Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Bestelakoak

Beasaindarrek zaintzaren inguruan ardura eta konpromisoa erakutsi dute eredu berria erabakitzeko prozesuaren aurkezpenean

2026/09/18

Igartzako Jauregian egindako aurkezpen publikoak ia 40 pertsona bildu zituen, adin eta profil anitzeko beasaindarrak elkartuz

Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Matia Institutua elkarlanean ari dira herritar guztientzat irisgarria den zaintza-eredu berria josten

Datozen hilabeteetan bost lan-saio ireki egingo dira, eta lehenbizikoa irailaren 29an izango da

Zaintzaren etorkizuna guztion artean diseinatzeko urrats garrantzitsua eman da Beasainen. Igartzako Jauregian burutu zen «Nola elkar zaindu nahi dugu Beasainen?» proiektuaren aurkezpen ekitaldia, non herritarrak eta tokiko eragileak bildu ziren Beasaingo Udalarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Matia Institutuarekin batera zaintza-ekosistema berriaren oinarriak jartzeko asmoz.

Ekitaldiaren mamia zaintzaren eremua komunitate osoari zabaltzea izan zen. Proiektuaren arduradunek eta bertaratutakoek garbi utzi zuten zaintza ez dela adineko pertsonei edo laguntza-beharrak dituztenei soilik mugatutako zerbait: pertsona bakoitzak bere bizi-proiektua duintasunez garatzeko eta behar duenean laguntza egokia jasotzeko eskubidea da, adina, generoa edo jatorria edozein dela ere.

Profil anitzeko komunitate baten erantzuna

Aurkezpenak adin eta errealitate askotariko jendea elkartu zuen. Bertaratutako ia 40 lagunen artean profil aniztasun zabala egon zen: adineko pertsonak, zaintzaile profesionalak, etxean zaintza-beharrak dituzten senideak dituzten herritarrak, udal-teknikariak, arduradun politikoak eta tokiko elkarte zein erakunde ezberdinetako kideak.

Erantzun honek argi utzi du zaintzaren gaia beasaindarren eguneroko bizitzari lotuta dagoela eta gizartean ardura zein konpromiso handia dagoela. Topaketan parte hartu duten herritarrek jarrera aktiboa erakutsi zuten euren kezkak zein proposamenak azaltzean, eta kudeatzaile publikoei epe luzerako egitasmo sendo eta gardena bermatzea eskatu zieten.

Oinarri sendoetatik abiatuta eraikitako herri-sarea

Egitasmo honen helburua ez da azterketa teoriko huts bat egitea, Beasainen lehendik martxan dauden baliabide eta esperientzietatik abiatuta —hala nola Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua, Eguneko Zentroak edo Autonomia Sustatzeko Tailerrak— komunitate-sare zabal eta eraginkorra jorratzea baizik.

Ikuspegi honen arabera, herri bat irisgarri eta inklusiboa da zailtasun edo muga gehien dituzten pertsonei erantzuteko gaitasuna duenean (adibidez, ikusmen-urritasuna, dementzia edo mugikortan-urritasuna duten pertsonentzat). Baldintza horiek bermatzen direnean, herria herritar guztiontzat bihurtzen da erosoago eta bidezkoago.

Irailetik maiatzera bitarteko lan-egutegia: 5 lan-saio ireki

Prozesuak jarraipen praktikoa izango du datozen hilabeteetan, Talde Eragilea osatuz. Irailetik 2027ko maiatzera bitartean bost lan-saio egingo dira. Hitzordu guztiak irekiak izango dira, udal-agendan argitaratuko dira eta Udalak herritar guztiei emango die horien berri:

Lehen saioa (Irailak 29): Elkar ezagutzeko eta zaintzaren inguruko balio zein printzipio partekatuak ezartzeko gunea.

  • Bigarren saioa: Beasaingo zaintzaren mapaketa. Baliabide fisikoak zein komunitateko elkarlan-sareak identifikatzea.
  • Hirugarren saioa: Indarguneen eta hobetu beharreko aldeen azterketa xehea, etorkizuneko erronkak finkatzeko.
  • Laugarren saioa: Beste komunitate batzuetan arrakastaz funtzionatzen ari diren adibide praktikoak eta esperientzia inspiratzaileak ezagutzea.
  • Bosgarren saioa: Hausnarketen sintesia egin eta etorkizuneko zaintza-planaren lan-ildoak zehaztea.

Lanak amaitzean, herri-topaketa ireki bat egingo da ondorio nagusiak eta adostutako erronkak beasaindar guztiekin partekatzeko.

Nola hartu parte?

Prozesua hasi besterik ez da egin eta ateak zabalik daude ekarpena egin nahi duen herritar ororentzat. Parte hartzeko bideak honako hauek dira: 

  • Zuzeneko harremana: 620 43 60 59 telefonora deituz edo Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbide elektronikora idatziz. 
  • Galdetegiak: Prozesuan zehar herritarren artean zabalduko diren galdetegi eta kontsultei erantzunez. 
  • Lan-saioak: Irailaren 29an egingo den lehen lan-bilerara bertaratuz (informazio gehiago Udalaren agenda ofizialean).

Beasaingo Udalak, Foru Aldundiak eta Matia Institutuak beasaindar guztiak gonbidatzen dituzte guztiona eta guztiontzat izango den Beasain zaintzailea elkarrekin diseinatzera.