Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Mugikortasuna eta trafikoa

Udalak hainbat esku-hartze abiatuko ditu herriko mugikortasuna eta bide-segurtasuna hobetzeko

2025/07/21

Espaloietan, bidegurutzetan eta zoladuretan egingo diren hobekuntzak trafikoaren kudeaketa eraginkorra, garraio publikoaren hobekuntza, bide-segurtasun handiagoa eta oinezkoen erosotasuna dute helburu

Zaldizurretako biribilgunean txertatuko den “Kaixo eta Agur” gunea, Joan Iturraldeko autobus geltokiaren leku-aldaketa eta Bernedoeneako aparkaleku berriak izango dira esku-hartze esanguratsuenak ohiko asfaltatze lanetatik haratago

Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planaren gidalerroak jarraitzen dituzte abuztuan hasi eta lau hilabete iraungo duten esku-hartzeek

Udalak abuztuan hasiko diren hainbat esku-hartze iragarri ditu, helburu nagusitzat hartuta herriko mugikortasunaren hobekuntza, trafikoaren kudeaketa eraginkorragoa, bide-segurtasunaren areagotzea eta ibilgailuen zein oinezkoen eguneroko joan-etorriak erraztea.

Lanen iraupena 16 astekoa izango da, eta 468.827,80 euroko aurrekontua izango dute (BEZik gabe). Esku-hartze hauek herriko azpiegituren etengabeko hobekuntza helburu duen udal-konpromisoaren parte dira, eta Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planaren baitan kokatzen dira.

Mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko

Trafikoaren eraginkortasuna areagotu eta garraio publikoa zein oinezko eta bizikleta erabiltzaileen baldintzak hobetzeko, hainbat esku-hartze jarriko dira martxan datozen asteetan. Aipamen berezia merezi dute Zaldizurretako biribilgunean txertatuko den “Kaixo eta Agur” delako geralekua. Egun pertsonak utzi edo jaso egiten den tokia egokituko da erabilpen hau modu seguruan egiteko.

Halaber, Joan Iturralde kaleko autobus geltokia Zaldizurretako biribilgunera pasako da, espaloia irisgarriago bihurtuz eta autobus markesinan eserlekuak jarriz. Bestetik, Bernedoeneako parking-ean Adifen nasa aldean 17 aparkaleku berri sortuko dira.

Ondorioz, toki hauetan egingo dira esku-hartzeak eta moldaketa lanak:

  • Zaldizurretako biribilgunean geraleku segurua gaitzea (“Kaixo & Agur” gunea), zirkulaziorako puntu estrategikoa baita.
  • Iturralde kaleko autobus geltokia lekuz aldatzea eta irisgarritasuna hobetzea.
  • Aparkaleku-plaza berriak sortzea Bernedoenean (osasun-zentroaren ondoan).
  • Igartza Oleta kaleko oinezkoen pasabide berria (Loinatz udal futbol zelaiko parking-erako sarbidearen parean)
  • Iturriotz kaleko 27. zenbakian oinezkoen pasabide berria (zebra bidea). 

Asfaltatze lanak eta bide segurtasuna 

Errepideko zoladuraren baldintzak hobetzeko, urteroko asfaltatze kanpaina egikarituko da. Gainera, asfaltoa berritzeaz gain birak hobetu eta espaloien ertzak egokituko dira trafikoaren kudeaketa eta bidegurutzeetako segurtasuna hobetzeko.

Toki hauetan egingo dira asfaltatze lanak eta bira-moldaketak: Gernika pasealekuko parkinean, Bista Alai kalean (eliz-atzean), Andre Mari eta Martina Maiz kaleen arteko bidegurutzean, Igartetxe kalea, Erauskin kalea, Ikasle Zeharkalea, Bernedoenea parking-a (N-1 era irteera), Garin auzoa (saneamendu-obrak direla eta), Nafarroa Etorbideko bidegorriaren zoladuraren margoketa.

Segurtasuna eta erosotasunaren alde

Esku-hartze hauen bidez, oinez, bizikletaz, garraio publikoan edo ibilgailu pribatuan dabiltzan herritarren segurtasuna eta erosotasuna indartu nahi da. Irisgarritasunaren hobekuntza, espazioen egokitzapena eta zoladura berritzea funtsezkoak dira eguneroko bizimodua hobetzeko. 

Udalak herritarren ulermena eta lankidetza eskertzen du obrak irauten duten bitartean, egindako hobekuntzak herritarren eguneroko bizitzan positiboki eragingo dutela azpimarratuz.

zaldizurretabiribilgunea