Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Bestelakoak

Francisca Murgiondok 100 urte bete ditu

2026/09/17

Gaur egun berezia eta ospakizun handikoa da Beasainen. Francisca Murgiondo Etxeberria beasaindarrak 100 urte bete ditu, eta urteurren borobil hau hurbiletik eta pozaz ospatu nahi izan du Udalak.

Gaur goizean, Beasaingo alkatea Franciscaren etxean izan da, beasaindar guztien izenean eta komunitate osoaren zorionak pertsonalki helarazteko. Urtebetetze borobilak ospatzeko ohiturari jarraituz, oroigarrizko plaka bat eta lore sorta bat eman dizkio alkateak, udalerriaren estimua eta berotasuna adierazteko.

Arabako Narbaiza herrian jaioa, Franciscaren bizitza-ibilbideak Gipuzkoara ekarri zuen ezkondu ostean, senarraren lanbidea zela eta, lehenik Lazkaon bizitzea egokituz. Ondoren, Beasainera aldatu zen familia, senarrak herriko fabrika handian lan egiten zuela. Egun, 61 urte daramatza jada Beasainen errotuta, gure herriko kide eta lekuko fin gisa.

Gaur egun ere bizitasunez eta eguneroko ohiturei eutsiz jarraitzen du: ez du hutsegiterik egiten bere eguneroko osteratxoan eta kafesne goxoaz gozatzeko unean.

100 urteak modu ezin hobean ospatuko ditu gaur, familian eta giro beroan: gaurko bazkari zein afariez gain, aurrerago ospakizun zabalagoa egingo du iloba, biloba eta kanpoan dauden senide guztiekin batera.

Beasaingo Udalak, herri osoaren izenean, zorionik beroenak helarazten dizkio Franciscari eta bere familari data esanguratsu honetan. Urte askotarako!