Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Bestelakoak

Beasaingo odolkien dastaketako lehiaketa 40. ediziora iritsi da

2025/11/07

Beasaingo ikur den jakiari gorazarre egingo zaio egun osoan azoka, lehiaketa eta beste ekitaldiekin herriko kulturaren eta gastronomiaren adierazgarri

Odolkia, nortasunaren zaporea 

Beasainen, odolkia ez da soilik jaki bat; herriko nortasunaren ikurra da. Belaunaldiz belaunaldi egin den produktu hau bihurtu da Beasain bere egiten duen zaporeetako bat, eta urtean behin herritarrek eta bisitariek elkarrekin ospatzen dute haren inguruan sortzen den giroa.

Gernika pasealekua jantziko da berriro festa-giroz, Beasaingo odolki dastaketa eta lehiaketa dela eta. Azoka, dastaketa eta ekitaldi ugarik herria beteko dute, bertako produktuak eta artisautza lehen planoan jarriz.

Azoka berezia, bertakotasunaren erakusleiho

Goizeko lehen orduetatik, bertako produktuen azoka izango da herriko kaleetako protagonista nagusia. Beasaindarrek eta inguruko ekoizleek beren lanaren emaitzak eskainiko dituzte: gazta, eztia, artisau produktuak, kontserbak, hestebeteak, loreak, zezina eta noski, odolkia, herriko altxor gastronomiko handiena.

Azoka hau urteko garrantzitsuenetako bat bihurtu da, bertako ekonomia sustatzeaz gain, Beasain bere lurrari eta ohiturei lotzen dituen haria sendotzen duelako.

Lehiaketa eta festa giroa

Goizeko 11:30ean hasiko da Odolki Lehiaketaren 40. edizioa, eta bertan epaileek zaporea, testura, usaina eta aurkezpena baloratuko dituzte. Eguerdian ezagutuko da irabazlearen izena, baina beasaindarrentzat benetako bizipoza elkartzea, partekatzea eta beasaindar izaera ospatzea da.

Egun osoko egitaraua

Ekitaldi nagusiez gain, egun osoan zehar jarduera ugari izango dira:

  • 09:00 Argizpik antolatutako argazki rallya
  • 10:00 Bertako produktuen azoka
  • 11:00 IV. Beasaingo Ekaitz erraldoien eta buruhandien konpartsaren eguna
  • 11:30 XL. Odolki dastaketa eta lehiaketa
  • 13:00 Sari banaketa
  • 17:00 Erraldoien eta buruhandien bilkura
  • 18:00 Antzerki familiarra
  • 19:30 Zuttik elektrotxaranga