Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Bestelakoak

Osasuna, tokiko ekoizpena eta hezkuntza josiko ditu “Azoka eta elikadura osasuntsua” programak

2026/10/06

Lehen Hezkuntzako ikasleen artean bizi ohitura osasungarriak sustatzea, elikadura zaindu eta tokiko nekazaritzaren nahiz azokaren balioa belaunaldi berriei transmititzea da ekimenaren helburu nagusia

Nobedade gisa, ikasleek egindako marrazkiekin diseinatutako poltsa berrerabilgarriak banatuko dituzte ekoizleek urriaren 13ko azokatik aurrera

Egitasmoak tailer teoriko-praktikoak, herriko zein eskualdeko ekoizleei bisitak eta azokako ekintzak uztartuko ditu ikasturte osoan zehar

Beasaingo Udalak, herriko ikastetxeek eta Osakidetzak elkarlanean abiatu dute berriro ere “Azoka eta elikadura osasuntsua” egitasmoa. Laugarren urtez jarraian abian jarri den ekimen honekin, gaztetatik nutrizio osasuntsuaren garrantziaz ohartarazi nahi da, komunitateko eragileen arteko sare-lana sendotuz eta tokiko ekoizleen zein astearteroko eta larunbareko azokaren balioa belaunaldi berriei transmitituz. Aurkezpen publikoan izan dira Leire Artola Beasaingo Alkatea, Rosa Aurkia Udaleko ingurumen teknikaria, Osakidetzako Elena Calvillo Arteaga eta Maite Arrospide Arrospide, Josetxo Mendia azokako ekoizlea, eta herriko ikastetxeetako ordezkariak.

Ikasturte honetan berrikuntza berezi batekin dator ekimena: Lehen Hezkuntzako ikasleek egindako marrazkiez hornitutako poltsak banatuko dituzte azokako ekoizleek erosleen artean, datorren urriaren 13ko azokatik aurrera.

Sustraietatik ikasten

Aurkezpenean, Beasaingo Alkateak proiektuaren jarraikortasunaren garrantzia nabarmendu du: "Laugarren urtea dugu jarraian programa honen bidez elikadura osasuntsua eta gure azoka gaztetxoenei hurbiltzen. Ikasturte bakoitzean ikasle berriak ditugu geletan, eta ezinbestekoa da transmisio kate horrek etenik ez izatea. Ez dugu soilik osasunaz hitz egiten; gure sustraiez, gure lurraz eta tokiko ekoizleen lanaz ere ari gara zentzu zabalean".

Bide beretik, Rosa Aurkia Udaleko ingurumen teknikariak gaineratu duenez, "hezkuntza eta ingurumena eskutik doaz ekimen honetan. Ikasleek txikitatik ikasi behar dute elikagaiak nondik datozen eta zer-nolako eragina duen bertako produktua kontsumitzeak gure ingurunean eta osasunean". Beasaingo Udalak sortutako Azoka proiektuak, urtero Garapen Jasangarrirako hainbat helbururekin bat egiten du eta ikasturte honetan bereziki urari dagokion Garapen Jasangarrirako seigarren helburua landuko da. Aurten ere, Amaia Aierbe nutrizionista izango da gaztetxoei irakaspenak ematen elikaduraren inguruan, bai azokan egingo diren tailerretan eta baita ere ekoizleein egingo zaizkien bisitatan. 

"Komunitatean eta sarean lan egitea oso aberasgarria da"

Osakidetzaren izenean, Elena Calvillo Arteaga eta Maite Arrospide Arrospide erizaintzako eta nutrizio-arloko profesionalek hartu dute hitza. Calvillok azaldu duenez, "Guretzat, Osakidetzatik, tailer hauen helburu nagusia da LH6ko haurrengan elikadura osasungarria sustatzea, eta, bestetik, komunitateko beste eragile batzuekin lankidetzan aritzea eta sarean lan egitea, hala nola hemen gauden udala, tokiko ekoizleak eta ikastetxeekin".

Buru eta gorputz osasuntsuak uztartzen dituzten tailer hauek urriaren erdialdetik abenduaren erdialdera egingo dira herriko lau ikastetxeetan: Andramendi ikastolan, Alkartasuna Lizeoan, La Salle eta Murumendi eskoletan. 

Osakidetzako adituek, tailerren egitura zehaztu dute: bi orduko saio bakoitza bi zatitan banatzen dela azaldu du. Lehen zatian, Minbiziaren Aurkako Elkarteko psikologoekin batera, puzzle baten bidez elikaduraren alderdi psikologikoa aztertzen dute. Horrez gain, plater osasungarriaren metodoa lantzen dute taldekako jolasen bidez, produktuen etiketak irakurtzen ikasten dute (osagaiak eta azukre erantsiak deszifratuz) eta gorputz-aniztasunaren inguruko gogoeta egiten dute abesti baten bidez. "Tailerra amaitzeko, gosari osasungarri bat egiten dugu ikasgelan bertan, Udalak jarritako hurbileko produktuekin. Harrera oso ona izaten ari da eta feedbacka oso positiboa da", amaitu dute esanez.

Ekoizleak gertutik ezagutuz eta Azokarekiko lotura

Ekoizleen ordezkari gisa, Josetxo Mendia barazki ekoizleak (Altzibar baserria, Zegama) ikasleek egingo dituzten bisiten garrantzia azpimarratu du: "Funtsezkoa da haurrak ikasgelatik atera eta baserrietara nahiz baratzera hurbiltzea. Urtarriletik maiatzera bitartean, lurra nola lantzen den eta elikagaiak nola hazten diren bertatik bertara ikusiko dute".

Ikasleek lau bisita nagusi egingo dituzte:

  • Artzabaltza baserria (Altzaga): Ander del Rioren eskutik, ogi ekologikoa egiteko prozesua ezagutuko dute.
  • Gipuzkoako Erlezain Elkartea (Zaldibia): Jon Etxeberriarekin erlearen mundua eta erlauntzako produktuak aztertuko dituzte.
  • Oñatibi Txiki baserria (Gabiria): Jose Antonio Elosegiren sagastietan sagar-mundua ezagutuko dute.
  • Altzibar baserria (Zegama): Josetxo Mendiak barazki ekologikoen kudeaketa eta baratzea erakutsiko dizkie.

Beste aldetik, udaberrian ikasleak herriko azokara bertaratuko dira eta NBEren Garapen Jasangarrirako Helburuak (bereziki 6. GJH, ur garbiari lotutakoa) landuko dituzte jolasekin.

Herritarrentzako erosketa-bonuak

Proiektuak etorkizunera begira jarraipena duela bermatzeko, maiatzean eta ekainean LH 5. mailako ikasleak ere hurbilduko dira azokara, hurrengo ikasturterako prestakuntza moduan.

Azkenik, Beasaingo Udalak jakinarazi du berriro ere erosketarako deskontu-bonuak aterako dituela hileko lehen larunbateko eta astearteroko azokan erabiltzeko, tokiko eta garaiko produktuen erosketa sustatzeko helburuarekin. Bonu hauen diseinuan LH 4. mailako ikasleek hartu dute parte.