Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Bestelakoak

Ekoizleak eta erosleak elkartuko ditu oporren osteko Beasaingo astearteko azokak

2026/08/31

Garaiko barazkiak, udako fruituak, ogia, arrautzak eta Iker Markinez sukaldariaren krepak doan dastatzeko aukera bilduko ditu astearte honetako hitzorduak

Oporren bueltan, herriko ohiko hitzordua berrindartuta dator Beasainera. Datorren asteartean berriz ere, asteartez ospatzen den azokan, bertako ekoizleek euren postuak elikagai freskoez eta kalitatezkoez beteko dituzte Loinazko San Martin plaza azpian. Udalak, herriko ekonomia zirkularra eta tokiko nekazaritza babesteko konpromisoz, herritar guztiak gonbidatzen ditu astearteko azoka honetan bertako elikagaien aldeko apustua egitera eta azokak eskaintzen duen elkarguneaz gozatzera.

Garaiko elikagaien eskaintza anitza astearteroko hitzorduan

Udako ekoizpenekin batera, udazkeneko lehenengo fruituak bertatik bertara ezagutzeko eta erosteko aukera izango da astearte goizean zehar. Barazkien atalean, eskaintza oparoa izango da: Gernikako piperrak, piper italiar gorri eta berdeak, alberjiniak, azelgak, tomateak, letxugak, borrajak eta porruak. Udako sasoiko azken produktuak eta datorren urtaro berriari harrera egiten diotenak elkarren ondoan izango dira.

Horrez gain, kalitatezko ogi mota ezberdinak, baserriko arrautzak eta barietate ezberdinetako sagar ekologikoak egongo dira eskuragarri astearteko postuetan. Aurten bereziki azpimarratzekoa da sagar ekologikoen kalitatea, Alpigala, Inobi eta Elstar barietateak egongo bait dira.

Gastronomia-dastaketa zuzenean Iker Markinezen eskutik

Eskaintza gastronomikoa borobiltzeko eta astearte goizari gozo-punttua emateko, Kaxolako Iker Markinez sukaldari ezagunak sukaldaritza erakustaldia egingo du zuzenean. Goizeko 10:30ean hasita, sagar karamelizatuarekin egindako krepak prestatu eta bertaratzen diren herritarren artean banatuko ditu doan.

Beasaingo Udaletik nabarmendu nahi da astearteko azoka ez dela soilik erosteko leku bat, gure ekoizle eta baserritarren lana balioan jartzeko, gure lurra zaintzeko eta osasuntsu jateko topagunea baizik. Opor osteko egunerokoan murgiltzen ari garen honetan, tokiko elikadura burujabetza eta herriko ekoizleen zein merkatarien sarea sendotzen jarraitzearen garrantzia gogorarazi nahi zaie beasaindar guztiei.