NEXT-STATION proiektu aitzindariari esker, herritarrek autobus, tren, aparkaleku libre eta ibilgailu elektrikoen datuak kontsulta ditzakete Udal Aplikaziotik, klik bakar batean
Teknologia adimentsua, digitalizazioa eta sentsorika uztartzen dituen proba pilotu honekin, Beasain erreferente bilakatzen da mugikortasun jasangarrirako zerbitzu bateratuetan
Urte bukaerarako, informazio hau eskuragarri egongo da ere Barrendain plazan instalatuko den pantaila digitalean, guneak duen intermodalitate izaera indartuz
Beasaingo Udalak beste urrats sendo eta aitzindaria eman du herritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta mugikortasun jasangarri nahiz adimentsuaren aldeko apustu estrategikoan. Gaurtik aurrera, beasaindarrek beren joan-etorriak errazteko baliabide berri bat daukate sakelako telefonoan: NEXT-STATION egitasmoaren proba pilotua.
Aplikazio (edo tresna informatiko) esperimental hau dagoeneko eskuragarri dago Beasaingo Udal aplikazio mugikorraren Mugikortasuna atalean. Helburu nagusia da beasaindarrei eguneroko mugimenduak antolatzen laguntzea, teknologia ireki eta adimentsu baten bidez informazio erabilgarria, argia eta eguneratua eskainiz. Datozen hilabeteetan hobetuz eta garatuz joango den egitasmoa da, herritarrengandik jasotako erabilera-esperientziari esker fintzen joango dena.
Nabarmentzekoa da baliabide berri hau Europako Mugikortasun Astearen testuinguruan (irailak 16-22) iritsi dela herrira, Udalak azken urteotan mugikortasun jasangarriaren ildotik bultzatutako gainerako ekimen eta proiektuen osagarri gisa.
Zer berrikuntza dakar aplikazio berriak zure mugikorrean?
Beasain Udal aplikazioaren Mugikortasuna atalean sartuz gero, herritarrek denbora errealean kontsultatu ahal izango dituzte beren desplazamenduak hobeto antolatzeko beharrezko datu guztiak:
- Bernedoenea parkina: Une oro jakin ahal izango da zenbat plaza libre dauden.
- Ibilgailu elektrikoen alokairua: Herritarren eskura dauden ibilgailu elektriko libreen kopurua eta disponibilitatea erakutsiko da.
- Autobusak: Bertan geratzen diren Lurraldebuseko autobusei buruzko xehetasunak eskainiko dira: hurrengo autobusa noiz iritsiko den, nondik datorren eta plaza libre kopurua.
- Trenen informazioa: Beasaindik igaroko den hurrengo trena zein den, norantz doan (noranzkoa) eta iristeko zenbat denbora falta zaion kontsultatu ahalko da.
- Barrendain plaza, gune intermodal nagusi: Barrendain plaza garraiobide ezberdinak elkartzen diren ingurune edo gune intermodala da. Horregatik, zerbitzu guzti hauen informazioa eskainiko zaie herritarrei denbora errealean pantailaren bitartez.
Deskribatutako garraio-datuez gain, ingurumen-baldintzak ere izaten ditu kontuan sistemak, hala nola eguraldiaren egoera edo airearen kalitatea.
Barrendain plazan panel digitala eta etorkizuneko garapena
Gaur egun informazio guzti hau mugikorretik (Beasain APP bidez) modu azkar eta errazean kontsultatu badaiteke ere, proiektuak beste urrats nabarmen bat emango du etorkizunean. Aplikazioan erakusten den informazio berbera Barrendain plazan kokatuko den pantalla digital handi baten bidez egokituta azalduko da, oinezko zein garraio publikoaren erabiltzaile orok begiratu batean informazio guztia eskura izan dezan.
NEXT-STATION proiektua ez da bakarkako ahalegina izan. Beasaingo Udalarekin batera lanean ari dira Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterra, Wimbitek, Batura eta Diara enpresak. Gainera, egitasmoak Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzaketa jaso du Misioak 2025 programaren bidez. Sistema hau Beasainen ezarri aurretik, udalerriko bizilagunekin lehen kontaktu bat egin zen beren mugikortasun ohiturak eta beharrak ezagutzeko, jasotako ekarpenak oso erabilgarriak izan direlarik azken diseinua finkatzeko.




