Beasaingo Udalak eta Dar-Dar kooperatibak diagnosi-faseko jardunaldiak abiatuko dituzte nahi ez den bakardadea eta buru osasunaren proiektuaren baitan
Herritarren eta herri eragileen parte-hartzea funtsezkoa izango da urriaren 29an eta azaroaren 4an Beasainen abiatuko den diagnosi komunitarioan
Duela urtebete Beasaingo Udalak eta Dar-Dar gizarte ekimen kooperatibak abiarazitako Nahi ez den bakardadea eta buru osasuna proiektuak urrats berri bat emango du datozen egunetan. Orain arteko sentsibilizazio fasea amaitzear dago, eta proiektuaren diagnosi-fasea hasiko da bi jardunaldiren bidez: urriaren 29an (asteazkena) eta azaroaren 4an (asteartea), 18:00etan udaletxeko batzar aretoan.
Herritar eta herri eragile guztiei zuzendutako saio ireki hauek proiektuaren orain arteko ibilbidea azaltzeko, egingo den diagnosiaren xehetasunak aurkezteko eta parte hartzeko moduak zehazteko balioko dute.
Proiektu komunitario eta parte-hartzailea
Beasaingo Udalak eta Dar-Dar kooperatibak elkarlanean abiatu zuten proiektua 2024an, nahigabeko bakardadea eta buru osasuna gai nagusi gisa hartuta. Helburua da herritarren ongizate emozionala eta soziala indartzea, eta bakardade egoerak prebenitzea, ikuspegi komunitariotik eta artearen bidezko sentsibilizazioaren bidetik.
Ekimena bi fasetan banatua dago:
- Lehen fasea (2024–2025): diseinua eta sentsibilizazioa.
- Bigarren fasea (2025–2026): diagnosia eta ekintza programa parte-hartzailea.
Orain arteko ibilbidean, 506 herritarrek hartu dute parte Beasainen egin diren ekimenetan —antzerki saioak, dinamika parte-hartzaileak eta sormen prozesuak tarteko—, eta parte-hartzaileen balorazioa bikaina izan da.
Adituen eta herritarren arteko diagnosia
Hurrengo fasean, diagnosi parte-hartzailea jarriko da abian. Horretarako, aditu talde bat osatu da, eta bertan izango dira Ainara Arnoso (EHUko Psikologia saila) eta Maribel Pizarro (Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoa, GIT), biak ala biak arlo honetan erreferenteak diren profesionalak.
Diagnosiaren helburua da Beasaingo eta Goierriko egoera aztertzea, eta nahigabeko bakardadearen eta buru osasunaren arteko loturak identifikatzea. Prozesuak inkesta eta elkarrizketa dinamikoak izango ditu oinarri, eta herritarrek parte hartzeko aukera izango dute modu zuzenean.
Bi jardunaldi irekiren bidez
Diagnosiaren hasiera markatuko duten bi jardunaldi hauetan, urriaren 29an eta azaroaren 4an, ondorengo gaiak jorratuko dira:
- Orain arte egindako ibilbidearen eta emaitzen azalpena.
- Diagnosiaren edukia eta erabiliko den inkestaren aurkezpena.
- Inkestaren zabalkundea eta antolaketa.
- Lehen esperientzia pilotua, nahi ez den bakardadeari eta buru osasunari aurre egiteko Beasaingo esparruan.
Saioek izaera irekia dute, eta herritar guztiak gonbidatuta daude parte hartzera. Bi egunetako egitaraua berdina izango denez, nahikoa izango da saioetako batera bertaratzea.
Etorkizunera begira
Proiektuak aurrera egin ahala, diagnosiaren ondorioetatik abiatuta parte-hartze prozesu bat garatuko da ekintza-programa komunitario bat sortzeko, Beasaingo herritarren ongizate emozionala eta komunitate-sarea indartzeko helburuarekin.
Beasaingo Udalak eta Dar-Dar kooperatibak eskerrak eman nahi dizkiete orain arte parte hartu duten guztiei, eta dei egiten diete herritar guztiei erronka kolektibo honetan aktiboki parte hartzera.



