Udalbatzak 2026ko Gizarte Larrialdietarako Laguntzen banaketa (GLL) irizpideak finkatu ditu
Uraren eta zaborraren tasak nahiz kiroldegiko tarifak arintzeko laguntzak eta 16 urte arteko haurren gizarteratze kultural eta kiroletakoa bermatzeko lerro berriak ere onartu ditu udalbatzak
Ingurumena eta mugikortasun jasangarriaren aldeko hiru kontratazio nagusi onartu ditu Gobernu Batzordeak
Beasaingo Udalbatzak, maiatzeko osoko bilkuran, herritarren bizi-duintasuna, gizarte-kohesioa eta aukera-berdintasuna bermatzea helburu duten gizarte-politika garrantzitsuak eraman ditu aurrera. Saioan aztertutako eta aho batez onartutako gai nagusiek babes-sare zabal bat egituratzea dute xede, zailtasun ekonomiko gehien dituzten kolektibo eta familiei zuzenean eraginez. Udal gobernuaren borondatea da desberdintasun ekonomikoak gainditzea, pertsonen autonomia indartzea eta herritar guztiei ingurune inklusibo bat eskaintzea, batez ere gaur egungo egoera ekonomikoak gehien kolpatzen dituen herritarrengan fokua jarriz.
Gizarte Larrialdietarako Laguntzak
Bazterkeria-arriskua prebenitzeko, bizikidetza-unitateen egoera arintzeko eta gizarteratzea errazteko funtsezko erreminta diren Gizarte Larrialdietarako Laguntzak banatzeko (GLL) 2026ko udal irizpideak aho batez onartu dira. Aurten, Eusko Jaurlaritzak martxoaren 31ko aginduz Beasain herrirako 162.083 €-ko muga ezarri badu ere, Udalak bere ekimenez eta herritarrekiko konpromisoagatik partida hori mantentzea erabaki du, eta bere aurrekontu propioetan izendatutako 164.899 €-ko zenbateko osoa mantenduko du.
Laguntza hauen bitartez, herritarrek etxebizitzari eta oinarrizko beharrei lotutako gastu nagusiei aurre egiteko babes zuzena jasoko dute. Ordaindu beharreko kontzeptuak eta gehieneko zenbatekoak lehentasun-ordenaren arabera finkatu dira herritarren eguneroko lasaitasuna bermatzeko:
- Alokairu gastuak: Gehienez 300 € hilabetean (2022ko 250 €-ko mugaren aldean hobetua, gaur egungo emantzipazio eta bizitoki kostuetara egokitzeko).
- Etxebizitza maileguak (Hipoteka): 300 € hilabetean, ohiko etxebizitzaren interesak eta amortizazioa ordaintzeko.
- Energia gastuak: 125 € hilabetean guztira, pobrezia energetikoari aurre egiteko (gas hornikuntzarako 50 € eta argindarrerako 75 €).
- Oinarrizko premiak: Eguneroko gastuetarako gehienez 2.500 € urtean; betaurrekoak ordaintzeko 250 € pertsonako eta dentista gastuetarako 600 € elkarbizitza unitate bakoitzeko.
- Altzariak, etxe-tresnak eta etxebizitzaren egokitzapena: 1.850 € urteko, ohiko etxebizitzaren konponketa edo oinarrizko instalazio berriak bultzatzeko.
Ura, zabor tasak eta kiroldegiko tarifak arintzeko laguntzak: eskaerak irailetik aurrera
Beasaingo herritar talde behartsuenen karga ekonomikoa zuzenean murrizteko konpromisoari jarraituz, ohiko etxebizitzako uraren eta zaborraren udal-tasak eta udal kiroldegiko zerbitzuak erabiltzeagatiko tarifak ordaintzeko laguntzak onartu dira. Herritarrentzako ohar garrantzitsu gisa azpimarratu da eskaerak irailaren 1etik 30era bitartean egin beharko direla.
Dirulaguntzen kopurua eskatzaileen diru-sarreren arabera neurtuko da, babesa behar handiena dutenengana iritsi dadin:
- Ura eta zabor tasak: Gastuaren %100 (gehienez 600 €), %75 (gehienez 500 €) edo %50 (gehienez 400 €) estaliko da, eskatzaileak GLLko baremo eta muga ekonomikoetan duen kokapenaren arabera.
