Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Kirola

Kirol orientazioko ibilbide iraunkor berria Sagastigutin

2026/11/10

Sagastigutiko parkean kokatutako ibilbideak kirola, aisialdia, ikaskuntza eta naturaren ezagutza uztartzen ditu, eta urte osoan erabilgarri egongo da

Azaroaren 14an egingo da lehen orientazio-jarduera, Jabetze Eskolaren egitarauaren barruan, emakumeen ahalduntzea eta naturarekiko harremana sustatzeko

Beasaingo Udalak kirol orientazioko ibilbide iraunkor berria jarri du martxan Sagastigutiko parkean. Aizkorri Mendizale Elkarteak bultzatutako ekimena da, Gipuzkoako Orientazio Taldearen laguntzarekin, eta herritarrei kirola, natura eta aisialdia uztartzeko aukera berri bat eskaintzea du helburu. Hirigunetik gertu dagoen naturagune hau jarduera fisikoa egiteko, ingurunea ezagutzeko eta adin guztietako herritarren artean ohitura osasungarriak sustatzeko espazio bihurtuko da. Ibilbidea urte osoan erabili ahal izango da, norberak nahi duen erritmoan, ordutegirik eta izen-ematerik gabe. Azaroaren 14an, larunbatean, egingo da lehen jarduera, Berdintasun Sailak Jabetze Eskolaren barruan antolatutako emakumeentzako orientazio-jarduera.

Sagastiguti, kirola eta natura herritarren eskura jartzeko espazioa

Aurkezpenean Elena Ruiz Zabala Udaleko Kirol zinegotzia izan da, Izaskun Salazar Aizkorri Mendizale Elkarteko ordezkariarekin eta Marina Lertxundi Gipuzkoako Orientazio Taldeko ordezkariarekin batera. Azken horrek ibilbidearen diseinuan ere parte hartu du. Itziar Carabelos Berdintasun Saileko teknikaria ere bertan izan da, azaroaren 14ko lehen jardueraren nondik norakoak azaltzeko.

Elena Ruiz Zabalak Udalaren izenean azaldu duenez, proiektuaren asmoa Sagastiguti kirola egiteko gune izatetik harago eramatea da: herritarrak naturara hurbiltzeko, mugitzeko eta elkarrekin gozatzeko topagune aktibo bihurtzea. Horretarako, hirigunetik oso gertu dagoen eta herritarrentzat erreferentzia den natura gune bat osasunaren, aisialdiaren eta ongizatearen zerbitzura jarri nahi izan du Udalak.

Kirol orientazioko ibilbide berriak hainbat aukera eskaintzen ditu: jarduera fisikoa egitea, udalerriko ingurunea beste ikuspegi batetik ezagutzea, orientazio-gaitasuna lantzea eta naturarekin harreman zuzena izatea. Gainera, adin eta gaitasun guztietako herritarrei zuzenduta dago, bakoitzak bere aukeren eta erritmoaren arabera erabil dezan.

Udalaren asmoa da, beraz, azpiegitura berri hau kirol-ekipamendu soil bat baino gehiago izatea: hezkuntzarako, ikaskuntzarako eta herritarren arteko harremanak indartzeko baliabidea ere bai. Bereziki haur eta gazteentzat tresna didaktiko interesgarria izan daiteke, baina helduek ere aukera izango dute mapa irakurtzen, espazioan kokatzen eta erabakiak hartzen ikasteko.

Orientazioa: mapa, natura eta erabakiak hartzeko gaitasuna

Orientazioa naturan nahiz hiri-inguruneetan egin daitekeen kirol- eta aisialdi-jarduera da. Mapa baten laguntzaz, parte-hartzaileek inguruan sakabanatutako kontrol-puntuak edo balizak aurkitu behar dituzte. Horretarako, bi modu daude: puntu guztiak aurrez zehaztutako ordenan aurkitzea edo, ordena jakin bati jarraitu gabe, ahalik eta denbora laburrenean kontrol-puntu guztiak aurkitzea.

Jarduera honetan, korrika edo oinez egiteaz gain, hainbat gaitasun lantzen dira: mapak interpretatzea, iparrorratza erabiltzea, norabideak eta distantziak kalkulatzea, inguruko erreferentziak identifikatzea eta kontrol-puntu bakoitzera iristeko biderik egokiena aukeratzea. Horrenbestez, jarduera fisikoa eta gaitasun kognitiboak uztartzen ditu, hala nola arreta, autonomia, espazioaren pertzepzioa eta erabakiak hartzeko trebetasuna.

Taldean eginez gero, elkarlana, komunikazioa eta estrategia ere lantzeko aukera ematen du. Erronka eta jolasaren bidezko ikaskuntza sustatzen duenez, bereziki egokia da hezkuntza-esparruan eta gazteen artean erabiltzeko.

