Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Mugikortasuna eta trafikoa

Bizikleta aparkaleku seguru berriak Barrendain plazan

2025/12/17

Autobusa zein trena hartzeko bizikletaz Barrendain plazara datozenei, toki seguru bat eskani eta Beasaingo mugikortasun multimodala sustatzeko aurrerapauso bat suposatzen du azpiegitura honek. Zerbitzua app bitartez kudeatzen da eta doakoa da erabilpen bakoitzeko lehen 10 orduetan

Beasaingo Udalak mugikortasun jasangarria sustatzeko duen konpromisoari jarraipena emanez, bizikletaren erabilera errazteko eta bultzatzeko neurri berriak jartzen jarraitzen du. Helburua argia da: udalerri erosoagoa, atseginagoa eta herritarren beharretara egokitua izatea, garraio modu jasangarrien alde eginez .

Estrategia horren barruan, Barrendain plazan bi bizikleta aparkaleku seguru berri jarri dira martxan. Aparkalekuak itxiak dira, bakoitzak sei bizikletentzako lekua du, eta erabiltzaileek aplikazio baten bidez kudeatu ahal izango dituzte. Zerbitzuak lehen 10 orduak doan eskaintzen ditu, bizikletaren erabilera errazteko eta erabilera ohikoago bihurtzeko helburuarekin. Hortik aurrera, orduko 30 zentimoko kostua izango du. 

Aparkalekuak erabiltzeko, euskaraz ere eskuragarri dagoen Don Cicleto mugikorreko applikazioa erabili behar da: Google play eta App Store

Mugikortasun multimodalaren alde

Barrendaineko eremuan garraio publikoko hainbat zerbitzu elkartzen dira, aldirietako trena, ibilbide motz zein luzeko autobusak eta taxiak, besteak beste. Aparkaleku itxi hauekin, Beasaingo puntu desberdinetatik bizikleta bitartez garraio publikoa erabiltzeko gerturatu nahi direnei tresna berri bat eskaintzen die Udalak, bizikleta modu eroso eta seguruan utz dezaten. 

Bizikleta, funtsezko elementua hiri jasangarri baterantz

Udalaren mugikortasun ikuspegian, bizikleta funtsezko elementua da kutsadura murrizteko, trafikoa arintzeko eta bizimodu osasungarriagoa sustatzeko. Horregatik, bizikletentzako azpiegiturak hobetzea eta segurtasuna handitzea lehentasunezko ildoetako bat da. Barrendain plazako aparkaleku berriak norabide horretan emandako beste urrats bat dira, Beasainen mugikortasun jasangarriaren estrategiarekin bat eginez .