Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Azpiegiturak eta zerbitzuak

Barrendain plaza berria herritarren esku irisgarriago, atseginago eta funtzionalago

2026/07/17

Sei hilabeteko lan-epea zorrotz bete ondoren, herritarrek eremu publiko eraberritua erabil dezakete, udalerriaren oinezkoentzako ardatzari jarraitasuna emanez

Mugikortasun aktiboa, jasangarritasuna eta naturalizazioa dira espazio berriaren ardatzak; haur jolasgune naturala eta autobus-geltoki berrantolatuak ditu

Barrendain plaza eraberrituak ateak ireki dizkie beasaindarrei. Sei hilabeteko lan-epea zorrotz bete ondoren, obrak amaitu eta espazio publiko egokitua herritarren esku geratu da, erabilgarri. Eraldaketari esker, lehen ibilgailuei eta garraioari lotutako gunea zena gaur egun eremu irisgarriagoa, atseginagoa eta funtzionalagoa da, pertsonen ongizatea eta komunitatea erdigunean jartzen dituena. Ez da soilik obra bat amaitu; Beasainek herritarrentzako topagune eta elkarbizitzarako plaza bizi berri bat berreskuratu du erdigunean. 

Oinezkoentzako ardatza eta mugikortasun aktiboa

Barrendain plazaren irekierak koherentzia eta jarraipen handiagoa ematen dio Beasaingo oinezkoentzako azpiegiturari. Modu honetan, herriko egituran oinezkoen ardatz jarraitu bat sortzen da, Bideluze, Erauskin, Barrendain eta Igartzako Monumentu Multzoa lotzen dituena. Diseinu berri honek mugikortasun aktiboa, jasangarritasuna eta osasuna sustatzeko irizpideekin bat egiten du, oinezkoei eta herritarren eguneroko erabilerari erabateko lehentasuna emanez.

Ekitaldietarako gunea eta intermodalitate eraginkorra

Plaza eraberria herriko kultur eta gizarte-ekitaldiak jasotzeko diseinatua dago; besteak beste, San Joan sua, dantzak edota nahi ez den bakardadeari aurre egiteko ekimen komunitarioak egiteko gune aproposa izango da.

Intermodalitateari dagokionez, eremua nabarmen berrantolatu da:

  • Autobus geltokiak: Bi geltokitan banatu dira ibilbideen arabera, pilaketak murrizteko eta herrigunetik irteera eraginkorragoa bermatzeko (Madrilerako norabidea Igartza Oletatik bideratuko da, eta Donostiarakoa Zaldizurretatik).
  • Taxi geltokia: Lekuz aldatu eta birkokatu da zerbitzua optimizatzeko.
  • Oinezkoen konexioa: Garmendia Otaola kaletik geltokira iristeko ibilbide zuzenagoa eta seguruagoa egokitu da oinezkoentzat.
  • Bizikleta aparkalekuak: Aparkaleku gehigarriak jarri dira mugikortasun jasangarria errazteko.

Hirigunearen naturalizazioa eta jasangarritasuna

Ingurumena eta jasangarritasuna proiektuaren erdigunean egon dira. Birbilgunearen eremuko asfaltoa kendu egin da, oinezkoentzako azalera eta berdeguneak berreskuratuz. Argiteriari dagokionez, LED teknologia berria jarri da eremu osoan, kontsumoa gutxitzeko.

Haur jolasgunea egurrezko elementuekin diseinatu da, naturari keinu eginez eta material artifizialak saihestuz. Adin desberdinetako haurrentzako jolas irisgarriak txertatu dira. Gainera, lehendik zegoen zuhaiztia mantendu egin denez, jolasguneak "bero-irla" efektua murrizten du, itzala eta aire garbiagoa eskainiz.

Gaur egun, belarra jarri da espaloietako alkorkeetan behineko neurri gisa, eta Garmendia Otaolako zein plazaren perimetroko jardinera berriak prest daude. Udazkenean, sasoia denean, zuhaitz landaketa berriak egingo dira Barrendain eta Garmendia Otaola eremuetan.

Hurrengo urratsak eta inaugurazio instituzionala

Plaza irekita eta erabilgarri badago ere, datozen asteetan azken xehetasunak osatuko dira, hala nola palmeren inguruko oholtza jartzea, esne makinaren eremuan mahaiak eta aulkiak kokatzea, eta herritarrei informazioa emateko pantaila digital bikoitza instalatzea.

Behin lan horiek eta udazkeneko zuhaitz-landaketak amaituta, inaugurazio instituzionala urrian egitea aurreikusten da.

Udalak esker ona adierazi nahi die herritarrei sei hilabete hauetan izandako pazientziagatik eta barkamena sortutako eragozpenengatik. Era berean, gogorarazi nahi du plaza honen diseinu berria herritarren parte-hartze prozesu zabal eta aberasgarri baten emaitza dela, beasaindarren beharrei erantzuteko sortua.

barrendain ireki 11