- Udal kiroldegia: Udako sasoian osasuna eta kirola guztiontzat eskuragarri egon daitezen, ekainetik irailera bitarteko tarifak bakarrik lagunduko dira diruz. Mugen barruan daudenek gastuaren %80 jasoko dute, eta diru-sarrera argi jakin batzuk dituztenek %50eko laguntza edukiko dute.
Haur eta nerabeen gizarteratzea eta eskolaz kanpoko jarduerak sustatzeko lerro berria
Aukera-berdintasunean eta haurren garapenean urrats berri eta sakon bat emanez, Udalak 10.000 €-ko kredituarekin lerro berezi bat sortu du zailtasun ekonomikoak dituzten 16 urte arteko haur eta nerabeentzat. Honen bidez, herriko irabaziasmorik gabeko elkarteek antolatutako euskarazko kultura, kirol eta aisialdi jardueretan parte hartu ahal izatea bermatu nahi da, egoera ekonomikoak inor baztertu ez dezan.
Jardueraren %100 ordainduko zaie Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) edo Gutxienezko Diru-sarrera jasotzen duten familiei. Laguntza modu eraginkorrean aprobetxatzeko, diruz lagundutako jardueran gutxienez %75eko asistentzia bermatu beharko da. Dirulaguntzak eskatzeko azken eguna uztailaren 1a izango da, ikasturte honetako jarduerak direlako lagunduko direnak.
Mozioen atala
Udalbatzaren osoko bilkurak, aurkeztu ziren bi mozio aztertu zituen, bata memoria demokratikoaren inguruan eta bestea Baxoaren ingurukoa.
Memoria Demokratikoaren aldeko mozioa (Podemos): Alderdiaren proposamena puntuz puntu bozkatu zen eta lehen hiru puntuak bakarrik onartu ziren aho batez. Puntu horien bidez, Beasaingo Udalak bere konpromisoa berresten du memoria demokratikoarekin eta giza eskubideekin; 1931n modu demokratikoan hautatutako udal korporazioa aitortu eta omenduko du.
Baxoaren inguruko mozioa (Udal Gobernua): Aho batez onartu den mozio honek Ipar Euskal Herriko ikasleei sostengua ematea du helburu. Finean, Frantziako Hezkuntza Ministerioari eskatzen zaio herriko eta inguruko gazteek Baxoko (Frantziako Unibertsitaterako sartzeko azterketa) matematika eta ahozko probak euskaraz egin ahal izatea, ikasleek urte osoan hizkuntza horretan ikasi dutelako eta azterketak euskaraz egiteko eskubidea dutelako.
Mugikortasun jasangarriari eta ingurumenari lotutako hiru kontratazio
Beasaingo Udaleko Gobernu Batzordeak herriko azpiegiturak modernizatzeko, ingurumena zaintzeko eta mugikortasun jasangarria sustatzeko funtsezkoak diren hiru kontratazio lerro onartu ditu bere azken bileran, herritarren bizi-kalitatea eta trantsizio ekologikoa erdigunean jarriz. Alde batetik, aho batez onartu da Oria ibaiaren iparraldeko ertzean oinezkoentzako ibilbide irisgarri bat sortzeko "Zumadi-Bernedo" erribera-pasealekuaren urbanizazio proiektua. Lanak 3 hilabeteko epean amaitu beharko dira , 278.142,43 €-ko aurrekontuarekin.
Bestetik, ibaiaren eremu naturala babesteko helburuz, Agauntza, Estanda eta Oria ibaietako 8 kilometrotan landare inbaditzaileak erauztea eta zaborra garbitzeko zerbitzua ere aho batez onartu da. Urtean gutxienez 800 lan-ordu bermatuko dituen kontratu honek biodibertsitatea leheneratzea du helburu (ibaia bertako 100 landarerekin berrituz ), eta herritarrentzako auzolan jardunaldiak nahiz ibilaldi gidatuak barne hartuko ditu.
Azkenik, mugikortasun jasangarria herritarrei eta udal langileei gerturatzeko, ibilgailu elektrikoen erabilera partekatuko zerbitzua (Car Sharing) lizitatzea onartu da 3 urterako. Kontratazio honek Udal Gobernuaren aldeko botoak jaso ditu, EH Bilduk aurka bozkatu du eta PSE-EE nahiz Podemos abstenitu egin dira.



