Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Bestelakoak

Senpereko horma-irudiari jarraipena ematen ari zaio Anuntzibai

2026/07/15

Aipatutako eremuan, iaz hasitako lanari jarraipena emango dio uda honetan eta irudi berriekin, Beasaingo landa auzoei, mitologiari eta mugikortasunari keinu egingo dio sortzaile beasaindarrak

Xabier Anuntzibai artista beasaindarra Senpere kaletik Lazkaorako bidean kokatzen den horma-irudiaren jarraipena margotzen ari da egunotan, iazko lanari segida emanez eta eremu horretako hiri-paisaia atseginagoa bihurtzeko asmoz. Egitasmo berri honetan, egileak errepidearen azken zatiko bi aldeak apainduko ditu uda honetan zehar, Beasainekin estuki lotutako gaiak islatuz, hala nola, Murumendiko Mari, landa-auzoak eta herriko mugikortasuna.

Iazko arrakastaren jarraikortasuna

Iazko udan margotu zuen Senpere kaletik Lazkaora doan bidearen alboetako horma-irudia. Xabier Anuntzibaik (Beasain, 1985) egindako esku-hartze horrek kolorea, dinamismoa eta ikuspegi kolektiboa eman zizkion ordura arte hormigoi hotzaren irudiak markatutako espazioari. Aurten, egile berak lan horren jarraikortasuna bermatuko du, toki berean baina aurrerago kokatzen den beste horma zatia atonduta.

Lanak bi fasetan udan zehar

Mural berriaren egikaritzea martxan da dagoeneko. Artista errepidearen alde batean ari da lanean une honetan (uztailean), eta aurreikuspenen arabera, abuztuan beste aldean ariko da margotzen. Prozesu honek iaz espazio horretan hasitako eraldaketa bisualari jarraipena emango dio, gunea guztiz itxuraldatuz.

Tokiko nortasuna: Mari eta landa-auzoak

Iazko horma-irudiak mugikortasun jasangarria, kultura, paisaia eta tokikotasuna adierazteko helburua bazuen, aurtengoan ere Beasainekin zuzeneko zerikusia duten gaiak izango dira sormenaren ardatz nagusi. Margotzen ari den horma berrian Murumendiko Mariren aurpegia izango da elementu nabarmenena, herriko landa-auzoei keinu berezia eginez. Horrez gain, mugikortasuna ere artelanaren gaiaren parte izango da berriro, bidearen bi aldeetako esku-hartzeei koherentzia emanez.

Akupuntura urbanoaren estrategia bultzatuz

Proiektu berri honekin, akupuntura urbanoaren estrategian sakontzen jarraitzen da. Esku-hartze artistiko hauen helburua erabilera urriko guneak edo gune degradatuak berreskuratzea da. Artelan berriak, iazkoaren bide beretik, ingurune urbanoaren humanizazioa, herri nortasuna eta arte publikoaren bidez kohesio soziala ditu xede. Funtsean, hormigoiaren presentzia arinduz eta ongizate kolektiboa indartuz, herri eroso eta irisgarriagoa eraikitzea da azken helburua.