Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Bestelakoak

Ikasleen artean elikadura osasuntsua eta bertako azoka sustatzeko kanpaina berria abiarazi du Udalak

2025/10/07

Hirugarren urtez jarraian, ikastetxeekin, Osakidetzarekin eta ekoizleekin elkarlanean egingo dira jarduerak ikasturte honetan

Helburua: gaztetatik elikadura ohitura osasuntsuak eta bertako produktuen balioa zabaltzea

Beasaingo Udalak, herriko ikastetxeek eta Osakidetzak hirugarren urtez jarraian egingo dute “Azoka eta elikadura osasuntsua” izeneko programa, gaztetatik elikadura osasuntsuaren garrantziaz ohartarazteko eta bertako azokaren balioa azpimarratzeko helburuarekin. Proiektuak, gainera, tokiko ekoizleen lana ezagutzera ematea eta tokiko kontsumoa sustatzea du xede. 

Udalaren konpromisoa: osasuna eta tokiko ekonomia eskutik

Aurkezpenean Leire Artola Beasaingo alkateak nabarmendu duenez, “Udalaren lehentasunen artean dago bertako azoka eta merkataritza sustatzea. Horren bidez, tokiko ekonomia indartsu mantentzeaz gain, bertako eta garaiko produktuen kontsumoa bultzatzen dugu, jakin badakigulako horrek osasunean, bizi-kalitatean eta ongizatean eragin zuzena duela”.

Alkatearen esanetan, ekimen hau “azokaren irudia sendotzeko eta herritarren artean ohitura osasungarriak zabaltzeko lanaren emaitza da”. Aurten berriz antolatzeak erakusten du duela hiru urte hasitako bideak ondorio positiboak izan dituela. Gainera, Udalaren, ikastetxeen, Osakidetzaren eta ekoizleen arteko lankidetzak fruitu emankorrak eman ditu.

Osakidetzaren ikuspegia: hezkuntza eta prebentzioa

Osakidetzako Gorka Gullon ordezkariak azaldu duenez, tailerren helburua da Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleen artean elikadura osasungarria sustatzea eta komunitateko eragileekin sarean lan egitea. Tailerrak erizaintzako eta pediatriako profesionalek emango dituzte, Minbiziaren Aurkako Elkarteko psikologoekin elkarlanean.

Tailerrak Andramendi ikastolan, Alkartasuna-Lizeoan, La Salle eta Murumendi eskolan egingo dira urriaren erdialdetik abenduaren erdialdera bitartean. Bi zatitan banatuko dira:

Lehen zatian elikaduraren eta emozioen inguruko lanketa teorikoa egingo da, jolas eta puzzleen bidez. Bigarrenean, gosari osasungarri bat prestatuko da bertako produktuekin, Udalak eskaintzen dituen lehengaiekin.

Esperientzia honek aurreko ikasturteetan harrera bikaina izan du bai ikastetxeen, bai familien, bai antolatzaileen aldetik.

Eskola Agenda 2030: ikasleen parte-hartzea eta GJHen lanketa

Rosa Aurkiak, Eskola Agenda 2030eko arduradunak, gogorarazi du proiektu hau ikasleen ekarpenetik jaio zela. 2023an ikasleek Udalari proposatu zioten azokaren sustapena eta bertako produktuen erabilera hezkuntza jardueretan txertatzea. Hiru urteko ibilbidea duen proiektu bizia da, ikasleen balorazio-bileretan egindako ekarpenekin etengabe egokitzen dena.

Aurtengo ikasturtean, 12. Garapen Jasangarriko Helburua (ekoizpen eta kontsumo arduratsua) izango dute ardatz, eta ikasleek ekintza hauek garatuko dituzte:

  • Azokan erosteko deskonto-bonu berriak diseinatzea.
  • Azokan erosleei banatzeko poltsa erakargarriak sortzea.
  • Ekoizleen ikusgarritasuna handitzeko iragarkiak prestatzea.

Ekoizleen parte-hartzea: azokatik ekoiztetxera

Josetxo Mendia ekoizleak aurkeztu ditu azokako bisitak (azoka ezagutzeko jolas eta tailerrekin) eta eta ekoizleen baserrietara egingo diren irteerak, urtarriletik martxo erdialdera arte. Ikasleek, besteak beste, honako bisitak egingo dituzte:

  • Altzagan, Artzabaltza baserria (Ander del Rio): ogi ekologikoaren ekoizpen prozesua ezagutzeko.
  • Zaldibian, Gipuzkoako erlezain elkartea: erleen mundua eta erlauntzako produktuak ikusteko.
  • Gabirian, Oñatibi txiki baserria (Jose Antonio Elosegi): sagarraren eta sagastien inguruko ezagutza.
  • Altzibarren, Mendiaren baratzea: barazki ekologikoen ekoizpen prozesua bertatik bertara ikusteko.

Beasaingo azoka, komunitatearen topagune bizia 

Proiektu honen bidez, Beasaingo Udalak azokaren balioa handitu eta komunitate osoaren parte-hartzea sustatu nahi du. Artolak azpimarratu duenez, “ikasleak dira gaurko jardueraren protagonistak, eta haien parte-hartze aktiboa txalogarria da. Helburua da gaztetatik elikadura osasuntsuaren garrantziaz ohartaraztea eta etorkizun osasungarri baten aldeko jarrerak sendotzea”.

azoka ikastetxeak20251007