Aurkeztutako egitaraua, Beasaingo elkarteak eta Udalak elkarlanean burutzen duten lanaren emaitza da eta beasaindarrek gustuko dituzten ekitaldiak biltzea du helburu

Usurbe antzokian burutzen ari diren lanek egitarauan eragin zuzena izan dute eta Beasain app-an eta udalaren webeko agendan agertuko dira azken orduko aldaketak

Irailaren 27tik azaroaren 9ra luzatuko den Udazken Kulturaleko egitarauak, Beasaingo elkarteek burutzen duten lana balioan jarri eta adin eta gustu ezberdinak dituzten beasaindarrentzako erakargarriak diren ekitaldiak antolatzea du helburua. Kultur ekitaldien eskaintza anitza, zabala eta kalitatezkoa izatea ere oso kontutan hartu dute bai kultura saileko arduradunek zein herriko elkarteek. Hala azpimarratu du Xabier Matarranz kultura saileko zinegotziak hainbat elkarteetako ordezkariekin batera egindako aurkezpenean. 

Dantza eta musika protagonistak

Aurten Aurtzaka dantza taldeak bere 40. urteurrena bete du eta honekin batera dantzaren presentzia nabarmena izango da Udazken Kulturalean. Honela bada, Kresala konpainiaren eskutik Ikonografiak ikuskizuna eskainiko da Erauskin plazan. Igartzako jauregian “ pdf Soka (677 KB) ” izeneko erakusketa egongo da eta honi lotuta Oier Araolaza antropologo eta dantzan.eus-eko ordezkariaren eskutik bisita gidatua. Mahai ingurua ere izango da “Euskal Kultura ondarearen legea aztargai: ondare immateriala , dantza” izenburupean urriaren 12an eta 17an hitzaldia soka dantzari buruz.

Aurtzakaren emanaldia aurten eguerdian izango da. Urteurrenaren inguruko ospakizunak direla eta, besteak beste, ibilaldi bat egingo dute taldekideek Igartzatik irtenda, bazkaria eta erromeria arratsaldean.

Dantzari lotuta, Dantzaki dantza eskolaren dantza erakustaldia ere Gernika pasealekuko frontoian eskainiko da urriaren 27an.

Musikari dagokionez Igartza Musikaren eskutik egitarau zabala antolatu da. Maria Amolategi eta Victor Sanchez herritarrek disko berria aurkeztuko dute. Aitor Garitanok eta Gerardo Rifonek Igartzako jauregian eskainiko dute emanaldia, Benito Lertxundiren kontzertua Usurbe antzokian izango da. Abesbatzei dagokionez Swara vocal Ensemble talde belgikarra Tolosako lehiaketatik etorriko da eta Loinatz abesbatzak “Dantzaz eta kantuz” ikuskizuna eskainiko du Aurtzakarekin batera. Azken orduko nobedade gisa, nabarmendu Easo gazte eta eskolania abesbatzak Ana Belen Garcia organo-jolearekin eskainiko duten kontzertua Andre Mari Zeruratuaren parrokian urriaren 13an.

Albiste on baten berri ere eman behar da. Izan ere Beasaingo Zanpaldunak (joaleak) berriz eratu dira eta kalean ikusteko aukera izango da. Urriaren 13an eguerdiko 12:00etan Igartzatik aterako dira eta herriaren erdi guneraino joango dira.

Erakusketa ugari

Erakusketez josita dator udazkena  eta momentu jakin batzuetan Igartzako eraikin guztietan erakusketak  egongo dira. Adibidez, “Soka” erakusketa Igartzako jauregian kokatuko da esan bezala honen baitan antolatutako ekitaldi ezberdinekin. Beste erakusketei buruz, Margo lehiaketarena Igartzako jauregiko erakusketa aretoan izango da, Europako Ondarearen jardunaldietakoa Igartzako Burdinolan, Afrikari buruzkoa Igartzako errotan, Euskal jantzien ingurukoa Usurbe antzokiko erakusketa aretoan eta Argazki erakusketa kolektiboa Igartzako jauregiko erakusketa gelan baita ere.

Boluntarioen egunean omenaldi -ekitaldi herrikoia egingo da  boluntarioek musutruk egiten duten lana eskertzeko. Lunchera herriko boluntario guztiak gonbidatuta daude, ez bakarrik arlo sozialekoak.

Egitarauak biltzen dituen beste hainbat ekitaldien artean, Beasaingo Paperak bildumaren 27. zenbakiaren aurkezpena dago. Josetxo Zufiaurreren  “Baserritarren iraganeko lan egutegia” liburua izango da argia ikusiko duena.

Garai honetan burutzen diren jardunaldien artean Europako ondareari buruzkoa izaten da. Aurtengo gaia “Gure ohituren eta festen ingurukoa” da eta bisita gidatu baten bidez hasiko da Igartzatik. Hip hip urri! berreskuratu da plaza azpian egingo diren bi tailerren bidez; familiak gonbidatuta daude aldez aurretik izena emanda. “Kletaren bira” deituriko kale antzerki familiarra, Txistularien eguna, Errezil sagar eta barazkien lehiaketa, ipuin kontaketak, XII. Beasaingo Mendi Astea eta beste hainbat ekitaldi dira zerrenda luze bat osatzen duten Udazken Kultural honen egitarauaren barruan.

Udal egutegia osatzeko argazki lehiaketa

2020ko Udal Egutegia osatzeko lehiaketan parte hartuko duten lanak jasotzeko epea irailaren 30an itxiko da (gaia: Natur ondarea). Ondoren 2021ekoa osatzeko lehiaketaren oinarriak argitaratuko dira gaia hau izanik: “Beasaingo txokorik kuttunena”.

Aurkezpenean udal arduradunek ohartarazi nahi izan dute Usurbe antzokiko birgaitze obrak direla eta, hainbat aldaketa gerta litezkeela ekitaldietan. Horregatik informazio eguneratua eta zehatza Beasain App-an eta udalaren web orriko agendan agertuko da.

  pdf Egitaraua (305 KB)