Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Bestelakoak

Astearteko azokak 100 urte betetzen ditu ofizialdu zenetik

2026/01/29

Otsailaren 2an beteko da mendeurrena eta hura ospatzeko egitarau zabala aurkeztu du Udalak. Besteak beste, mahai ingurua, ekitaldiz betetako azoka eta argitalpen berezia aurkitzen dira 

Azokaren balio historikoa, soziala, ekonomikoa eta kulturala aldarrikatu dituzte udal arduradunek

Beasaingo Udalak prentsaurreko bidez aurkeztu du asteartero egiten den azokaren mendeurrena ospatzeko antolatu duen egitaraua, azokaren ofizialtzetik ehun urte betetzen diren honetan. Aurkezpenean Leire Artola Ugalde alkatea, Elena Ruiz merkataritzako zinegotzia eta Ane Egurtza merkataritzako udal teknikaria izan dira.

Alkateak azaldu duenez, mendeurren hau ez da efemeride huts bat, baizik eta Beasaingo historia, bilakaera eta eguneroko bizitza ulertzeko ezinbesteko elementu baten aitortza. Belaunaldiz belaunaldi, asteartero, azokak herriko ekonomia, elikadura ohiturak eta gizarte harremanak elikatu ditu, baserria eta herrigunea lotuz eta lehen sektorea erdigunean jarriz. Gertutasunean, konfiantzan eta zuzeneko harremanean oinarritutako eredua izan da beti azokaren oinarria, eta formatuak, kokapenak edo erritmoak aldatu badira ere, bere muina bere horretan mantendu dela nabarmendu du.

Herriaren kohesiorako topagunea

Azokaren izaera soziala ere azpimarratu du alkateak, topagune gisa izan duen garrantzia nabarmenduz: berriketan aritzeko, harremanak sendotzeko eta herri-nortasuna eraikitzeko espazio bizia izan da urte luzez. Ildo horretan, mendeurrena ospatzeko prestatu den egitarauak iraganari begiratzen dio, baina batez ere etorkizunari, azoka egitura bizia dela eta garai bakoitzeko erronketara egokitzeko gaitasuna duela azpimarratuz.

Azokaren historiari buruzko argitalpena

Testuinguru horretan, prentsaurrekoan aipamen berezia egin zaio Juantxo Unanua Artolainek atondu duen argitalpenari. Argitaratzeko gutxi falta den lan honek azokaren memoria kolektiboa jasotzen du, modu xehe eta hunkigarrian, eta Beasaingo herriari egindako ekarpen baliotsua dela adierazi du alkateak.

Elena Ruiz, merkataritzako zinegotziak, bere aldetik, azpimarratu du Udalarentzat azoka ez dela iraganeko kontu bat, baizik eta egungo eta etorkizuneko tresna estrategikoa. Horregatik, azken urteotan azokaren sustapena, hedapena eta sendotzea helburu duten hainbat ekintza bultzatu dira: azokan erosteko bonuak, ekoizleei zuzendutako zuzeneko diru-laguntzak, takila sistema erosketak noiznahi jasotzeko, Tori! erosketa-banaketarako sistema jasangarria, Agenda 2030aren baitan eskolekin egindako sustapen-lana, hileko lehen asteartean azokaren dinamizaziorako Iker Markinez sukaldariaren parte-hartzea, udal webgunean eta sare sozialetan azokak duen presentzia, eta urtean zehar antolatzen diren azoka bereziak, besteak beste urrian, azaroan odolki dastaketarekin batera eta Loinatz jaietako baserritarren eguneko azoka berezia.

Ekintza horien guztien helburua tokiko ekoizpena babestea, lehen sektorea duintzea eta herritarrei gertuko, sasoiko eta kalitatezko produktuak eskuratzeko aukera ematea dela nabarmendu du zinegotziak, mendeurrenaren testuinguruan lan-ildo horiek indartu egingo direla gaineratuz.

Erakusketak, sukaldaritza, artisauak eta lanabesak astearteko azokan

Merkataritzako udal teknikariak Ane Egurtzak, azkenik, mendeurrenaren harira prestatu den egitaraua zehaztu du. Otsailaren 2an, Igartzako jauregian, 18:00etan, “Azoka lehen, orain eta etorkizunean” izeneko mahai-ingurua egingo da, azokaren bilakaerari eta etorkizuneko erronkei buruzko hausnarketa partekatua sustatzeko. Izaro Iraeta aurkezleak gidatuta, Manex Aranburu (Goimen-eko teknikaria), Carmen Gimeno (eskualdeko nekazaritza bulegoko burua), Josetxo Mendia azokako ekoizlea, Maria Luisa Urrestarazu azokako ekoizlea eta Juantxo Unanua ”Astearteko azokak mendea bete du” argitalpenaren egilea mintzatuko dira. 

Otsailaren 3an, astearteko azokak hartuko du protagonismoa. Ekitaldi bereziez osatutako egitaraua antolatu da mendeurren honen ospakizuna azpimarratzeko. Goizeko zortzi terdietatik hasita Loinazko San Martin plaza azpian, artisau-lanbide zaharren erakusketa (abarkagintza, harigintza eta pilotak egitea) izango da. Zubimuzu plazan aldiz, garai bateko nekazaritzako lanabesen erakusketa eta plaza azpian azokaren inguruko argazki-erakusketa. Hamar terdietan Iker Markinezek azokako produktuekin egindako pintxo-dastaketa eskainiko du. Goizean zehar, Loinatz Musika Eskolako trikitilari eta pandero jotzaileek musikarekin girotuko dute azoka eta, amaitzeko, baserritarrentzako hamaiketakoa eskainiko da ordubatean.

Beasaingo Udalak herritar guztiak gonbidatu ditu mendeurrenaren harira antolatutako ekitaldietan parte hartzera, azoka tradizio bizia dela aldarrikatzeko eta etorkizunera begira elkarrekin zaintzeko.

Azoka 100 urte aurkezpena 2