Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Bestelakoak

Beasaingo azokak udazken garaiko produktuen aurkezpen berezia egingo du urriaren 28an

2025/10/27

Ekoizleak eta produktuak ezagutarazteko, ekoizle bakoitzaren lau produktu jarriko dira erakusgai eta 11:00etan Kaxolako Iker Markinez sukaldariak bertako produktuekin egindako pintxoak prestatuko ditu azokara gerturatutakoen artean doan banatzeko

Tartean, Jon Etxeberria erlezaina itzuliko da bere eztiarekin eta Ander Del Rio Artzabaltza proiektu agroekologikoaren ogi eta pasta ekologikoekin estreinatuko da azokan

Beasaingo astearteko azoka berezia izango da urriaren 28an. Egun horretan, astearteroko ohiko azokaren baitan, bertako eta garaiko produktuen aurkezpen berezia egingo da, ekoizleen lana ezagutarazteko eta balioan jartzeko asmoz. Beasaingo Udalak ekimen hau antolatu du bertako ekoizpenaren garrantzia eta tokiko elikadura jasangarria azpimarratzeko. 

Udazkenak dakartzan zapore eta koloreen artean, bertako baserrietako uzta berria izango da protagonista. Helburua argia da: bertakoa lehenetsi, ekoizleen lana aitortu eta azokaren funtzio soziala indartu.

Ekoizleen erakusketa berezia

Egun horretan, azokaren erdigunean, ekoizle guztien lau produktu jarriko dira ikusgai, erakusleiho txiki baten moduan. Produktu bakoitzaren ondoan ekoizlearen izena eta jatorria agertuko dira, herritarrek haien lana eta istorioa hobeto ezagutzeko.

Parte hartuko duten ekoizleak eta proiektuak hauek izango dira:

  • Jose Antonio Elosegi – sagar ekologikoak, Gabiriako Oñatibia txiki baserritik.

  • Jon Etxeberria – ezti ekologikoak, azokara itzuliko da bildutako eztiarekin. Ataungo ekoizlea da; erlategi gehienak Goierrin baditu ere, Araban eta Nafarroako mendietan ere baditu. Ezti lote desberdinak eskaintzen ditu.

  • Josetxo Mendia – barazki ekologikoak, Zegamako Altzibar baserrikoak.

  • Patxi Arizmendi – garaian garaiko barazkiak, sagarrak, fruitu lehorrak eta lekaleak, Altzagara bidean dagoen Iturriotz baserritik.

  • Maria Luisa Urrestarazu – barazkiak eta etxeko arrautzak, Arriaran auzoko Ondarre baserritik.

  • Azanza mintegia – loreak eta landareak, Zaldibiatik.

  • Artzabaltza proiektu agroekologikoa (Altzaga) – ogia eta pasta ekologikoak. Ander Del Rio izango da lehen aldiz Beasaingo azokan bere produktuak saltzen.

Kaxolako Iker Markinezen pintxoak doan 

Goizeko 11:00etan, Kaxolako Iker Markinezek bertako produktuekin egindako pintxoak prestatuko ditu, eta doan banatuko dira azokara gerturatzen direnen artean. Dastaketa honek aukera paregabea eskainiko du bertako produktuen kalitatea eta zaporea zuzenean ezagutzeko.

Bertako ekoizpena eta jasangarritasuna babestuz

Beasaingo Udalak bertako ekoizleen, garaian garaiko produktuen eta jasangarritasunaren aldeko konpromisoa berresten du honela. 

“Azokak gure herriko bizitza sozialaren eta ekonomikoaren bihotzean jarraitzen du. Ekoizleek egiten duten lana eta kalitatezko produktuak gure osasunaren eta ingurumenaren aliatu dira”, adierazi dute udal arduradunek.

Ekimen honen bidez, azokaren funtzio soziala eta ekonomikoa indartu nahi da, bertako ekonomia sustatu, jasangarritasuna bultzatu eta elikadura osasuntsua defendatuz. 

Azoka, tradizioa, gertutasuna eta gizarte-lotura

Urtez urte, Beasaingo astearteko azoka herritarren topagune eta tokiko ekonomiaren oinarrietako bat izaten jarraitzen du. Aurkezpen berezi hau, ekoizle berrien parte-hartzearekin eta uzta berriarekin, azokaren izaera bizia eta berritzailea erakusteko aukera paregabea izango da.

Data: 2025eko urriaren 28a, asteartea
Lekua: Beasaingo herriko plaza
Ordutegia: 8:00 – 13:30
Dastaketa berezia: 11:00etan