Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Mugikortasuna eta trafikoa

Oinezko Metroak Beasaingo leku nagusiak gerturatzen ditu

2025/09/16

Herriko puntu esanguratsuenen arteko oinezko denborak jasotzen dituen mapa handi bat jarri da Barrendain plazan

Helburua herriko desplazamenduak oinez egitea sustazea da, osasuntsua den mugikortasun aktiboaren alde egin eta ustez urruti dauden puntuen inguruko mitoak apurtzeko

Mapa diseinatzeko, nerabeak eta hirugarren adineko herritarrak kosorkuntza tailer batean parte hartu zuten Beasaingo intereseko puntuak lehenetsi eta metro ibilbideak marrazteko

Europako Mugikortasun Astearen harira, Beasaingo Udalak Oinezko Metroa aurkeztu du, herritarren ohiko joan-etorrietan oinezko mugikortasuna sustatzeko asmoz. Ekimen hau udalerri jasangarriago bat eraikitzeko estrategiaren baitan kokatzen da, mugikortasun aktiboa eta osasungarria lehenetsiz.

Herritarren parte hartzearekin

Proiektuaren emaitza Barrendain plazan ikus daiteke dagoeneko. Bertan, tren geltokiaren pareko horman, udalerriko puntu nagusien arteko desplazamenduak oinez egiteko behar diren denborak jasotzen dituen mapa handi bat jarri da. Mapa honek metro-planoen diseinua du eredutzat, informazioa modu eskematiko eta errazean ulertzeko.

Oinezko metroaren ideia Metrominuto izeneko proiektutik eratorria da. Lehen Metrominutoa 2011n sortu zen, Pontevedra hirian oinezkoen mugikortasunari buruzko ideien laborategi baten ondorioz, eta ordutik, hiri ugarik erabaki dute ideia hori mugikortasunari buruzko informazio eskaintzara egokitzea.

Oinezko metroa hau kosorkuntza bidez garatu da, Igartzako jauregian egin zen tailer batean. Jardunaldian, 9 urtetik 16 urte bitarteko herriko ikasleek parte hartu zuten; Lehen Hezkuntzako 3, 4, 5, 6 mailakoak eta DBH 1, 2, 3 eta 4koak (Agenda 2030eko eko-ordezkariak) eta baita hirugarren adineko herritarrak, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko adituen dinamizaziopean. Belaunaldi ezberdinen iritzi eta ekarpenekin udalerriko ibilbide eta leku esanguratsuenak identifikatu ziren, mapa osatzeko oinarri gisa, baita ibilbide nagusiak marraztu ere, metro lerro itxura hartzen dutenak. 

Beasaingo toki esanguratsuenak

Mapa berrian Beasaingo hainbat gune nabarmentzen dira, hala nola: Igartzako jauregia, Loinazko San Martinen Basilika, Sagastiguti parkea, Kultur Etxea, Udaletxea, Murumendi eskola, Alkartasuna Lizeoa, La Salle ikastetxea eta Txindoki Institutua. Gune horien artean oinez egin beharreko denbora kalkulua ageri da, bi abiadura erreferenterekin: 3,5 km/h (adinekoen ibilera-tasa) eta 5 km/h (helduen batez bestekoa).

Ekimen honek helburu du herritarren artean oinezko joan-etorriak erraztea eta sustatzea, herriko mugikortasuna hobetzearekin batera osasuna eta ingurumenaren babesa indartuz. Udal gobernuak nabarmendu du ekimen hau mugikortasun jasangarria sustatzeko estrategiaren barruan kokatzen dela eta herritarren eguneroko bizitzan eragin positiboa izango duela: “Oinezko Metroak beasaindarren eskura jartzen du udalerriko puntu nagusien arteko distantzien eta denboren informazioa, oinez ibiltzea aukera eroso, azkar eta osasungarria dela erakusteko. Herritarrei tresna praktiko eta erabilgarria eskaintzeaz gain, mugikortasun ohiturak aldatzeko urrats garrantzitsua da, ingurumenarekiko errespetua eta bizi-kalitatea hobetuz.”

Webgunean eskuragarri

Barrendain plazaz gain, mapa eskuragarri dago udalaren webgunean Mugikortasuna atalean. 

OINEZKO METROA totem web

oinezko metroa 2024 4

oinezko metroa 2024 2