Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Mugikortasuna eta trafikoa

Autoa partekatzea saritzen duen udal hobariak jarraipena izango du 2026an

2026/01/12

Partecar ekimenak autoa partekatzea saritzen du, gehienez, 2 euro bidaiako eta 10 bidaia astean. Honi Energia Aurrezpenaren Ziurtagiriak gehitzen zaizkio, gehienez bidaiako 1,5 euro

Beasaingo Udalak Partecar ekimeneko aplikazioaren erabilera sustatzeko berriz ere hobariak martxan jarri ditu urtarrilaren 12tik aurrera. Horretarako Tribbu aplikazioa telefono mugikorrean eduki behar da instalaturik. Bai Beasaingo udal aplikaziotik edo zuzenean Play Store edo App Store bidez, Tribbu aplikazio mugikorrean deskargatu ondoren, erregistratu eta jarraian BEASAIN22N kodea sartu beharko da onurez aprobetxatzeko.

Autoa partekatzeko bultzada

Beasaingo Udala ingurumenarekin eta garapen jasangarriaren helburuekin konprometitutako erakundea da, helburu horiek eragin zuzena baitute guztion ongizatean eta etorkizunarekin. Mugikortasun jasangarriaren alde eginez, autoa partekatzeko egitasmo honi bultzada ematen jarraitzea du xede. Horregatik, berriro sarituko ditu ParteCar - Tribbu aplikazioaren erabiltzaileak. Beasain abiapuntu edo helmuga duten ibilbideetako gidariei zein bidaiariei, %50eko hobaria emango zaie (gehienez 2 € ibilbide eta bidaiari bakoitzeko, eta 10 bidaia astean), sustapenak dirauen bitartean.

Hobari gehigarriak

Udalaren laguntzaz gain, 2025ean pizgarri ekonomikoen bigarren bide bat gehitu zen. Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak Energia Aurrezteko Ziurtagirien Sisteman (CAE) sartu du carpoolinga. Horri esker, bidaiariek 0,04 €/ km lortu ahal izango dute baliozkotutako ibilbide bakoitzean, gehienez 1,50 € bidaia partekatu bakoitzeko.

Hobari hori eskuratzeko, nahikoa da “BBonoa” aktibatzea Tribbu aplikazioan, eta bidaia bakoitzaren hasiera eta amaiera egiaztatzea gidariarekin batera. Aplikazioak, aurrezpen energetikoak ziurtatu eta zuzeneko onura ekonomiko bihurtzen ditu.

Zenbait datu

Partecar ekimenak egun 430 erabiltzaile baino gehiago ditu erregistratuta aplikazioan. Kopuruei dagokionez, 472.000 km-tik gora partekatu dira desplazamenduetan, eta 70.000 kg CO2 eta 225.000 kg NOx baino gehiago eguratsera ez isurtzea lortu da. Guztira 11.654 bidaia partekatu dira ekimena martxan jarri zenetik. Alderdi ekonomikoari dagokionez, ParteCar bitartez 60.000€ euro inguru aurreztu dira erregaian.

Beasaingo Udalak, Tribbul mugikorrentzako aplikazioarekin lankidetzan, ParteCar ekimena jarri zuen abian 2022ko urrian. Beasaindarrek tresna erabilgarri eta erraz baten bidez, egunero lanera, unibertsitatera edo beste helmuga batzuetara egiten dituzten joan-etorrietan autoa partekatzea da aplikazioaren helburua. Honela herriko ibilgailu pribatuen okupazio-tasa hobetuz emisioak eta bidenabar trafikoa murriztea lortzen da. Gastuak partekatzeko aukera bat ere eskaini nahi da, etxeko ekonomiei arnas pixka bat emanez.