Ekainaren 26tik 29ra luzatuko dira eta adin-tarte guztietarako ia hogei ekitaldiz osatutako egitarau aurkeztu dute
Ezkiagako Bizilagunen Elkarte sortu berriak hartu du antolakuntzaren ardura eta auzolanaren eta kultura herrikoiaren aldeko konpromisoa azaldu dute jaien antolakuntzarekin
Berraktibatu berria den Ezkiaga Auzoko Bizilagunen Elkarteak, San Pedro jaien antolaketa bere gain hartu du aurten lehen aldiz. Auzoko gazteek hartu dute ardura eta ilusioz ekin diote lanari, auzoari bizitasuna eta dinamismo berria emateko helburu argiarekin.
Jaietako kartela eta egitaraua elkarteak berak aurkeztu ditu, Udalarekin elkarlanean, ahalik eta zabalpen handiena emateko helburuarekin. Ekimenaren garrantzia azpimarratzeko, Leire Artola alkatearekin eta Adur Ugartemendia alkateorde eta auzokidearekin, auzoko lanaren ikusgarritasuna eta instituzioen babesa uztartu dituzte.
Egitarau anitza
David Gonzalez eta Iker Hernandez auzo-elkartearen izenean ia 20 ekitaldi biltzen dituen egitaraua xehetu dute eta aurtengo egitaraua auzotar guztientzako pentsatua dagoela adierazi dute, adin-tarte guztietarako jarduerak bilduz eta auzoko nortasuna berreskuratzeko asmoz.
Antolatu diren ekitaldien artean hauek aurkitzen dira: haurrentzako, jolasak, pailazoak, jolas-parkea, puzgarriak, eta apar festa. Gainontzean, barrakak, txistor-jana eta sardina jatea, kalea antzerkia, eskupilota txapelketa, sagardo dastaketa, txaranga, San Pedro sua, kontzertua, DJ-a, mus txapelketa, bazkari herrikoia, bingoa eta bakarrizketa. Edonork aurki dezake bere gustoko jarduera.
Udalaren babesa
Beasaingo alkate Leire Artolak elkartearen lana goraipatu du. «Ezkiaga Auzoko Bizilagunen Elkarteak hartu duen ekimena eredugarria da, eta zoriondu nahi ditut auzoko gazteak zein herritarrak auzoa biziberritzeko erakutsi duten konpromisoagatik. San Pedro jai hauen antolaketa auzolanaren, parte-hartzearen eta bizikidetzaren adibide garbia da. Beasaingo Udaletik guztiz bat egiten dugu helburu horiekin, eta babesa ematea gure betebehar gisa hartzen dugu. Ekimen honek Ezkiagari bizitasuna emateaz gain, herri osoari egiten dio ekarpena: auzoen aktibazioa, belaunaldien arteko lotura eta herritarren arteko kohesioa indartzen baititu. Gure herria bizirik mantentzeko, auzo biziak eta aktiboak ezinbestekoak dira, eta bide horretan, elkarlana funtsezkoa da» gaineratu du alkateak.




