Beasainen, nahi ez den bakardadearen eta buru osasunaren inguruko diagnosi komunitarioa burutzeko bi saio arrakastatsu burutu dira eta herritarren ekarpen aberasgarriak jaso dira herri osoari irekitako inkesta prestatzeko
Beasaingo Udalak eta dar-dar kooperatibak, nahi ez den bakardadea eta osasun mentalaren inguruan abiatutako proiektuaren baitan, azken asteetan bi jardunaldi ireki burutu dituzte. Helburua fenomeno horien diagnosi sakon eta komunitarioa egitea da, ikuspegi parte-hartzaile eta inklusiboarekin.
Proiektuaren testuingurua
Nahi ez den bakardadea eta buru osasunaren erronka soziala gero eta nabarmenagoa da. Proiektu honek herritarren artean gaiaren inguruko ezagutza, hausnarketa eta datu zehatzak biltzea du xede. Horretarako, kultur kudeaketa parte-hartzailean oinarritutako metodologia erabiltzen ari da Dar Dar kooperativa elkartea, eta arreta berezia eskaintzen ari zaio zaurgarritasun egoeran egon daitezkeen kolektiboen parte-hartzeari.
Hiru fasetan garatzeko diseinatu zen proiektua: sentsibilizazioa herritarrekin, ikerketa eta diagnosia, eta azkenik ondorioak eta emaitzak sozializatzeko eta hautemandako errealitateari aurre egiteko parte hartze prozesua. Une honetan amaitzear dago sentsibilizazio fasea eta ikerketa eta diagnosi fasea abiatzen da.
Diagnosiaren gidaritza EHUko psikologia saileko Ainara Arnosok eta Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoa – GITeko Maribel Pizarrok osatutako aditu taldeak eramango du.
Bi saio arrakastatsu: 33 lagunen parte-hartzea
Saioak urriaren 29an eta azaroaren 4an burutu ziren udaletxeko batzar aretoan. Guztira 33 herritar eta eragilek hartu dute parte: 25 emakume eta 8 gizon, 15 erakunde eta elkarte ordezkatuz.
Saioetan, orain arteko prozesuaren emaitzak aurkeztu ziren, Aranealde etxean egindako jardueren laburpena egin zen eta abian jarriko den diagnosiaren azalpena eskaini zen.
Aipatzekoa da orain arte 539 herritarrek hartu dutela parte proiektuan, eta parte hartzaileen asebetetze maila oso altua dela.
Herritarren ekarpen baliotsuak
Saioen zati nagusietako bat adituek diseinatutako inkesta berrikustea izan zen. Herritarrek egindako ekarpen ugari jaso eta horietako asko aditu taldeak onartu eta txertatu ditu. Onartutako aldaketen artean, inkestaren luzera laburtzea eta galdera batzuk argitasun handiagoz berridaztea izan dira.
Bestalde, herritarren gomendio nagusiak inkesta hizkuntza askotan betetzeko aukera (euskara eta gaztelera ez ezik, errumaniera, arabiera, ingelesa eta frantsesa)eta betetzeko paperean eta modu digitalean bete ahal izatea izan dira. Horrez gain, inkesta laguntzarekin betetzeko saio gidatuak antolatzea eta inkestak utzi eta jasotzeko herri-gune desberdinak ezartzea (liburutegia, udaletxea, aisialdi guneak, etab.) ere proposatu zen. Antolatzaileek balorazio oso positiboa egin dute: “Herritarren parte-hartzeak inkestaren kalitatea hobetu du eta komunitate osoari egokituta dagoen tresna lortzen lagundu du.”
Antzerki tailer inklusiboa
Bi saioetan, gainera, nahigabeko bakardadeari eta buru osasunari aurre egiteko esperientzia pilotua aurkeztu da: Antzerki tailer inklusiboa. Tailer hau komunitatea aktibatzeko, harremanak sortzeko eta adineko, gazte edo egoera zaurgarrian dauden pertsonen arteko zubiak eraikitzeko diseinatuta dago.
Inkestaren hurrengo urratsa: zer, nola eta zertarako
Behin azken zuzenketak txertatuta, inkesta datozen egunetan zabalduko da. Zer izango da? Beasaingo herritarren bakardade, lotura sozial eta buru osasunaren inguruko errealitatea modu anonimo eta fidagarrian jasoko duen galdetegia.
Nola zabalduko da? Online eta paperean, hizkuntza askotan, puntu desberdinetan eskuragarri eta laguntza-saioekin.
Zertarako? Herriaren diagnosi eguneratua osatzeko, programen, zerbitzuen eta politikaren diseinuan erabaki oinarrituak hartzeko eta komunitatearen ongizatea hobetzeko ekintza-plan eraginkorra sortzeko.
Aipatzekoa da hurrengo urratsean, ikerketa honen ondorio eta emaitzak oinarri hartuta, parte hartze prozesu bat gauzatuko dela. Ekimen honetan, herritarrek elkarlanean eta ikuspuntu komunitariotik, nahi ez den bakardadea eta buru osasunaren gaiei heltzeko ekintza, jarduera edo programa desberdinak diseinatuko dituzte.
Beasaingo Udalak eta dar-dar kooperatibak eskerrak eman nahi dizkiete parte hartu duten pertsona eta eragile guztiei. Proiektua hurrengo asteetan ere indarrez jarraituko da, eta udalerriko kolektibo guztiei dei egiten zaie diagnosiaren inkestan parte hartzera.



