Lazkaora bidean alde banatan dauden margo berriek, kultura, paisaia, mugikortasuna eta tokikotasuna adierazteko helburua dute Xabier Anuntzibai artista beasaindarraren ikuspegitik
Udalak sustaturiko artelan honek ingurune urbanoaren humanizazioa, herri nortasuna eta arte publikoaren bidez kohesio soziala du xede
Senpere kaletik Lazkaora doan bidearen alboetako bi horma-irudien lana amaitutzat eman dela jakinarazi dute Udalak eta lanaren egileak bertan egindako aurkezpenean. Bertako artista den Xabier Anuntzibaik (Beasain, 1985) egin duen esku-hartzeak kolorea, dinamismoa eta ikuspegi kolektiboa eman dizkio orain arte hormigoi hotzaren irudiak markatutako espazioari. Arte-lanaren tamaina 430 metro karratu ingurukoa da. Lan erraldoia Anuntzibairentzat. Sormen prozesua martxotik ekainera bitartean eman zen eta egikaritzea aldiz abuztuan. Epe honetan errepidearen errail bat etenda mantendu behar izan da lanak modu seguruan egin ahal izateko.
Horma-irudiek Beasaingo eguneroko eszenak jasotzen dituzte: oinez, bizikletan edo patinetean dabiltzan herritarrak, trenaren joan-etorriak, ibilgailuen zirkulazioa, Oria ibaiaren gainean hegan doan koartza eta Igartzako Monumentu Multzoa… guztia mugimenduan dagoen herri baten energia, bizikidetza eta mugikortasun jasangarria irudikatzeko.
Artistak berak erronka honen garrantzia nabarmendu du: «Erronka eguneroko bizitza irudikatzea zen, ikusten dena eta askotan ikusten ez dena». Eta bere herrian lan egitearen inguruan gaineratu du: «Etxean lan egiteak beti badu berezi egiten duen zerbait. Etxean jolasteak abantailak eta presioak ditu, baina obra forma hartzen hasten denean eta jendearen harrera ona jasotzen duzunean, ahalegin guztiak merezi du».
Akupuntura urbanoaren beste adibide bat
Beasaingo Udalaren arabera, ekimen hau akupunktura urbanoaren estrategiaren barruan kokatzen da: herrian egon daitezkeen toki edo eremu degradatuak, erabilera urrikoak, berreskuratu eta biziberritzeko. Edo kasu honetan bezala, arte-esku-hartze eraginkorren bidez, espazioak, puntu zehatzak eraldatzeko xedea betetzea. Ingurune atseginagoak sortuz, hormigoiaren presentzia arinduz eta ongizate kolektiboa indartuz herri eroso eta irisgarriagoa eraikitzen jarraitzeko.
Udal ordezkarien aldetik Adur Ugartemendia alkateordea eta Lurraldea saileko burua eta Mariola Pascual kultura zinegotzia izan dira aurkezpenean eta oso balorazio positiboa egin dute lan berriaz. Horma-irudiak ondorengo aspektuak indartzen dituela azpimarratu dute: ingurune urbanoaren humanizazioa, herri nortasuna eta harrotasuna eta arte publikoaren bidez kohesio soziala sustatzea. “Antzeko esperientziek erakutsi dute horrelako ekintzek estetika hobetzen dutela, degradatutako guneak biziberritzen dituztela, beasaindartasun izaera indartzen dutela eta herritarren parte-hartzea pizten dutela. Obra honekin, Beasainek berriz ere berresten du bere konpromisoa hiri-berroneratze jasangarriarekin eta artea eraldaketa eta bizikidetzarako tresna gisa ulertzearekin” gaineratu du Ugartemendia alkateordeak.






