Etxebizitza publikoa eta birgaitzea: Alokairu publikoa sustatzeko lurzorua erosteko partidak indartu dira, gazteen emantzipaziorako laguntzei eutsiko zaie eta bizigarritasuna zein eraginkortasun energetikoa hobetzeko dirulaguntzak bermatuko dira.
Zaintza eta gizarte-ongizatea: Zaintza Mahaiak esku-hartze zehatzak abiatuko ditu, etxez etxeko laguntza zerbitzuak 1,4 milioi euroko diru-saila izango du eta Oriako pasealekuko pisu tutelatuak eredu berrira igaroko dira Etxe Lagun proiektuaren bidez.
Irisgarritasuna eta mugikortasuna: Mateo Mujika eta Arantzazu kaleen arteko igogailurako 500.000 euro bideratuko dira, Maria Arana parkea eraberritzeko lanei ekingo zaie igogailu berri batekin, eta aparkaleku berria sortuko da Ugartemendin, 700.000 euroko diru-lerroa jarrita.
Klima-aldaketa, gazteria eta formazioa: STEAM zientzia eta teknologia programak DBHra egingo du jauzi, Udalak lehen aldiz antolatuko ditu Udaleku Irekiak, eta udal-eraikinetan energia-trantsiziorako inbertsioak egingo dira aerotermia eta plaka fotovoltaikoen bidez.
Beasaingo Udal gobernuak 2027ko Aurrekontu Proiektua aurkeztu du, guztira 24.897.933 eurokoa. Legealdiko kudeaketa-planari jarraipena ematen dion proposamen honek etxebizitza duina, pertsonen ongizatea eta zaintza-ekosistema, irisgarritasun unibertsala, jasangarritasun ekologikoa eta formazioari zein tokiko merkataritzari lotutako enplegua lehenesten ditu. Aurrekontuaren hazkundea oreka finantzarioari eta kudeaketa zuhurrari eutsiz planteatu da: gastu arrunta kontrolpean mantenduz, zorrik gabe eta inbertsio estrategikoak modu orekatuan txertatuz. Kopuruan, iazkoarekin alderatura ia 1,5 milio euro handitu da, %6,3 igoz.
Etxebizitza publikorako lurzorua eta birgaitze energetikoa
Etxebizitza eskuragarria sustatzeko konpromisoan, 150.000 euro gehituko zaizkio alokairuko etxebizitza publikoentzako lurzoruak erosteko aurreikusitako 400.000 euroko kopuruari. Baliabide hauek Ugartemendiko alokairu publikoko 92 etxebizitzen lursailetan eta etorkizuneko Bernedoenea eremuan jarrita daude (Plan Orokor berriak 600 etxebizitza berri aurreikusten ditu bertan, horietatik %45 babes publikokoak).
Eskaintza publikoa handitzearekin batera, herrian identifikatuta dauden 252 etxebizitza hutsak merkatura ateratzeko pizgarriek jarraipena izango dute. Gazteen emantzipaziorako laguntzen bidez, 18 eta 35 urte bitarteko herritarrek eta mugikortasun urria dutenek hilean 100 eta 250 euro arteko babesa jasotzen jarraituko dute. Halaber, lehendik dauden etxebizitzen bizigarritasun-baldintzak hobetzeko lerroak indartuko dira, eraikinen isolamendurako eta galdara zein leiho efizienteagoak jartzeko dirulaguntzak bermatuz.
Zaintza-ekosistema hedatzea, gazteria eta formazioa
Ongizatearen esparruan, Tokiko Zaintza Mahaiak diagnostiko fasea atzean utzi eta 2027an zuzeneko esku-hartzeak garatzeari ekingo dio, mendekotasun-arreta eta gizarte-zerbitzuen koordinazioa hobetzeko. Etxez etxeko laguntza zerbitzuak 1,4 milioi euroko diru-lerroa izango du, egoera zaurgarrian dauden herritarren eta haien familien beharrei erantzuteko. Bestalde, Etxe Lagun ekimena errealitate bihurtuko da Oriako pasealekuko pisu tutelatuetan egingo diren birgaitze obrei esker, elkarrekiko zaintzan eta autonomian oinarritutako eredu berria ezarriz.
