Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Mugikortasuna eta trafikoa

Udaltzaingoak patinete elektrikoen gaineko zaintza irmoa mantentzen du

2026/04/17

Udaltzaingoa etengabe ari da oinezkoen babesa eta araudi berria betetzen dela bermatzen, eta azkenaldian hainbat patinete elektriko immobilizatu ditu

Beasaingo Udaltzaingoak herriko kaleetan Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuen (MPI) abiadurari dagokionez egiten ari den zaintza lana ezagutarazi nahi du. Ez da neurri puntual bat; aitzitik, Udaltzaingoak ofizioz eta etengabe jarduten du ibilgailu horiek oinezkoentzat sor dezaketen edozein arrisku ezabatzeko. Komunikazio honen arrazoia herritarren kezka soziala eta jasotako kexak dira.

Ibilgailu immobilizatuak

Eguneroko kontrol-jardueraren erakusgarri, Udaltzaingoak legea urratzen zuten hainbat patinete elektriko atzeman eta immobilizatu ditu berriki. Azken hilabetean kanpaina espezifikoen bidez indartu den zaintza aktibo honen helburu nagusia bizikidetza bermatzea eta bide-segurtasuna arriskuan jartzen duten jokabideak errotik etetea da.

Ikuskapen horietan, honako arrazoi hauengatik immobilizatu dira ibilgailuak:

  • Abiadura gehiegizkoa: baimendutako 25 km/h-tik gorako abiaduran ibiltzea.

  • Legezko baldintzak ez betetzea: erantzukizun zibileko asegurua ez izatea.

Araudi zorrotzagoa

Garrantzitsua da MPIen erabiltzaileek jakitea 2026ko urtarrilaren 28an 56/2026 Errege Dekretua argitaratu zenetik ibilgailu horien zirkulazioa araudi zorrotzago baten mende dagoela.

Gaur egun, legez zirkulatzeko derrigorrezkoa da:

  • Ziurtapena eta erregistroa: modeloa ziurtatua egotea eta Ibilgailuen Erregistro Nazionalean inskribatuta egotea.

  • Ikus-identifikazioa: identifikazio-etiketa eramatea.

  • Asegurua: indarrean dagoen erantzukizun zibileko asegurua edukitzea.

Bizikidetzarekiko konpromisoa

Beasaingo Udalak, Udaltzaingoaren bidez, arau-hausteen aurrean irmotasunez jarduteko konpromisoa berresten du. Zaintza-lana zorrotza izaten jarraituko du, ibilgailu pertsonal arin hauen erabilera desegokiak oinezkoen eremuen lasaitasuna ez dezan kaltetu.

Erabiltzaileei ohartarazten zaie Udaltzaingoak bere ohiko presentzia eta kontrolak mantenduko dituela, eta aipatutako arau-hausteek ondorio zuzenak dituztela, besteak beste ibilgailua immobilizatzea eta dagozkion administrazio-zehapenak ezartzea.