Aizkorri Mendizale Elkartearen eta Gipuzkoako Orientazio Taldearen ekarpena

Ibilbidea Aizkorri Mendizale Elkarteak bultzatutako ekimena da, Gipuzkoako Orientazio Taldearen (GOT) laguntza teknikoarekin. Aizkorri Mendizale Elkarteak azken urteotan ikastetxeetako haurrekin kirola eta natura sustatzeko egindako lanaren barruan sortu zen proposamena. Iaz, GOTekin elkarlanean, Oiangun orientazio-saio bat antolatu zuten, eta aurten, Aizkorriko Biraren baitan, Sagastigutin egin zuten ikastetxeetako ikasleekin. Ekaineko esperientziak harrera oso ona izan zuen irakasleen eta ikasleen artean, eta, ibilbidea kartografiatuta zegoela aprobetxatuz, Udalari iraunkor bihurtzeko proposamena egin zioten. Elkartearen esanetan, horrela, ikastetxeek orientazioa eta natura ikasturtean zehar lantzeko baliabide egokia izango dute, eta herritarrek zein bisitariek parkea beste modu batean ezagutzeko eta gozatzeko aukera ere bai.

GOTeko ordezkariak (Gipuzkoako Orientazio Taldeak), bestalde, Sagastigutiren kokapen egokia nabarmendu zuen: hirigunetik gertu dagoenez, herritarrek erraz erabiltzeko moduko natura gunea da, orientazio-ibilbide iraunkorretan hain ohikoa ez den ezaugarria. Taldeak 14-15 urte daramatza orientazioaren sustapenean, Euskal Mendizale Federazioaren barruan. Azaldu zuenez, jarduera bi modalitatetan egin daiteke: batean, balizak ordena jakin batean aurkitu behar dira; bestean, rogaining modalitatean, denbora jakin batean ahalik eta baliza gehien aurkitzea da erronka. Jolasarekin lotutako jarduera da, edozein adinetarako egokia eta familian egiteko aukera ematen duena. Horrez gain, orientazio-ikastaroen bidez, mapa interpretatzen eta iparrorratza erabiltzen ikasteko aukera eskaintzen du.

Bi ibilbidetako mapak, Aizkorri Mendizale Elkartearen webean eta Gipuzkoako Orientazio Taldearen webean aurkitzen dira edonork eskuratu ditzan. Fisikoki ere Udalak eskuragarri jarriko ditu oraindik zehaztu ez dituen tokietan. 

Sagastigutiko parkea, orientatzeko eta ingurunea ezagutzeko aukera

Beasaingo erdigunean dago Sagastigutiko parkea, Andre Maria Zeruratuaren elizatik oso gertu. Herrigunean egon arren, naturaz gozatzeko aukera eskaintzen duen berdegune zabala da. Berrogeita hamar zuhaitz-espezie baino gehiago ditu, besteak beste gorostiak, haritzak, gereziondoak eta gaztainondoak.

Parkeak hainbat ibilbide egiteko aukera ematen du, eta bide gurutzatuak, egurrezko eskailera hesidunak eta atseden hartzeko bankuak ditu. Goialdean, berriz, mahaiak, barbakoak eta iturriak daude. Gainera, bertatik Goierriko eskualdearen ikuspegi panoramiko ederrez gozatzeko aukera dago.

Ezaugarri horiek guztiek Sagastiguti leku aproposa bihurtzen dute orientazio-jarduera egiteko, kirola eta ingurumenaren ezagutza uztartuz.

Azaroaren 14an egingo da lehen orientazio-jarduera, Jabetze Eskolaren barruan

Ibilbide berriaren lehen jarduera azaroaren 14an, larunbatean, egingo da, 10:00etatik 13:00etara, Beasaingo Udaleko Berdintasun Sailak Jabetze Eskolaren barruan antolatutako egitarauaren barruan.

Proposamenaren helburua emakumeen ahalduntzea sustatzea da, natura eta mendizaletasuna emakumeen artean uztartuz. Horretarako, orientazio-jarduera teoriko-praktikoa antolatu da, emakumeei kirol hau ezagutzeko eta probatzeko aukera emateko.

Orientazioak jarduera fisikoaz gain, adimena, estrategia, norabideak aukeratzeko gaitasuna eta erabakiak hartzea lantzen ditu. Hori dela eta, Berdintasun Sailak emakume taldeak parte hartzera gonbidatu ditu, naturan eta taldean esperientzia berri bat bizitzeko.

Interesa dutenek Beasaingo Udalaren webgunean eman dezakete izena (www.beasain.eus), Jabetze Eskolako ikastaro, tailer eta ekitaldietarako izen-emate galdetegian orientazio-proba aukeratuta. Bestela, Berdintasun Sailarekin harremanetan jar daitezke posta elektronikoz edo telefonoz.