Juantxo Unanua Artolainen liburuxkak azokaren iragana eta bilakaera jasotzen ditu, testigantza, bitxikeria eta argazki historikoekin
Otsailaren 13tik 23ra, 38 irudiz osatutako erakusketa izango da ikusgai Usurbe antzokiko sarreragunean, mendeurreneko egitarauari amaiera emanez
Astearteko azokaren memoria bizirik mantentzeko bi hitzordu
Astearteko azoka ofizialdu zeneko mendeurrena ospatzeko antolatutako ekimenak azken txanpara iritsi dira. Datozen egunetan egingo diren bi jarduerek —argitalpenaren aurkezpenak eta argazki erakusketak— emango diote amaiera mendeurreneko egitarauari, herriko azoka historikoaren memoria eta balioa azpimarratuz.
Bi proposamenek helburu bera dute: belaunaldiz belaunaldi herriaren taupada izan den azokaren historia jaso, transmititu eta aitortzea.
“Astearteko azokak mendea bete du”, historiaren lekukotasun idatzia
Juantxo Unanua Artolain urtetan herriko kronistak ondutako “Astearteko azokak mendea bete du” liburuxka ostegunean aurkeztuko da, 18:00etan, udaletxeko batzar aretoan. Aurkezpenean egileak argitalpenaren sorreraz, ikerketa prozesuaz eta bildutako pasadizo, datu eta bitxikeriez jardungo du, egindako dokumentazio-lanean oinarrituta.
Lan honek azokaren mende bateko ibilbidea aztertzen du: ofizialdu aurreko garaitik hasi eta gaur egunera arteko bilakaera ekonomiko, sozial eta kulturala jasoz. Bereziki azpimarratzen da baserritarren eta bertako produktuen garrantzia, azokaren ardatz nagusi izan diren eragile gisa.
Argitalpenak, gainera, antzinako eta gaur egungo argazki ugari biltzen ditu. Irudiek testuari balio erantsi handia ematen diote, iraganeko paisaiak eta eguneroko bizimodua gaurkoarekin alderatzeko aukera eskainiz, memoria bisuala indartuz.
Liburuxka 5 euroan eskuratu ahal izango da, bi bertsiotan: euskarazko edizioa eta elebiduna. Aurkezpen egunean bertan salgai egongo da, eta ondoren Jon Aranbururen liburu dendan eta Mirentxu liburu dendan ere eskuratu ahal izango da.
Azokaren irudiak, herritarren begien aurrean berriz
Mendeurreneko azoka bereziaren egunean plazapean antolatutako argazki erakusketak harrera aparta izan zuen, eta ikusmin handia piztu zuen herritarren artean. Dozenaka lagun geratu ziren irudiak patxadaz ikusten, oroitzapenak partekatzen eta belaunaldi desberdinetako esperientziak elkartrukatzen.
Arrakasta hori ikusita, erakusketak bigarren aukera izango du orain. Otsailaren 13tik 23ra, Usurbe antzokiko sarreragunean egongo da ikusgai.
Guztira 38 argazkik osatzen dute bilduma; zaharrenak XX. mendearen hasierakoak dira. Irudietan baserritarrak, baserri giroa, lan tresnak, azokako postuak eta herriko bizimodua ageri dira, lehenaren eta orainaren arteko zubia eraikiz. Ondare grafiko honek herriaren memoria kolektiboa aberasten du eta azokak komunitatean izan duen eragina modu bisual eta hurbilean erakusten du.
Mendeurrenari amaiera, ospakizunez beteriko egitarauaren ostean
Erakusketarekin batera itxiko da astearteko azokaren mendeurreneko egitaraua. Azken asteetan hainbat ekitaldi egin dira, besteak beste, otsailaren 2ko mahai-ingurua Igartzako jauregian, eta otsailaren 3ko azoka berezia, artisauen erakusketa, antigualeko nekazal lanabesen erakusketa, musika eta argazki erakusketarekin.
Ekimen hauek guztiek agerian utzi dute astearteko azoka ez dela soilik salerosketarako gunea, baizik eta topaleku sozial eta kulturala, herriaren nortasunaren parte bizia.
Orain, liburuxkaren eta erakusketaren bidez, historia hori jasota eta partekatuta geratuko da, etorkizuneko belaunaldientzat ere.



