Beasainen dauden ibilgailu elektrikoen alokairu-zerbitzu berria probatzeko Guppy aplikazioan alta emanda 10 euro oparituko dira
Beasaingo Udalak, mugikortasun jasangarriaren eta partekatuarekin duen konpromisoa berretsiz, ibilgailu elektrikoen alokairurako zerbitzu berria abiarazi du Guppy plataformaren bidez. Zerbitzuaren martxa jarri izana ospatzeko, promozio berezi bat eskainiko da: aplikazioan izena ematen duten guztiek 10 euroko saldoa jasoko dute doan zerbitzua probatzeko.
Car sharing edo auto partekatuaren sistemaren bidez, herritarrek Tesla Model 3 motako bi ibilgailu elektriko alokatu ahal izango dituzte, Gernikako pasealekuko aparkalekuan. Ekimen honen helburua da autoa modu puntualean behar duten herritarrei aukera malgu eta merkeago bat eskaintzea, ibilgailu baten jabetzarekin lotutako kostuak ekidinez.
Zerbitzuaren eta promozioaren onurak
Ibilgailua edukitzearekin alderatuta, kostu ekonomiko txikiagoaz gain, kutsadura isurketak murrizten laguntzen du zerbitzuak. Gainera, Guppy sarearen bidez, autoak beste hiri batzuetan utzi daitezke —Bilbo, Donostia edo Madril, besteak beste—, baita Bilbo, Santander eta Madrilgo aeroportuetan ere, Beasainera itzuli beharrik gabe. Autoek Emisio Baxuko Eremuetarako sarbide librea dute eta aseguru osoa eta 24/7 laguntza teknikoa barne hartzen dute.
Promozioa baliatzeko, erabiltzaileek Guppy aplikazioan izena eman eta ondorengo estekan eskuragarri dagoen formularioa bete behar dute: https://www.guppy.es/nuevos-usuarios-pais-vasco/. Horrela, 10 euroko saldoa automatikoki jasoko dute bidaia jasangarri eta erosoa hasteko.
Ekintza honen bidez, Beasaingo Udala eta Guppy mugikortasun arduratsuagoa bultzatzen ari dira, eta herritar guztiei garraio-forma berrietarako sarbidea errazten diete.