Beasaingo Udalak Elkar Ekin programa bultzatzen jarraitzen du, herritarrek lan-merkatura sartzeko eta etorkizun profesional sendoagoa eraikitzeko aukera izan dezaten. Goierrin, 2022-2024 bitartean, 51 pertsonak lortu dute enplegua
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta hainbat eragilek sustatutako Elkar Ekin programak ikasturte honetarako antolatu dituen prestakuntza-ibilbide berriak aurkeztu dira. Helburu nagusia pertsona guztientzako enplegu inklusiboa eta kalitatezkoa bermatzea da, lurraldearen kohesioa eta aurrerapena sustatzearekin batera. Beasaingo Udala Goiekiren bidez Elkar Ekin Lanean programan parte hartzen ari da, eta ekimen honen bidez udalerriak bere konpromisoa berresten du enpleguaren sustapenaren, langabezia prebentzioaren eta pertsonak lan-merkatura bideratzearen alde.
Udalaren konpromisoa eta parte-hartze aktiboa
Beasaingo Udalak proiektu honetan parte hartze aktiboa du, Goierriko gainerako udalerriekin batera. Udalaren helburu estrategikoen artean daude enplegua sustatzea, langabeziari aurre egiteko ekimenak bultzatzea eta baztertze arriskuan dauden pertsonei lan munduan sartzeko formazioa ematea.
Elkar Ekin programa Goierrin hainbat eragileren arteko lankidetzaren fruitua da, hala nola, Goieki, Caritas Goierri, Sarea Fundazioa, Gurutze Gorria, Ede Fundazioa, Goierri Eskola, Prospektiker, Biok zerbitzuak eta Goierriko udalerrietako gizarte langileak. Eragile horiek guztiek osatzen dute eskualdeko lan-inklusio sarea, eta elkarrekin diseinatu dituzte 2025erako prestakuntza-ibilbide berriak.
Prestakuntza-ibilbide berriak
Eskualdeko errealitate sozioekonomikoari eta lan-merkatuko premiei erantzuteko, hiru ibilbide formatibo berri prestatu dira.
Sukaldatu Goierri
SUKALDATU ibilbide berria da, lehen aldiz hainbat eragileren arteko lankidetzaren bidez eskainiko dena. Ostalaritza sektorean diharduten eragile askoren eskaerei erantzunez sortu da, sektore honek profesional kualifikatuen gabezia nabarmena baitu gaur egun. Ekimen honen helburua, hutsune hori betetzea eta laneratzeko aukera errealak eskaintzea da. Proiektuan, Goitur eta Goierri Eskola izango dira ardatz nagusiak: bata sektorearen ezagutza eta dinamika ekarriz, eta bestea formakuntzarako instalakuntza eskainiz.
Irailaren 23an hasiko da prestakuntza-ibilbidea, eta lehen astean ikasleek Goitur-ekin jardungo dute, Goierriko gastronomia eta eskualdeko baliabideak ezagutzeko helburuarekin. Ondoren, Goierri Eskolako instalazio homologatuetan jasoko dituzte sukaldeko oinarrizko konpetentzien inguruko klase teoriko-praktikoak, urtarrilaren amaierara arte.
Ibilbidearen barruan, parte-hartzaileek elikagaien manipulazioaren titulua ere eskuratuko dute. Eta prestakuntza amaitzean, ikasleek gutxienez 80 orduko praktikak egingo dituzte eskualdeko jatetxe, taberna, jangela, gaztandegi edo hoteletan.
Zaindu Goierri
Eskualdeko gizarte-langileen eskaerari erantzunez, lehen aldiz, 2024aren hasieran jarri zen martxan, mendekotasuna duten pertsonei etxean arreta soziosanitarioa emateko bigarren mailako ziurtagiri profesionala eta balorazioak oso positiboak izan dira bai parte-hartzaileen aldetik, bai eragile sustatzaileen aldetik. Ondorioz, eskualdeko lan-mahaiak ibilbide arrakastatsu horri jarraipena ematea erabaki du, eta 2025eko irailaren 22an hasiko da berriz lehen moduluarekin: "Etxeko laguntza eta familia-elikadura" (100 ordu). Oraingoan ere, Gurutze Gorria arduratuko da prestakuntza teorikoa eskaintzeaz.
Alde batetik, 55 orduko formakuntza soziosanitarioa jasoko dute, OREKAN Elikadura eta Osasun Heziketaren eskutik, non adinekoen elikadura, nutrizioa eta ongizatea jorratuko diren. Bestetik, EDE Fundazioak gidatutako 60 orduko saioetan, konpetentzia soziolaboralak garatuko dituzte: komunikazioa, talde-lana, gatazken kudeaketa eta lan-mundura egokitzeko gaitasunak, besteak beste.
Loratu Goierri
2026 hasieran, LORATU-ko ibilbidea jarriko da martxan berriz. Dagoeneko hiru edizio egin dira. Taldeak, lorategi, parke eta berdeguneen mantentze-lanetan prestakuntza espezializatua jasoko du Fraisoro Eskolaren eskutik. Ikasleek, lorezaintza eta berdeguneen mantentzea lantzeko funtsezko ezagutzak eta trebetasunak eskuratuko dituzte, Villabonako instalazioetan.
Prestakuntza teknikoaz gain, EDE Fundazioaren eskutik, parte hartzaileek 60 orduko prestakuntza osagarria jasoko dute, besteak beste, curriculuma osatzeko, lana eta gaitasun pertsonalak zein profesionalak hobetzeko. Horri esker, konfiantza handiagoz aurre egin ahal izango diete lan-merkatuan sartzeari.
Ibilbidea amaitzean, parte-hartzaileek eskualdeko udaletako brigadetan gutxienez 80 orduko praktikak egiteko aukera izango dute, esperientzia profesional baliotsua bertatik bertara eskuratuz.
Parte hartu nahi?
Interesa duten pertsonek oraindik bi astez dute izena emateko aukera. Horretarako, deitu 943 16 18 31 zenbakira deitu edo mezua bidali daiteke WhatsApp bidez.
Goierrin lortutako emaitzak
Elkar Ekin programak emaitza nabarmenak lortu ditu azken urteetan Goierriko eskualdean. 2022tik 2024ra bitartean, 189 pertsonak hartu dute parte formakuntza-ibilbide desberdinetan, hala nola Lorezaintza, Garbiketa, Ehungintza eta Zaintza sektoreetan. Horietatik, 52 pertsonek praktikak egin dituzte enpresetan, eta 51k lortu dute enplegua.