Gazteria eta hezkuntza atalean berrikuntza nabarmenak jasotzen ditu proposamenak:
Udaleku Irekiak: Udalak lehen aldiz antolatuko ditu haur zein familiei uda garaian kontziliazio tresna berri bat eskaintzeko, 160.000 euroko partidarekin.
Gaztelekua: Dinamizazio berria abiatuko da, 155.000 euroko aurrekontuarekin.
STEAM formazioa: Zientzia eta teknologia sustatzeko saioek aurrera egiteaz gain, DBH 1 eta 2ko nerabeentzako bi talde berri sortuko dira, LH 5 eta 6ko bi taldeei gehituko zaizkienak.
Irisgarritasuneko obra historikoak eta aparkaleku berria Ugartemendin
Mugikortasuna eta irisgarritasuna erdigunean jarriz, Mateo Mujika eta Arantzazu kaleen arteko irisgarritasun arazo historikoari irtenbidea emango zaio 500.000 euroko inbertsioa izango duen igogailu publiko berri baten bidez. Horrez gain, Maria Arana parkea birgaitzeko lanei hasiera emango zaie datorren urtean; eremuaren birmoldaketa integralaren baitan Kale Nagusia eta Esteban Lasa lotuko dituen beste igogailu publiko bat txertatuko da.
Mugikortasunari dagokionez, aparkaleku berri bat sortuko da Ugartemendi auzoan, Txindoki Institutuaren magaleko eremua aprobetxatuz. 700.000 euro zuzenduko dira horretara. Azpiegitura berri honen bidez, hezkuntza-zentroek, Senpere merkataritza-guneak eta auzoko etxebizitzek duten ibilgailu-presioa arinduko da.
Trantsizio energetikoa, klima-ekintza eta landa-auzoak
Klima-aldaketari aurre egiteko eta isurpenak murrizteko konpromisoak hainbat esku-hartze zehatz izango ditu: udal-liburutegia handitu eta berrituko da, eta udaletxeko zein Musika Eskolako klimatizazioa eraldatuko da plaka fotovoltaikoetan oinarritutako aerotermia sistemak ezarriz. Kale-argiteria LED teknologiara igarotzeko azken fasea ere gauzatuko da, 230.000 euroko zenbatekoarekin. Lan hauekin batera, ibaien garbiketa, espezie inbaditzaileen erauzketa eta hirigunean zuhaitzak landatuta babesgune klimatikoak sortzeko lanak mantenduko dira.
Landa-eremuan, baserri-bide publikoen mantentze-partida bikoitza baino gehiago handituko da, 80.000 eurotik 180.000 eurora pasatuz. Auzo Taxi zerbitzua eguneratu egingo da landa-eremuetako herritarrak erdigunearekin eroso eta malgutasunez konektatzeko, eta Beasainmendiko Agorta inguruan auzotar zein mendizaleentzako borda bat eraikiko da (50.000 euro).
Ekonomia zirkularra, merkataritza eta banaketa jasangarria
Tokiko jarduera ekonomikoa dinamizatzeko eta enplegua babesteko, Goieki garapen agentziarekin elkarlanean formazio eta enplegu laguntzei eutsiko zaie. Aldi berean, merkataritza txikia babesteko ekimenak, negozioen jarraipena, saltoki hutsen berrerabilera eta azokaren dinamizazioa bultzatuko dira.
Banaketa jasangarriari dagokionez, Tori! zerbitzuak hurrengo bi urteetan jarraipena izango du gutxienez (urtean 54.200 euro), eta Barrendainen zein Antzizar kiroldegian hozte-sistemadun takillak jarriko dira tokiko erosketak errazteko. Bestalde, Zero Hondakin – Rexcatering proiektuak bigarren vending-makina bat izango du, eskola-jantokietako soberakinak ez ezik inguruko enpresetako janari-soberakinak ere herritarren eskura jarriz kontsumoa optimizatzeko.
Behin betiko onarpenerako egutegia
Udal gobernuak oposizioko talde politikoei aurkeztu die 2027ko aurrekontu proiektua, haien ekarpen eta proposamenekin behin betiko dokumentua osatzeko. Prozesu hori amaituta, aurrekontu proposamena abenduaren 17an egingo den Udalbatzaren osoko bilkurara eramango da eztabaidatu eta onar dadin.



