Etxeko animaliak babesteko legearen jarraibideak gogorarazi ditu eta animaliak identifikatzeko zein antzutzeko legezko betebeharrak, herriko osasun publikoa eta animalien ongizatea bermatzeko.
Katu kolonien kudeaketari dagokionez, Udalak Lau Katu Beasain elkartearekin diardu lankidetzan katuen populazioa kontrolatu eta felinoen baldintzak zaintzeko
Herritarren eta animalien arteko bizikidetza arduratsua sustatzeko konpromiso sendoari eutsiz, Beasaingo Udalak animaliak babesteko politikak bultzatzen jarraitzen du. Lau Katu Beasain elkartearekin lankidetza-hitzarmena berritu du, baita HEI (Harrapaketa, Esterilizazioa eta Itzulera) metodoa zorroztasunez ezarri, udalerria aitzindari bihurtuz katu-kolonien kudeaketa etikoan.
Lan koordinatu horren bidez, katuen osasuna eta populazioaren kontrola bermatzeaz gain, herritarrak egungo araudia zehatz-mehatz betetzearen inguruan sentsibilizatu nahi dira; izan ere, araudiak debekatu egiten du kontrolik gabeko hazkuntza, katu kolonien baimendu gabeko elikadura eta etxeko animaliak identifikatu zein antzutu beharra ezartzen du.
Tokiko aliantza animalien ongizatearen alde eta kudeaketarako tresna berriak
Erakundeen arteko lankidetza funtsezkoa da bizikidetza-helburu horiek lortzeko. Ildo horretan, Beasaingo Udalak, Lau Katu Beasain elkartearekin adostutako akordioa luzatu eta haien jardueretarako lokal bat laga ondoren, bide onetik doan elkarlanari jarraipena eman dio, orain arteko emaitzak oso positiboak izan baitira.
Kontrol etikoa eta onurak komunitate osoarentzat
Jardun honen ardatz nagusia HEI metodoa da. Sistema horrek berme tekniko zein juridiko guztiak ditu, eta kaleko katuen populazioa kontrolatzeko prozedurarik gizatiarrena, eraginkorrena eta jasangarriena da. Katuak harrapatu, antzutu eta euren ingurura itzultzean, pixkanaka murrizten da kaleko katuen kopurua, eta, aldi berean, kontrolik gabeko ugalketa eta nahi gabeko kumaldiak saihesten dira.
HEI metodoa sistematikoki aplikatzeak abantaila bikoitza dakar:
-
Animalien osasuna eta ongizatea: Katuen gaixotasun larriak prebenitzen ditu (hala nola piometra, metritisa edo ovarioko kisteak) eta nabarmen gutxitzen ditu araldiarekin lotutako jokabide gogaitarazleak (borrokak edo lurralde-markatzeak, esaterako).
-
Diru publikoaren erabilera eraginkorra: Populazioaren epe ertain eta luzerako kontrolak abandonua gutxitzen du, eta, horrenbestez, hiri-faunaren kudeaketara bideratutako baliabide publikoak eraginkorrago erabiltzea ahalbidetzen du .
Elikadura arautua eta herritarren laguntzarako jarraibideak
Beasaindarren inplikazioa garrantzi handikoa da koloniak osasun-baldintza egokietan mantendu daitezen. Horri dagokionez, gogoratu behar da kaleko katuen elikadura zorrotz araututa dagoela. Udalaren akreditazio egokia duten pertsonek bakarrik eman diezaiokete janaria katue koloniei. Zeregin hori baimendutako guneetan bakarrik egin beharko da, pentsu lehor egokia erabiliz eta ingurua garbi-garbi mantenduz, osasun- eta higiene-arazoak saihesteko.
Era berean, herritarren batek abandonatuta dagoela dirudien katuren bat edo kumaldiren bat ikusten badu, edota kudeatu gabeko kolonia baten berri badu, berehala jarri behar da harremanetan Udaltzaingoarekin (943 028080 telefono-zenbakian). Agenteek dagokion protokoloa abiaraziko dute: Lau Katurekin harremanetan jarriko dira egoera aztertzeko, animalia modu seguruan harrapatzeko, identifikatzeko, antzutzeko eta, katuaren izaerak ahalbidetzen duen guztietan, behin betiko etxe batean adopzioan emateko.
Jabe partikularrentzako legezko betebeharrak
Udalak gogorarazi du indarreko arauek indartutako egungo lege-esparruak erabateko ardura eskatzen diela etxeko animaliak (txakurrak, katuak eta huroiak) dituzten familiei. Hauek dira etxeko animalien jabeek dituzten legezko betebehar nagusiak:
-
Nahitaezko identifikazioa: Txakur, katu eta ipurtats guztiek mikrotxip identifikatzailea jarrita izan behar dute jaio eta bi hilabete bete aurretik. Jabe pribatuen etxeko katuen kasuan, gainera, derrigorrezkoa da txipa jartzea eta antzutzea.
-
Garaiz antzutzea: Etxeko katuak sei hilabete bete aurretik antzutu behar dira nahitaez, eta betiere adopzioan eman, eskualdatu edo laga aurretik.
-
Hazkuntza debekatzea: Erabat debekatuta dago partikularrek etxean kumaldi berriak haztea. Jarduera hori behar bezala baimenduta dauden eta hazleen erregistro ofizialean inskribatuta dauden profesionalek soilik egin dezakete .
Betebehar horien ondorioz, katu guztiek —bizi diren tokia edozein dela ere— nahitaez identifikatuta eta antzututa egon behar dute, eta ardura hori haien arduradunari dagokio; hau da, kasuan kasu, jabe partikularrari edo udalari. Horrenbestez, jabe ez diren katuak elikatzen dituzten pertsonei gomendatzen zaie katu-kolonien elikatzaile txartela eskatzea eta koloniaren kudeaketa HEI (Harrapaketa, Esterilizazioa eta Itzulera) metodoaren bidez egitea. Era berean, Elkarteak indarrean dagoen araudira egokitzeko laguntza behar duten eta beren ardurapean katu-taldeak dituzten pertsonekin elkarlanean aritzeko prest dagoela adierazi du.
Azkenik, argi eta garbi gogorarazi nahi da bide publikoan edo natura-ingurunean substantzia pozoitsuak jartzea edo uztea legez kanpoko jarduera oso larria dela, eta delitutzat jotzen dela. Pozoia erabiltzeak, tokiko faunarentzat eta etxeko animalientzat hilgarria izateaz gain, onartezinezko arriskua dakar osasun publikorako eta udalerriko oreka ekologikorako.
Intereseko dokumentazioa
Gure udalerriko arau-esparrua sakon ezagutzeko, hemen kontsulta dezakezu: Beasaingo animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen udal-ordenantza (2018), eta baita Animalien Babesari buruzko 9/2022 eta 7/2023 Legeak ere.
Protokoloei eta boluntariotzari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, ikus ditzakezu Beasaingo katu-kolonien kudeaketa etikorako programaren oinarriak.



