Beasaingo 140 herritar baino gehiagok zehaztu dituzte espazio berriaren oinarriak; ekarpen horiek proiektu teknikoan txertatuko dira, herriguneko igogailu berriaren egitasmoarekin batera
Beasaingo Udalak arrakastaz amaitu du Maria Arana Gaiztarro parkea eta ingurua osorik berritzeko herritarrekin abian jarritako hausnarketa-prozesua. Aztiker etxeak koordinatutako eredu dinamiko honetan, 145 beasaindarrek hartu dute parte inkesta, sakoneko elkarrizketa eta sorkuntza-tailerren bitartez. Prozesu horri esker, herritarrek beraiek marraztu dute herriko bihotzean dagoen eta "altxor txikitzat" jotzen duten gune honen etorkizuneko ibilbide-orria. Adostasun nagusia argia da: parkea ez da izango gainbeheran dagoen igarobide huts bat; aitzitik, atseden hartzeko zentzumen-gune berde bilakatuko da, segurua eta belaunaldi guztientzako erabat irisgarria.
Diagnostiko argia: berritzearen eta irisgarritasunaren premia
Partaidetza-prozesuak balio izan du Udalak egindako diagnostikoa berresteko. Inkestan parte hartu duen herritarren gehiengo zabal batek (% 90,3) uste du parkeak premiazko berritze-lanak behar dituela, gaur egun zaharkituta baitago. Entzuketa-kanalek argi utzi dute herritarrak kezkatuta daudela irisgarritasun fisikoaren faltagatik eta gizalegezkoak ez diren jokabide txarrak errotik mozteko premiaz.
Udalaren erantzuna iritzi horrekin bat dator: auzokideen eskaerak aintzat hartu dira eta hiri-diseinu berriaren oinarri izango dira, eremuaren mantentzea, gizalegea eta auzokideen arteko bizikidetza bermatuz.
Maria Arana Gaiztarro berria: zentzumen-lorategia eta babesleku klimatikoa
Herritarren ondorioak hiru ardatz nagusitan bildu dira, eta horiek zehaztuko dituzte proiektu teknikoaren ezaugarri estetiko zein funtzionalak:
- Babesleku klimatikoa eta naturalizazioa: Parte-hartzaileen % 89,6k eremu berdeak ongizatearekin lotzen ditu. Herritarrek lehengo lorategiaren jatorrizko izaerari eutsi nahi diote; horretarako, egungo zortzi magnolioak zorrotz babestuko dira eta urtaroen joana islatuko duten koloretako landareekin zein landare usaintsuekin zentzumen-ingurune bat indartuko da. Gainera, ura txertatuko da diseinu moderno eta jasangarri baten bidez, inguruari freskotasuna eta hots lasaitzailea emateko. Ur-txorrota gauez itzali egingo da, ondoko etxebizitzetako bizilagunen atsedena errespetatzeko.
- Belaunaldiarteko bizikidetza integratua: Parte-hartzaileen % 83,6k defendatzen du parkeak adin guztietarako erosoa izan behar duela. Haur-parke tradizionalen ikuspegi esklusiboa baztertu eta naturan zein paisaian integratutako jolas-elementu txikiak jartzearen alde egin da apostu. Nabarmentzekoa da Esteban Lasa kalearen aldean harmaila bat jartzeko herritarrek egindako proposamena: gune hori nagusientzat atsedenleku eta txikienentzako jolas-eremu izango da aldi berean.
- Segurtasuna eta gizalegea: Parkea erabiltzen ez delako irudipenari buelta emateko, argiztapena funtsezkoa izango da. Argi-diseinua Udalak egiten ari den puntu beltzen azterketarekin koordinatuko da zuzenean; horrela, gune ilunak kenduko dira eta herritarren arteko harremana erraztuko duen hiri-altzari inklusiboa txertatuko da.
Erronka teknikoa: hiri-mugikortasuna eta parkearen nortasuna uztartzea
Udaleko zerbitzu teknikoek eta arkitektura-taldeak duten erronkarik handiena herritarren eskaerak eta Kale Nagusia Esteban Lasa kalearekin lotuko duen igogailu berriaren eraikuntza egoki uztartzea da. Azken diseinuak malda eta topografia-desnibelei aurre egin beharko die, irisgarritasun arauak zorrotz betez, baina ibilbide nagusia parkearen landarediarekin bat etor dadin eta espazioaren batasuna hautsi ez dezan bermatuz .
Era berean, irisgarritasuna Udalaren makineria arina sartzeko modukoa izango da, egungo egoera zuzenduz, inguruko txoko bakoitzean garbiketa sakon eta jarraitua bermatu ahal izateko. Azkenik, eraikuntza-proiektua garatzearekin batera, Udalak parkearen nortasun historikoari koherentzia emateko lan egingo du. Horretarako, parkearen izena (MarĂa Arana Gaiztarro) eta bertan dagoen haren aitari eskainitako bustoa uztartuko dira, espazio horren kontakizun historikoa osatzeko eta balioan jartzeko. .
Hurrengo urratsak
Diagnostiko eta entzuketa aktiboko fase hau amaituta, Beasaingo Udalak ondorioak talde teknikoari helaraziko dizkio, behin betiko exekuzio-proiektua idatzi dezan. Agiri horrek herritarren ikuspegia eta nahitaezkoak diren bideragarritasun ekonomikoa, segurtasuna, jasangarritasuna eta irisgarritasun unibertsala uztartuko ditu. Tokiko administrazioaren konpromisoa da amaitutako diseinua auzokideei erakustea, lanak lizitatzeko prozesua hasi aurretik.
Esku-hartze honekin, Beasaingo Udalak giza ikuspegia duen hirigintza inklusiboaren aldeko apustu estrategikoa berretsi du; izan ere, mugikortasun-azpiegiturak eta eremu berdeen berreskuratzea eskutik helduta doaz herritar guztien eguneroko bizi kalitatea hobetzeko.



