Uztailaren 16an ibaiaren garbiketa eta 23an landare espezie inbaditzaileen erauzketa egingo da. Parte hartzeko izena eman beharko da
Ibai garbiketa zein landare erauzketa lanak Aranzadi Zientzia Elkarteak gidatuko ditu zabor arazoari buruz sentsibilizatu eta ibarbasoko ekosistemari buruz azalpenak emanez
Beasaingo Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak berriro bat egingo dute herriko ibai eta erreken egoera ekologikoa hobetzeko asmoz. Ekimen honen helburua da ingurumena zaintzea, herria txukun mantentzea eta natur ondarea babestea, herritarren ongizatean eragin zuzena duelako. Udalak ibaietako landarediaren mantenua eta garbitasunaren ardura bere gain hartzen ditu, ingurumena zaintzeko eta etorkizuneko Beasain jasangarriago bat eraikitzeko konpromisoa indartuz.
Hondakin kopurua aldiro handitzen dela kontuan hartuta, Udalak herritarrak sentsibilizatzen jarraitzea du helburu. Horregatik, bi jardunaldietan parte hartzeko deialdia zabaltzen du:
Hondakinak jaso eta ibarbasoa leheneratu
Proiektuaren helburu nagusia biodibertsitatea babestea da, herritarren parte hartze aktiboarekin. Honako ekintzak burutuko dira:
- Ibaietako zaborra bildu eta pisatuko da, ingurumen-inpaktu positiboa neurtzeko.
- Landare inbaditzaileen kartografia eguneratuko da, eta eskuz erauziko dira. Ateratako landareak erre eta hondakinak deuseztuko dira.
- Ibarbasoa leheneratzeko, landare autoktonoak (hurritza, haltza, lizarra, etab.) landatuko dira udazkenean, Aranzadiko langileek gidatuta.
Bi egunetarako izenematea
Ibai garbiketa: Uztailaren 16an (asteazkena), Igartzako Monumentu Multzoko ibai eremuan, 18:00etan. Aranzadiko teknikariek hondakinen inguruko azalpena eman ondoren, zabor bilketari ekingo zaio. Parte hartzeko, inprimaki hau bete behar da.
Landare inbaditzaileen erauzketa: Uztailaren 23an (asteazkena), Antzizar polikiroldegian hasiko da (18:00etan), ibaiertzeko landarediari buruzko azalpenekin. Ondoren, Igartzara joango dira landareak eskuz kentzeko. Parte hartzeko, inprimaki hau bete behar da.
Proiektu hau Euskadiko Biodibertsitate Estrategiarekin, Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen Estrategiarekin eta Ingurumen Esparru Programarekin bat dator.
Beasaingo Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak herritarrei dei egiten diete ingurumena zaintzen laguntzeko. Jarduerak eguraldiaren arabera alda daitezke.



