Oiartzuarrak aurkeztutako proiektua “Arrakalak” du izena eta pertsonen arteko harremanetan sortzen diren “pitzadurei” buruz hitz egiten du

Iazko irabazleak,  Maddi Ane Txoperena Iribarrenek , dagoeneko liburua amaitu du eta  sariaren bigarren zatia jaso du. Datorren otsailean argitaratuko da liburua

XXIV. Igartza Literatura Beka sariaren edizioko irabazlea Olatz Mitxelena Larreta oiartzuarra izan da “Arrakalak” proiektuarekin, hala adostu bait dute Oihane Amantegi, Irati Jimenez eta Garazi Kamio epaimahaikideek.

Hogeita laugarren edizioa bete du Beasaingo Udalak, Elkar argitaletxeak eta CAF enpresak, idazle gazteak laguntzeko antolatzen duten beka honek. Olatz Mitxelenak proiektuarengatik 6.000 euroko sariaren erdia eta garaikurra jaso ditu antolakuntzako ordezkarien eskutik eta urte beteko epea izango du liburua amaitzeko.

Igartzako jauregian egindako aurkezpenean, egile sarituaz gain, Beasaingo alkatea Leire Artola, Elkar argitaletxeko Xabier Mendiguren eta CAF enpresako euskara arduradun Joxe Begiristain izan dira. Artola alkateak eskerrak eman dizkie CAF-i eta Elkar Argitaletxeari idazle gazteen lanaren sustapenean ahalegindu eta laguntza emateagatik eta aurtengo irabazlea zoriondu du. “Beasaingo Udalarentzat Igartza Literatura Bekak egin duen bidea harro egoteko modukoa da, okerrik ezean datorren urtean mende laurdena beteko du” aipatu du Artolak. “Haundi-usterik gabe, Ibilbide honek etorkizuneko euskal idazleen harrobi izatea bilakatu gaituela esan dezakegu eta hala izaten jarraitzea da gure asmoa, Beasain izena euskararen izanarekin lotu nahi dugulako. Euskararen aldeko gure apustu garbia ukaezina da eta tinko eusten jarraituko diogu helburu honi” azpimarratu du. 

Mitxelenaren lehen liburua

Olatz Mitxelena Larreta (Oiartzun,1989) filosofian lizentziatua da, zenbait graduondo ikasitakoa eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea. Zenbait sariketa irabazi izan du, prentsako zutabeak ere idazten ditu, baina hauxe izango du lehenengo liburua.

“Arrakalak” proiektuan, gai eta estilo ugariren bidez, gizon-emakumeon baitan nahiz pertsonen arteko harremanetan sortzen diren pitzadurei buruz hitz egin nahi du egileak, hutsune eta gabezia horietan gauzatzen direlakoan gure beldurrak, minak, ezinak… Umorea, gorputza, absurdoa, gogoeta… Horra ipuinetan zehar aurkituko ditugun beste zenbait ezaugarri, eta guztien atzean gure arrakala horiek goxatzeko borondatea.

Aurtengo edizio honetara 12 lan aurkeztu dituzte; horietatik 7 gipuzkoarrak,  2 nafarrak eta 2 bizkaitarrak, ez dago iparraldekorik.  Oinarriak zabaltzen direnean saiakera egiten da Euskal Herri osora zabaltzen. Generoari dagokionez 10 emakumezkoak dira eta 2 gizonezkoak. Sariak 6.000 euroko laguntza eta lana argitaratzeko konpromisoa dakartza.

Bestalde ekitaldi berean, iazko irabazleak,  Maddi Ane Txoperena Iribarrenek , dagoeneko liburua amaitu du eta  sariaren bigarren zatia jaso du. Datorren otsailean argitaratuko da liburua.

Igartz Lite Beka txoperena 20210916 4

Idazle gazteen sorkuntza-lana saritzea

Igartza Literatura beka saria Beasaingo Udalak idazle berrien sormena bultzatzeko helburuarekin sortu zuen. Baldintza nagusiak, 35 urte bete gabe izatea, aurretik lan argitaraturik izatekoetan helduentzako bi liburu baino ez izatea eta lanak jatorrizkoak eta euskaraz sortuak izatea dira.  

Orain arteko irabazleak:

LIBURUAIGARTZA SARIAURTEAARGIT. URTEAEGILEA
TUBABU I.ª   1994 Jon Arretxe Perez
CONNEMARA GURE BIHOTZETAN I. beka 1998 2000 Julen Gabiria Lara
EGUN DENAK EZ DIRA BERDIN II.beka 1999 2001 Xabier Etxeberria Garro
KORAPILOAK II. bekaaccesit 1999 2001 Jasone Osoro Igartua
ORTZADARRA SUTAN III.beka 2000 2002 Fernando Morillo Grande
VAN´T HOFFEN ILEA IV.beka 2001 2003 Unai Elorriaga Lopez de Letona
HAN GOITIK ITSASOA IKUSTEN DA V.beka 2002 2004 Julen Gabiria Lara
KARONTE VI.beka 2003 2005 Asel Luzarraga Zarrabeitia
AMAREN ESKUAK VII.beka 2004 2006 Karmele Jaio Eiguren
LILE VII. bekaaccesit 2004 2006 Peru Magdalena Arriaga
AULKI BAT ELURRETAN VIII.beka 2005 2007 Uxue Alberdi Estibaritz
ERO IX.beka 2006 2008 Jon Martin Etxebeste
HABITAT X.beka 2007 2009 Katixa Agirre Miguelez
NORA EZ DAKIZUN HORI X. bekaaccesit 2007 2009 Irati Jimenez Uriarte
KATU JENDEA XI.beka 2008 2010 Eider Rodriguez Martin
MEA CULPA XII.beka 2009 2011 Uxue Apaolaza Larrea
BESTE NORBAITEN ZAPATAK XIII.beka 2010 2012 Garazi Kamio Anduaga
GELTOKIAK EDO HELDUTA ENTZUTEKO ABESTIAK XIV.beka 2011 2013 Goiatz Labandibar Arbelaitz
ERRAIAK XV.beka 2012 2014 Danele Sarriugarte Mochales
EZ TIRO EGIN ANBULANTZIEI XVI.beka 2013 2015 Mikel Ayllon Corral
HAUTS HAIETATIK XVII.beka 2014 2016 Unai Villena Camarero
NOLA HELDU NAIZ NI HONAINO XVIII.beka 2015 2017 Kattalin Miner Perez
ZALDI MAMARROA XIX.beka 2016 2018 Ekaitz Goienetxea Cereceda
BASA XX.beka 2017 2019 Miren Amuriza Plaza
ZENDABALITZ XXI.beka 2018 2020 Erika Elizari Salvador
HERRIAK EZ DU BARKATUKO XXII.beka 2019 2021 Irati Goikoetxea Asurabarrena
EZ ERRAN INORI XXIII.beka 2020 2022 Maddi Ane Txoperena Iribarren
ARRAKALAK XXIV.beka 2021 2023 Olatz Mitxelena Larreta