Maiatzaren 3an iritsiko da hileko lehen larunbateko azoka. Bertako eta sasoiko produktuak sustatzeko azoka berezia tokiko ekoizleen lana balioan jartzeko eta herritarrak kontsumo arduratsura eta hurbileko produktuetara bideratzeko helburuen barruan kokatzen da.
Azokan udaberriko barazki freskoak aurkitu ahal izango dira: ilarrak, babak, tipulina, kukuiluak, letxugak, errukula eta zainzuriak. Guztiak garaikoak eta Beasain inguruko baserrietatik ekarriak, gure baserritarren eskuz egindako lanaren fruitu.
Baserritarren eguneroko lana funtsezkoa da gure elikadura-sistemarentzat, eta azokak beraien produktuak zuzen-zuzenean herritarrei eskaintzeko aukera ematen du, bitartekaririk gabe eta kalitate osoz.
Jardunaldia giro ezin hobean burutuko da, eta egitaraua ondorengoa izango da:
- 10:00 – Bertako produktuen azokaren hasiera
- 11:30 – Poltsak egiten ikasteko tailerra, Jenny Cruzen eskutik (Hazi eta Hezi establezimendutik)
- 12:00 – Loinatz Musika Eskolako trikitilari eta pandero-jotzaileak azoka girotzen.
- 13:30 – Azokan erosketak egin dituztenen artean azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa.
- 14:00 – Azokaren amaiera.
Beasaingo Udalak herritarrak gonbidatzen ditu azokan parte hartzera, bertako ekonomia eta ingurumenarekiko errespetua oinarri dituen kontsumo eredua bultzatzeko. Azoka berezi honek komunitatea indartzeko eta gure lurreko zaporeak ospatzeko parada emango du.