Norabide aldaketek herrigunean zirkulazioaren antolaketa eraginkorragoa eta bide-segurtasuna hobetzea ekarriko dute. Aldaketak abenduaren 2an gauzatuko dira eguraldia lagun
Zaldizurretako biribilgunean egin diren moldaketek irisgarritasunean eta garraio publikoaren kalitatean aurrerapausoak ematea dute helburu
Herriguneko norabide aldaketak
Beasaingo Udalak herri-guneko zenbait kaleren norabideak aldatuko ditu trafikoa hobe kudeatzeko eta, bereziki, San Inazio eta Esteban Lasa kaleetatik N-1 errepidera irteera errazteko. Aldi berean, Oriamendi kaletik doazen ibilgailu kopurua murriztea ahalbidetuko da eta Mendeurren - Nafarroa Etorbidearen arteko bidegurutzean, segurtasuna hobetuko da.
Erauskin kaleak norabide berria izango du 4. zenbakia arte: Erauskin plazatik gorantz egingo da. Erauskin kaleko 4. zenbakiko bidegurutzean elizarantz hartu ahal izango da eta Martina Maiz kaletik jaitsi Esteban Lasa kaleraino. Beasainmendira igotzeko aukera mantenduko da 4. zenbakitik gora eginez.
Andre Mari kaletik gora doazen ibilgailuek nahitaez eskuinera biratu beharko dute Martina Maiz kalera, hortik beherantz Esteban Lasa kalera iristeko.
Igartetxe kaleak ere norabidea aldatuko du, eta hemendik aurrera goranzko norabidea izango du.
Mendeurren etorbidean beste aldaketa esanguratsu bat egingo da. Bide gorriaren bidegurutzea puntu beltza denez, Mendeurren etorbidetik Trenbide kalera zirkulazioa debekatuko da. Hortaz, bidegurutzean Nafarroa etorbidetik aurrera jarraitu beharko da; ezin izango da zuzenean Trenbide kalera iritsi. Mendeurren etorbideko 2Ako garajeetako erabiltzaileek, ordea, Trenbide kaletik sartu eta irten beharko dute.
Aldaketen lehen egunetan, udaltzaingoak laguntza eskainiko du gidariak norabide berrietara egokitu daitezen eta trafikoaren kudeaketa arinagoa bermatzeko. Aldaketa guzti hauek behin pintaketa lanak amaitutakoan gauzatuko dira. Abenduaren 2an, arratsaldez aurreikusia dago lan hauek amaituta egotea, betiere eguraldia lagun bada.
“Kaixo eta Agur” eremua eta autobus geraleku berria Zaldizurretan
Zaldizurretako biribilgunean ere bide segurtasuna eta erosotasuna hobetzeko bi esku-hartze gauzatu dira.
Lehenik, “Kaixo eta Agur” izeneko geldialdi laburreko gunea sortu da, aurretik bertan sortzen zen egoera deseroso eta zenbaitetan arriskutsuari irtenbide ordenatua emateko. Autoek gehienez bi minutuz egin ahal izango dute geldialdia eremu berrian, pertsonak jaso edo uzteko espazio seguruan.
Bestetik, Joan Iturralde kaleko autobus geltokia biribilgunean egokitu da. Kokapen berriarekin, aurreko kokalekuan trafikoan eragiten ziren traba eta arriskuak desagertuko dira, eta oraingoan espazio eroso eta seguruagoa eskaintzen die erabiltzaileei.
Udalak gogorarazi du aldaketa hauek mugikortasun jasangarriaren aldeko estrategiaren barne daudela, bide segurtasuna, herritarren ongizatea eta trafikoaren kudeaketa eraginkorra hobetzea helburu.





