Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Udal gobernua

Barrendain plaza berritzeko lanak urtarrilean hasiko direla aurreikusten da

2025/09/26

 Gobernu Batzordeak berrurbanizazio lan hauen kontrataziorako agiriak onartu ditu, nahi ez den bakardadea arintzeko diseinatu den lehen plaza posible egingo dutenak

Osoko bilkuraren onespenarekin, Beasaingo Udala Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterrean sartu da bazkide gisa

Iraileko osoko bilkuran zein gobernu batzordean hartutako erabaki nagusiak Lurralde batzordeak proposatutako gaien inguruan izan dira. 

Gobernu batzordean hartutako erabaki nagusia Barrendain plaza edo geltokiko plaza berrurbanizatzeko prozedura ireki arruntez kontratatzeko proiektu eta administrazio klausulen agiria onartzea izan da. Barrendain plazako berrurbanizazioaren helburua gizarte harremanak eta belaunaldien arteko loturak erraztea da, nahi ez den bakardadea arintzea eta pertsonen ongizatea hobetzea. 

Prozesu parte-hartzaile bidez diseinatutako topagunea

Horretarako, plaza berriak topagune irisgarri, osasungarri eta lagunkoi bihurtu nahi du, elkarrizketarako, kirolerako eta osasuna sustatzeko jardueretarako espazioekin. Ekimen hau Gipuzkoako “Hariak” estrategiaren baitan kokatzen da eta Kalelagun diseinu gidaren  lehen esperientzia pilotua izan da, zahartze aktiboa eta gizarte kohesioa bultzatzeko espazio publikoa diseinatzeko irizpideak ematen dituena.

Prozesua guztiz parte-hartzailea izan da: hirugarren sektoreko eragileak, unibertsitateko taldeak (UPV/EHUko Arkitektura eskolako CAVIAR ikerketa taldea, Psikologia eskola eta Informatika eskola) , zaintzen sektoreko enpresak, erabiltzaileak eta Beasaingo Udaleko ordezkariak bildu dira diseinua osatzeko. Obrak hasi aurretik, plazan estazio meteorologiko bat jarri da ingurumenaren parametroak neurtzeko eta eraldaketak ongizatean izango duen eragina aztertzeko. Parte-hartzaileek espazioaren ezaugarriak zehaztu dituzte, hala nola elkarrizketarako bankuak eta belaunaldi arteko harremanak sustatzeko jarduera-guneak. Horren bidez, Barrendain plaza bihurtuko da Gipuzkoan nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko berariaz diseinatutako lehen plaza. 

Beasaingo Udala Euskadiko Mugikortasun eta logistika Klusterrean

Lurralde arlotik egindako proposamenari erantzunez, osoko bilkurak aho batez onartu du Beasaingo Udala Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterrean sartzea bazkide gisa. 

Honen arabera, Klusterreko bazkide izateak aukera ematen du hiri-azpiegiturak modernizatzeko eta garraio-sistemak optimizatzeko irtenbide teknologiko berrietara sarbidea. Baita, Beasainen proiektu berritzaileak garatzeko eta irtenbide jasangarriagoak eta eraginkorragoak ezartzeko aukera. Halaber, karbono-aztarna murrizteko sistema adimendunen bidez eta aliantza estrategikoen bitartez sektoreko eragile nagusiekin lankidetzan aritzeko aukera eskaintzen du. Era berean, finantzaketa-iturrietara eta dirulaguntzetara sarbidea errazten du, eta esperientziak zein jardunbide egokiak partekatzeko guneak eskaintzen ditu. Laburbilduta, klusterreko bazkide izatearen onura nagusia berrikuntza eta lankidetza sare baten bidez mugikortasun eta logistika jasangarriagoak eta eraginkorragoak garatzeko aukera izatea da

Mozioak

Iraileko osoko bilkuran aztertzeko zeuden gaien artean, Elkarrekin Podemos udal taldeak aurkeztutako bi mozio egon dira. Lehena Igartza Literatura Sorkuntza Bekari Saioa Alkaizak uko egin izanaren ingurukoa eta bestea Brinkola-Irun lineako udalerri guztietako aldirietako garraio-zerbitzuaren funtzionamendu eskasari buruzkoa. . 

Lehen mozioaren aurrean, EHBildu udal taldeak kontramozioa aurkeztu du eta EAJ eta PSE udal alderdiek beste kontramozio bat aurkeztu dute. Bozketan, EAJ eta PSE-k aurkeztutakoa izan da onartua bi alderdien bozekin, Elkarrekin Podemosen aurkakoarekin eta EHBilduren abstentzioarekin.

Bigarrenean, PSE eta EAJ udal alderdiek aurkeztutako kontramozioa izan da bozketan onartua bi alderdien aldeko bozekin eta EHBildu eta Elkarrekin Podemos alderdien aurkako bozekin.