezkoak eta 9 gizonezkoak. Astelehenetan Beasaingo Osasun Zentroan izan ohi da zerbitzua. Beharren arabera eskaintza zabaldu egingo da. Jarduera fisikoaren orientazio zerbitzuak pertsona inaktiboei zuzendutako zerbitzuak dira. Bertara gerturatu daitezke jarduera fisikoa egiteko behar duten aholkularitza, orientabidea eta laguntza jasotzera.
Profesionalen gidaritzapean
Bi ekimen hauetan osasun arloko profesionalak, udalaren kirol zerbitzuak eta, batez ere, herritarrak dira partaide nagusiak. Mediku, erizain eta espezialisten deribazioaren bidez edo norberak bere kasa osasun etxearekin harremanetan jarrita, edonor sar daiteke ekimenean. Adinekoei bereziki begira sortua izan arren, herritar guztiei dago zabalik.
Ibilaldiak ostegunero egiten dira, 10:00etatik 11:30era, Gernika pasealekuko frontoi txikiaren ondotik abiatuta. 90 minutuko iraupena dute, eta parte-hartzaileen erritmora egokitzen dira.
Beasaingo Udalak, Aldundiaren eta Jaurlaritzaren babesarekin, jarduera fisikoa areagotzeko eta sedentarismoa murrizteko bi ekimen hauek bateratzen ditu, pertsona inaktiboak, aktibo bihurtzeko helburuarekin.



