Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Udal gobernua

Etorkizuneko herri-eredua finkatua Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren behin-behineko onarpenarekin

2026/07/06

Plangintza berriak epe laburrerako beharrak epe luzerako hiri-ikuspegiarekin uztartzen ditu, eta etxebizitza erronkari erantzuteko 1.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzea ahalbidetuko du

Osoko Bilkurak sexu-jazarpenari aurre egiteko barne-protokoloa, 2025eko Kontu Orokorra eta Foruen abolizioaren inguruko mozioa ere babestu ditu

Beasaingo Udalbatzak udalerriaren garapen iraunkor eta ordenatua gidatuko duen funtsezko tresna berritu du: Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO). Ekaineko ohiko osoko bilkuran, udal gobernuak aurkeztutako dokumentuak behin-behineko onespena jaso du, aldeko 9 bozkarekin (EAJ), kontrako 2rekin (PSE) eta 5 abstentziorekin (4 EH Bildu eta 1 Elkarrekin Podemos). HAPOa, hirigintzaren bitartez herri-eredua, berdeguneak, ekipamenduak, etxebizitza garapenak eta beste hainbat erabilera zehazten dituen oinarrizko dokumentua da, herritarren bizi-kalitatea hobetzea helburu duena. Plan nagusi honekin batera, Udalak berdintasunaren, ekonomiaren eta oroimen historikoaren alorreko beste hainbat akordio garrantzitsu erdietsi ditu.

1.000 etxebizitza baino gehiago eta trenbidearen berrantolaketa

Behin-behineko onespena jaso duen HAPO berriak Beasain modernoago eta kohesionatuago baten aldeko apustua egiten du. Planak bi agertoki nagusi aurreikusten ditu herriaren garapenerako.

Indarraldiaren lehen erdian hirigunea indartu eta etxebizitza premia urgenteei erantzungo zaie, guztira 438 etxebizitza berri aurreikusiz jada martxan dagoen Fleming-ekoari gehituko zaizkionak.  Garapen hauen artean, Ugartemendiko sektorean ehuneko ehunean alokairu publikora bideratuko diren 94 etxebizitza aurreikusten dira. Antzizar I eremuan 44 etxebizitza berri txertatuko dira eta Arangoitin beste 12, bi kasuetan ehuneko 40 babestuak izango direlarik. Horretaz gain, Alde Zaharra eremuan eraikigarritasun igoerari esker  guztira 81 etxebizitza gehigarri merkaturatzeko aukera ahalbidetuko da.

Landa-auzoetan, biztanleria mantentzeko eta despopulazioa saihesteko, gaur egungo baserrietan segregazioak egiteko baldintzak malgutuko dira 47 etxebizitza lortuz, eta etxebizitza garapen berriei ere bidea irekiko zaie Arriaranen 24, Garinen 16, Matxinbentan 4 eta Astigarretan 2 etxebizitza berrirekin. 

Planaren bigarren erdian, epe luzerako erronka handiari heltzea da asmoa: egungo burdinbidea desagertarazi eta trenbidearen ibilbidea N1 errepidearen ondora eraman. Trenbidearen Zabalgunean 600 etxebizitza berri proposatzen dira, horietatik ehuneko 45 babes publikokoak, eta inguru horretan gune berdeak, plazak, zerbitzuak, geltoki intermodal bat eta N1 etik sarbide berriak sortuko lirateke, besteak beste.

HAPOaren indarraldi osoan 1.038 etxebizitza berri proposatzen dira eta, alde zaharreko birgaitze desberdinei esker, zifra hori 1.063ra iritsiko litzateke. Hurrengo urratsei dagokienez, dokumentua dagokien erakundeei bidaliko zaie azken txostenak egin ditzaten, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren behin betiko onespena eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea izango dira azken urratsak HAPOa erabat indarrean jarri dadin.

Indarkeria matxistaren aurkako protokoloa

Udalbatzak aho batez onartu du Beasaingo Udalaren sexu-jazarpenari, sexu- eta genero-arrazoiengatiko jazarpenari eta beste indarkeria matxistei aurre egiteko barne-protokoloa. Tresna honek udal langile guztien oinarrizko eskubideak babestea du helburu, lan-ingurune segurua bermatuz. Protokoloak salaketak kudeatzeko prozedura argi eta azkar bat ezartzen du, konfidentzialtasuna, inpartzialtasuna eta biktimen babes osoa ziurtatuz herri administrazioaren esparruan.

Udal finantza osasuntsuak eta zorrik gabea

Ekonomiaren alorrean, 2025eko Kontu Orokorra aho batez onartu da. Kontuhartzailetza txostenaren arabera, Udalak finantza egoera oso sendoa erakusten du, erabat zorrik gabe. Diruzaintzako gerakina gastu orokorretarako 24,2 milioi eurokoa da. Arau fiskalak berraktibatu diren urte honetan egonkortasun legea erabat bete da, urtea 1,19 milioi euroko superabitarekin itxi baita. 

Gastu aipagarrien artean, 2025ean amaitutako San Inazio-Esteban Lasa kaleen berrurbanizazioa (2,4 milioi euro) edo Estandako hondar beroa aprobetxatzeko azpiegitura (1,06 milioi euro) nabarmentzen dira, bai eta Barrendain plaza eraberritzeko hasitako lanak ere (1,6 milioi euro).

Foruen abolizioaren eta Alkateen Mugimenduaren oroimena

Azkenik, Udalbatzak udal mozio bat onartu du 2026. urtean betetzen diren bi efemeride garrantzitsu gogoratzeko: 1876ko Foruen abolizioaren 150. urteurrena eta 1976ko Bergarako Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrena. Mozioak EAJ eta EH Bilduren aldeko 13 bozkak jaso ditu, Elkarrekin Podemosen abstentzioa (1) eta PSEren aurkako 2 bozkak. Testuak euskal lurraldeen eskubide historikoen eta autogobernuaren defentsa egiten du, udalerriek herriaren borondate demokratikoa adierazteko duten funtsezko papera aldarrikatuz eta uztailaren 19an Bergaran egingo den ekitaldi instituzionalarekin bat eginez.